Euskal Herriko Zirkuituko lasterketa jokatuko da Ibarran irailaren 9an

Ataria 2017ko abu. 30a, 09:46

Larunbat honetan hasiko da Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua eta hamar proba izango dira guztira. Horietako bi eskualdean jokatuko dira: irailaren 9an Ibarran eta urriaren 22an Amasan.

Larunbat honetan jokatuko da Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko lehenengo proba puntuagarria, Beasaineko Igartza auzoan. Hamar probek osatuko dute zirkuitua; sei Gipuzkoan dira eta lau Bizkaian. Tolosaldean, bi lasterketa jokatuko dira: hurrengo larunbatean Ibarran jokatuko da, eta bestea, Amasan urriaren 22an. XXV. urtez jarraian izango da Amasakoa, eta Euskal Herriko txapelketa jokatuko da bertan.

Berrikuntzak

Euskal Herriko zirkuituari dagokionean, proba guztietan aurten bikoteka edo erreleboka parte hartzeko aukera izango da. Erreleboetan aterako diren bikoteek aparteko sailkapen bat izango dute eta denboraldi amaieran puntu gehien duen bikoteak txapela jasoko du. Proba bakoitzean ere saria egongo da bikote irabazlearentzat. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, bikotekideak ezingo dira aldatu eta bietako batek proba batera joaterik ezingo ez balu, bigarren kideak proba osorik egin beharko luke, «bestela, proba horretan 0 puntu izango lituzkete». Sailkapen orokorrari begira, bikote irabazleak 10 puntu jasoko ditu, bigarrenak 9, hirugarrenak 8… «eta hamargarrenetik aurrera, guztiek puntu bana». Lehenengo bikote mistoak 3 puntu «extra» jasoko ditu, bigarrenak bi eta hirugarrenak bat.

Beste berrikuntza bat ere bada aurten: taldekako puntuazioari dagokionean, iaz bezala, taldeko hiru lehenengoen (neska edo mutil) denborak batuko dira sailkapena egiteko, «baina taldekidea den neska lehena izan bada emakumezkoen sailkapen orokorrean, bere taldeari 3 puntu extra gehituko zaizkio, bigarrena bada 2 eta atzerago geratu bada puntu 1».

Mendi duatloi zirkuitua hamar proba 

  • Larunbatean. Beasainen, Igartza auzoan.
  • Irailaren 9an. Ibarran (Gip.). Irailaren 16an. Zeanurin (Biz.).
  • Irailaren 23an. Urduñan (Biz.).
  • Irailaren 30ean. Beasainen, Arriaran auzoan.
  • Urriaren 7an. Ean (Biz.). Urriaren 14an. Usansolon (Biz.).
  • Urriaren 22an. Amasan (Gip.). Euskal Herriko txapelketa jokatuko da.
  • Azaroaren 5ean. Zegaman.
  • Azaroaren 18an. Getarian (Gip.).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!