Unai Iribar eta Ane Iriarte lehentasunen jokoan

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 25a, 09:05

Erorikoak eroriko, eskualdeko bi txirrindulariek emaitza bikainak ekarri dituzte Portugalen jokatu berri den Europako pista txapelketatik.

Beti esan izan da kirol gogorra dela txirrindularitza. Are gehiago, geurea bezalako herrialde heze batean, kirolariek ezin dutelako egunero nahi bezala entrenatu. Horixe izaten da gehienentzat pistan entrenatzen hasteko arrazoi nagusia.

Hala ere, eta askorentzat lehentasunezkoa izan ez arren, eskualdeko txirrindulariak maila onean dabiltza pistan azkenaldian. Hain zuzen, bukatu berri den Europako pistako txirrindularitza txapelketan lehiatu dira Ane Iriarte (Amasa-Villabona) eta Unai Iribar (Ibarra), hurrenez hurren 23 urtez azpikoen eta juniorren kategorietan. Eta ez dituzte emaitza txarrak ekarri etxera.

Iribarrek sorpresa eman zuen lehen proba egunean, eta brontzezko domina leporatu zuen kanporaketa proban. Ostiralean berriz, erorikoa izan zuen goizean goiz, eta Omnium probako lasterketa guztiak bukatu bazituen ere, ezin izan zuen hamar onenen artean sartu. Azkenik, igandean, bederatzigarren postua erdietsi zuen Madison proban, Xabier Mikel Azparren donostiarrarekin batera.

Iriarte dagoeneko beteranoa da Europako txapelketetan, eta esperientzia horrek ematen duen ezagutzarekin, hiru aldiz lortu du kontinenteko hamar onenen artean sartzea: asteazkeneko Scratch proban bederatzigarren sailkatu zen, ostiraleko puntuaketa proban bosgarren postua erdietsi zuen, eta igandeko Madison proban, erori arren, zazpigarren gelditu zen Ziortza Isasi elorrioarrarekin batera.

Erorikoak eroriko, lortutako emaitzekin gustura itzuli dira biak etxera: «Hor dauden kirolarietako asko urte osoan entrenatzen dute pistan eta pistarako. Sekulako maila dute, eta erritmoari eusteko nahiko lan izaten dugu askotan. Horregatik, gustura egoteko modukoa da lortu duguna».

AURRERA BEGIRA

Ane Iriarte errepidean zentratuko da berriz hemendik aurrera. Duela gutxi TOLOSALDEKO ATARIAn bertan esan zuenez, «aurten prestaketa pixka bat aldatu egin dugu. Orain arte pista gehiago sartu izan dut, baina aurten erabaki genuen errepidea erabiltzea pista prestatzeko». Sistema berriarekin emaitza onak lortu ditu denbora gutxian, eta bide beretik jarraitzeko asmoa du.

Unai Iribarrek, berriz, uda luzea du oraindik. Datorren abuztuaren 2tik 6ra bitartean Danimarkan jokatuko du Europako Errepideko Txapelketa, eta Italiara joango da gero, hilaren 23tik 27ra, Munduko Pistako Txapelketan parte hartzera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!