[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] «Zapalduta jarraitzen dugu»

I. Terradillos / J. Artutxa 2017ko abu. 14a, 09:07
Manu Ayerza eta Ibai Julian aita-semeak. IÑIGO TERRADILLOS

Tolosaldean auziperatuta dauden bost gazteetako bik, gaur izango dute epaiketa, Limousin etxearen okupazio saiakeraren harira; Intxurre tabernako atxilotutakoek, uztailaren 13an jakingo dute emaitza.

Ederki oroitzen da Ibai Julian, duela bi urteko inauterietan gertatutakoaz. Intxurre taberna inguruan, bi pertsonen arteko borroka batekin, hasi zen guztia. «Ertzaintzaren lau auto inguratu eta, bertako liskarra konpontzean, taberna atarira hurbildu ziren». 02:00ak aldera gertatu zen, eta beraz, jende asko zegoen bertan, gehienak berotuta. «Tentsio handiko uneak bizi izan ziren orduan, inoiz sortu behar ez luketenak».

Ondorioz, karga polizial bat egon zen, eta zaurituak izan ziren bi aldeetan. Ertzaintza taberna husten hasi zenean atxilotu zituzten beste bi kideak. «Ni, berriz, 07:00ak aldera, etxean atxilotu ninduten», dio Julianek, eta jarraitzen du, «muntai polizial guztia eraiki zuten, jipoitu zutenak gu izan ginelakoan». Ordutik hona, bi urte eta erdi igaro dira. Orduan, ahozko epaiketa ireki zuten, frogak eta lekukoak biltzeko asmoz. Epe honetan, egoera salatzen eta herritarrei mezua zabaltzen aritu dira, egoera neurrigabea izan dela azaltzen. «Hau guztia igarotzean, egoera gizarteratzea beharrezkoa zela uste genuen», diote.

Horregatik sortu zituzten bi plataformak, Gazteak Kalean taldea eta Garden Guraso elkartea. Manu Ayerzaren ustez, «oraindik ere, arlo edo adin-tarte bat ukitu gabe zegoela nabaritzen genuen, eta guri dagokigu hori guztia egitea; sentimenduetatik mugitzen garen pertsonak gara». Eta horrela hasi ziren. «Semeengatik arazo honetara heldu gara, eta gurasoak garen aldetik inplikatuta gaude». Tolosan, jarrera ona jaso dute oraingoz.

HERRITARREN BABES TXIKIA

Epaiketak amaitzean ere, aurrera jarraituko dute gazteek. Izan ere, Ertzaintzaren jarrera eta zenbait alderdi politikoren mugimenduak ikusita, «horrelako gertaerak geroz eta gehiago izango direla» uste dute, eta hemendik aurrera ere, beraien beharra egongo dela.

Honi guztiari erantzun bat emateko asmoz, eragile sozialei atxikimendu bat bidali diete, zenbait erakundek sinatua. Larunbatetan ere sinadurak biltzen aritzen dira, Tolosan, Trianguloa inguruan. «Horrelakoetan, jende ugari hurbiltzen zaigu kezkaturik, ea zer gertatzen den jakin nahian», dio Ayerzak. «Gehienek kartzela zigorrengatik hitz egiten dute, baina ez dugu ahaztu behar, badirela ere isun politikoak». Tolosan, 70 pertsona baino gehiagok ordaindu dute 600 euroko isuna, Ezpala gaztetxeko eserialdian parte hartzeagatik ezarri zaiena.

«Nire ustez, erantzun edo babes herritarra ez da izan, berez izan beharko lukeenaren berdina, ez behintzat gertatu dena jakinda», dio Julianek, «eta askoz handiagoa izan beharko luke». Beraien ustez, gai polizial hau ere ez dute lortu guztiz azaleratzea, «nahi edo ez, guk ere eragin sozial mugatuagoa dugulako». Beraien kasuan, babes hori ematera, «betiko jendea» inguratu zaiela adierazi dute. «Iritzi publikoa gure alde dago, baina praktika herritarra geldirik dago, ez batera, ez bestera».

Intxurren atxilotutako hiru gazteei ezarritako espetxe zigorrari dagokionez, Julianek dio, Audientzia Nazionaletik at kokatuz, Audientzia Probintzialetik horrelako eskaera bat inoiz ikusi gabe zegoela. «Orkatila okertzeagatik sei urte eskatzen dizkigute. Hori larria da, eta horregatik diot babesa beharrezkoa dela».

Ayerzaren kasuan, urteetan bizi izan ditu zigor ezartzeak, baina hala ere, «handiegiak» iruditzen zaizkio isunak. «Duela urte batzuk, banda armatuko kide izateagatik ere, sei urteko espetxe zigorra eskatzen zuten, eta hori ezin da ahaztu. Argi dago gertatu behar ez ziren gertakizun batzuk egon zirela, eta nik uste oso argi dagoela zeinen esku zegoen hori ez gertatzea». Beraien aldetik gauzak pixka bat baretu eta lasaitu direla uste dute, eta Julianekin bat dator, «gauzak guztiz desproportzionatuta» daudela esaterakoan.

ERREPRESIO HANDIA

«Nik errepresioa argi ulertzen dut; zapalduta jarraitzen dugu», dio Julianek. Altxatu eta alternatibak eraikitzen diharduten eragile eta taldeek, bakoitzak bere modura, errepresioa jasotzen duela aldarrikatzen du, Altsasuko kasuan adibidez. «Guk modu honetan jaso dugu, eta jasotzen jarraituko dugu, bai gaur, bai bihar, baita etzi ere». Hori «normala eta ulerterraza» dela uste du, eta beti horrela izango dela.

Altsasuko egoera aztertzen jarrita, berriki, bertako gazte bat isolatu dutela aipatu dute. «Zer lortu nahi dute horrekin? Gazteriari presioa areagotzea. Eta zer gertatzen da hemen? Ez dagoela erantzunik. Eta erantzunik jasotzen ez denean, indar handiagoz erantzuten dute, ausartagoak sentituz, astakeria handiagoak egitera iritsi arte».

Julianen kasuan, epaiketa uztailaren 13an izango du. Lehenik, abokatuarekin egin dute bilkura, egoera juridikoa aztertzeko. Bai zigorra betetzeko, baita libre geratzeko aukerak dituzte. Beraz, guztia emateko aurrera begira jarraituko dutela aitortu du. «Une honetan, gauzak hausnartu behar dira, lasai hartu, presarik gabe, ikusi zein den egoera, eta zerk baldintzatzen gaituen, gero, erabili beharreko estrategia juridiko egokiena aukeratu ahal izateko», dio gazteak.

GAUR, BESTE EPAIKETA BAT

Limousin etxeko okupazioaren harira, eserialdian parte hartzeagatik, bi gazte daude auziperatuta, eta gaur izango dute epaiketa. «Horien kasua ez da berdina, lasaiago daude; urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen diete, eta eskaera horrek bi urteko langa igarotzen ez duenez, ez dute kartzelan sartzeko arriskurik», dio Julianek. Hauen kasua, aurrekoena baino dinamikoagoa izan da, duela urtebeteko kontua delako. «Gogotsu ikusten ditut, eta lanean, egoera hau salatzeko eta honi guztiari buelta eman ahal izateko. Hala ere, esan beharra dago, pertsonalki asko eragin diela honek guztiak».

Aita-semeek, herritarrei mezu bat transmititu nahi izan diete, kontzientziatu nahian. Ayerza Garden Guraso Elkarteko kidea da eta bere hitzetan, «inork ez pentsatzeko beti saltsan daudenak zerbait egingo dutela. Mugitzen denak jipoia jasotzen du eta hori onartezina da». Aldiz, Gazteak Kalean taldeko kidea da Julian, eta bere esanetan, «egoera honen irtenbidea, eredu politiko berri bat eraikitzea da. Bestela, hemendik urte batzuetara, ezinezkoa izango da horrelako egoerak ekiditea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!