Bi astetik behin, ikasleek beraien orria izan dute astekarian ikasturtean zehar jorratu dituzten gaiekin betetzeko. Bestetik, urtarriletik hasita, irratian, astero 10-15 minutuko saio bat egin dute. Tolosaldeko Erniobea, Uzturpe, Inmakulada, Herrikide, Laskorain, Samaniego, Orixe eta Tolosaldea Lanbide Heziketa ikastetxeek parte hartu dute.
Proiektuaren barruan sartu eta aritu diren ikasleek, kazetari lana egiteko aukera izan dute. Ikasgelan jorratu dituzten gaiak ekarri dituzte txoko hauetara, eta eskualde osora zabaldu. Modu honetan, hizkuntza eta komunikazio gaitasunak landu, garatu eta jendarteratuko dituzte.
Lehen Hezkuntza, Derrigorreko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Erdi eta Goi mailako ikasleen lanak argitaratu dira astekarian eta irratian. Eta eduki guztiak ataria.eus webgunean irakurri eta entzun daitezke.
TOLOSALDEKO ATARIA-k ikasturteko balorazioa egin du, eta ikastetxe guztiekin ere elkartu da urteak emandakoaz hitz egiteko. Aurtengoaz balorazio «positiboa» egin da, eta hurrengo ikasturtean ere proiektuarekin aurrera jarraitzeko bideak zehaztu dira.
Ikasturte berrian ere, helburu berdinei eutsiko die Erakutsiz Ikasi proiektuak. Ikasleen ikasketa prozesuan lagungarri izan daitekeen bidearekin jarraitzea. Eta noski, ikastetxeak eta TOLOSALDEKO ATARIA komunikabidearen arteko harremana sendotzea.
Familia handitzen
2017-2018 ikasturtean irratiko eta astekariko tarteek berdin jarraituko dute. Astekarian urriaren erditik aurrera hasiko dira argitaratzen ikasleen lanak eta irratian, aldiz, urtarriletik aurrera.
Aurtengo zortzi ikastetxeei beste bi gehitu zaizkie: Alegiako Aralar Institutua eta Villabonako Zubimusu ikastola.