Everestek haina metro egiteko, Asteasutik Larraulera bizikletan

Hodei, Larraulgo plazan, herritarrek jarritako pankartaren azpian eta bere datuak biltzen dituen arbela alboan duela. JOSU ARTUTXA

Odei Gil Migueliz larrauldarra da erronka honen protagonista. 29 aldiz igo beharko du Asteasutik hasi eta Larraulgo azken baserrira heldu arte. Goizeko 6:00etan hasi da, eta iluntzeko 21:00ak bitarte ariko da pedalkadak ematen.

Everesting challenge. Kirolari afizionatu askok, akaso ezagutuko dute Youtubeko erronka berri hau. Larrauldarraren esanetan, "modan" dagoen gauza bat da, eta bere kasuan, 313 metroko desnibela duen malda igotzen ari da. Gero, malda horretako desnibel positiboaren metroak gehitu beharko ditu, munduko tontor altuenaren (8884 metro) neurrira heldu arte. Beraz, 29 aldiz igo beharko du herriko azken baserrira arte.

Arratsaldeko 15:00etarako, 18 aldiz igo du aldapa. "Lehen atsedenaldia hartzera, 4400 metroak burutzean geratu naiz, eta ordura arte, Hondarribiatik, Azpeititik edota Larrauldik bertatik animatu zaizkit txirrindulariak, maldan gora animoak emateko helburuarekin", aitortu du. Eguerdiko ordu gogorrenetan, ordea, bakarrik igo behar izan du aldapa zenbaitetan, beroak gehien jotzen zuenean, bigarren atsedenaldia hartu duen arte.

Youtubeko erronka bat izanik, guztia grabatu behar du, publikoki azaleratzeko. Asteartean, gainera, Mongoliara bidaiatuko du, bertako lasterketa batean parte hartzeko; hortaz, gaurko erronka, entrenamendu moduko bat izaten ari da berarentzat. "Lehendik ere pentsatuta nuen horrelako zerbait egitea, erronka honen erdia eginda daukat gainera. Baina, orain ohartu naiz desafio gogorrak gustatzen zaizkidala eta gehiago egingo ditut aurrerantzean", esan du elkarrizketa amaitzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!