Altunak etsi eta Artolak sinetsi

Artolak eta Albisuk, 22-21 irabazi zioten Altuna III.ak eta Rezustak osatutako bikoteari, atzo, Donostia Hiria txapelketako finalean. Gorriak, faborito garbiak ziren, eta erdialdera, hamabi tantoren aldearekin heldu ziren (16-4). Azkenean, bien arteko gaizki ulertu batek, lehen postutik at utzi zituen.

Lehia borrokatua eta luzea espero zen, atzo gauean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Halaxe izan zen. Jendetza izugarria bildu zen bertan, gehienak eskualdeko herritarrak ziren, Alegiako zein Amezketako pilotariei animatzera joandakoak. Errebotean eta goiko aulkietan, gazteak nagusi. Eta kantxan, partida nahasia. Borrokatua eta tentsio handikoa amaieran, baina orokorrean, nahasia.

Gorriak ziren faborito apustuetan. Normala, izan ere, bikote bezala, zortzi partida jarraian irabazita iritsi ziren. Hortaz, bederatzigarrenean ere, beraiek irabaztea espero zuten askok. Gainera, Artolak udaran izan duen aktibitate urria eta Albisuren jokamolde gorabeheratsua kontuan hartuta, urdinek, garaikurra etxera eramateko, lan handiak izango zituztela esaten zen.

Baina azkenean tanto bakarreko aldea markagailuan. Eta agian, Artola amaierara freskoago heldu zelako, eta Rezustak pilota gutxiago gozatu zuelako. Auskalo zergatik. Baina, atzokoan garbi ikusi zen, sinisten denean, guztia posible dela. Izan ere, 16-4 eta 18-8 joan ziren atzetik urdinak. Orduan etorri zen alegiako aurrelariaren susperraldia. Airez, sakez edota atzean tantoak pilatzen hasi eta gorriak hogeigarrena egin ondoren, hemeretziraino joan ziren, 5 tanto jarraian eginda.

Amaiera izugarria

Azken 4 tantoetan, ordura arte finalak izan ez zuen tentsioa nagusitu zen, gehienbat Altuna-Rezusta bikotearengan. Bazirudien tantoa azkar amaituta, finala irabazi nahi zutela, baina alegiarrak eta ataundarrak ez zuten amore eman, eta beraiek izan ziren nagusi azken zatian. Albisuk ez zuen pilotarik galdu, eta zetorkion guztia frontisean jartzea lortu zuen. Rezusta, berriz, justuago iritsi zen azken tantoetara, eta pilotari ere ez zion berezkoa duen indarrarekin ematen.

Azken tantoa, berriz, emozio handikoa izan zen. Artolak izan zuen aukera lehenago ere hogeita bigarrena egiteko, baina, Amezketako aurrelariak bikain defendatu zuen. Hala ere, bera izan zen azken pilotakadan huts egin zuena. Etsi egin behar izan zuen. Bazirudien errematatzeko aukerako pilota zuela, Artola gainera txokoan salduta zegoen, baina keinu egin, eta aurrelariaren errematearen zain zegoen Rezusta, berandu abiatu zen pilota horrengana. Azkenean, eramaterik ez, eta garaipena, Asegarce enpresako bikotearentzat. Iñaki eta Jon Anderren poza, izugarria. Saltoka joan ziren elkarri besarkatzera.

Ondorioz, Atariak argitaratutako inkestako parte hartzaile guztiek, argi zuten lehia estua izango zela. Bertan, ez baitzen faborito argirik egon. Zapore gazi-gozoa, beraz, eskualdeko bi kirolarientzat. Iñaki Artolak, orain, garaipenaz gozatzen jarraituko du, baita amaieran eman zioten pilotari onenaren garaikurrarekin ere. Jokin Altunak, berriz, bihar jokatuko du hurrengo partida, Lekeitioko San Antolin festetako txapelketan. Finalerdian, Elezkano II.a eta atzo lagun izan zuen Rezusta izango ditu aurkari, eta kasu honetan, Merino II.ak jokatuko du amezketarrarekin batera.

Partidako datuak:
Pilotakadak: 508.
Iraupena: 62 minutu.
Egindakoak: 11 Altuna III.ak eta 12 Artolak.
Galdutakoak: 4 Altuna III.ak, 5 Rezustak, 4 Artolak eta 5 Albisuk.
Partzialak: 3-0/3-1/6-1/6-3/11-3/11-4/16-4/16-5/17-5/17-8/18-8/18-11/19-11/19-14/20-14/20-19/21-19 eta 21-22.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!