Bizikletaren gazi-gozoak

Ataria 2017ko uztailaren 22a

Eskualdeko txirrindulariek bizikletaren argiak eta itzalak erakutsi dituzte atzokoan, Sangalhos hiriko belodromoan.

Unai Iribarrek junior mailako Omnium proba zuen atzo jokoan, beraz, lau probatan lehiatu behar izan
zuen: Scratch, Tempo, kanporaketa eta puntuaketa. Tamalez, erorikoa izan zuen lehendabizikoan, goizean
goiz, Holandako ordezkariarekin batera, eta besoa kargaturik egin zituen eguneko beste hiru
lasterketak. Hala eta guztiz ere, erdi pareko postuetan ibili zen proba guztietan, eta hamazazpigarren
bukatu zuen Omnium-a, 42 punturekin.


Ane Iriarte berriz, puntuaketa proban lehiatu zen arratsaldean, 23 urtez azpikoen mailan, eta
bosgarren bukatu zuen, bakarkako ihesaldi batean taldeari buelta irabazita. Ongi asmatu zuen bere unea
aprobetxatzen, eta burutsu jokatu zuen lasterketa. Nekatuta, baina oso pozik bukatu zuen.


Gaurkoa ongi merezitako atseden eguna izango da eskualdeko bi kirolarientzat, eta bihar amaituko
dute Europako txapelketa binakako Madison probarekin, Xabier Mikel Azparren donostiarrarekin
Iribarrek, eta Ziortza Isasi elorriotarrarekin Iriartek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!