Berdetik berdera

Naiara Roldan de Aranguiz 2017ko abu. 3a, 11:55

Tolosaldeak kolore bat baldin badu berdea dela ezin zalantzan jarri. Berdetik berdera, tonu ezberdinak pasaz, eskualdea ikusteko eta ulertzeko modua ere bada. Tolosaldea eta natura binomioa berdetasun horren erakusle dira. 

Tolosaldea maisutasunez zainduta dago, sakoneko eremura begira daude eskualdeko tontorrak. Goitik beherako ikuspuntua, eremu zabal berdearena, izango du bisitariak Txindoki, Hernio edo Uzturre bezalako gailurrak menderatuta. Gora iritsi bitarteko bide malkartsuak disfrutatu zein sufritzekoak dira natura maite duen mendizale horrentzat. 

Aparteko begiratoki horietatik, kapa berdea naturala izateaz gainera, landutakoa ere badela konturatuko da bisitaria. Eskualdeko baserritarrek badute erantzukizuna Tolosaldeak aurkezturiko argazki panoramiko horretan. Baratzeak, baserriak, soroak, animaliak nekez azalduko lirateke argazkian baserritarren lanik gabe. 

Berde kolorea goitik begirada batean atzemateko modua aurkeztu badugu ere, gertutik ikusteko tenorea ere zabalduko diogu bisitariari. Aldapa luzeak alde batera utzi eta ibilbide eramangarriagoak ere baditu Tolosaldeak mendi inguruan galtzeko. Galtzeko baino, bidean jartzeko. 

Hamaika aukeren artean hiru adibide baino ez dira ondorengoak: Abaltzisketa eta Larraitz lotzen dituen bide irisgarria, Alkizako baserri-paisaiaren ibilbidea edota Ibiur urtegia inguratzen duena. Lehenengoaren hormigoi armatuzko lurzoruak haur kotxeekin edo gurpildun aulkiekin paseatzeko aukera ematen du; bigarrengoak baserri-paisaien inguruko gogoeta bultzatzeko xedea du eta hirugarrengoan berdearen argitasunak uraren sakontasunarekin bat egingo du, bidea freskatuz. 

Uretara gerturatzeko beste bidea, ibaiak berak emango dio txangozaleari. Oria ibaiaren berreskuratze lanek txorien bistaratzea ahalbidetzeaz gain, ur kiroletan trebatzeko aukera ere ahalbidetu dute. Tolosako Zerkausiaren inguruko zonaldea horren testigu. 

Berdetik berderako bide honetan, berdetasuna mantentzeko ezinbesteko elementuetako bat jasangarritasuna da. Nazio Batuen Erakundeak 2017. urtea Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urtea izendatu badu ere, urtetik urterako apustuak du balioa zeregin horretan. Tolosaldean turismoa era jasangarrian besterik ezin baita ulertu, turismo ekosistema batean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!