Bizimodu eta ohituretara gerturatzeko gida kaleratu dute elkarlanean

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 20a, 16:32
Niko Osinalde, Olatz Peon, Felix Urkola, Maite Cruzado eta Olatz Ilarregi atzoko aurkezpenean.

Tolosaldeko eta Goierriko turismo gida aurkeztu dute; sei urte dira jada, gida bateratua aurkezten dutela

Euskadiko Bihotza markak seigarren udara du. 2008an hasi zen bi eskualdeen arteko elkarlana eta gida bateratua 2011tik ateratzen dute. Aurten ere Goierri eta Tolosaldeko turismo eskaintza biltzen duen gida bateratua atera dute eta aurten Ordizian aurkeztu dute. Berrikuntza da udarako agenda bateratua ere prestatu dutela. Euskara eta gaztelera bertsioa aurkeztu zuten atzo, baina turismoari begirako gida izaki, ingelesez eta frantsesez ere eskuragarri dago, eta ez Goierriko eta Tolosaldeko turismo bulegoetan bakarrik, baita Donostiako San Sebastian Region bulegoan ere. Euskaraz eta gazteleraz 10.000 ale egin dituzte.

Jakina da kostaldeak bisitari gehiago erakartzen dituela, baina bada bestelako joerarik ere bisitarien artean; azken urteetan bertako bizimodu eta izateko erak ezagutu nahiak erakartzen ditu bistari asko. Horri lotuta diseinatu dute gida, Tolosaldea eta Goierrik 46 herri baitituzte, bertako bizimodu eta produktuak ezagutzeko eskaintza aproposa dutenak.

%32 igo da turismoa
Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakari eta Tolosako alkateak esan zuenez, 2017ko lehen seihilekoan, 2016 urtearekin alderatuta, %32 igo da Tolosaldeko turismo bulego eta informazio puntuetara gerturatutako bisitarien kopurua. «Udal administrazioak, turismoaren pisu ekonomikoaz jakitun, ekimen berriak sustatzen ari gara Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean, gure eskualdeak eskaintzen dituen altxorren ikusmira sortu eta bisitariak erakartzeko helburuz», esan zuen.

Era berean, Peonek bi gidak bateratzearen helburua «sektorea indartzea eta ondorioz, gure lurraldeko garapen ekonomikoa bultzatzea» dela nabarmendu zuen. «Horretarako, turista eta bisitari gehiago erakarri behar dira, eta horretaz jakitun, bi eskualdeok bakoitzak dituen baliabideak batu ditugu eskaintza indartsu bezain osatua zabaltzeko», gaineratu zuen. Bi eskualdeak «osagarriak» direla ere esan zuen eta horregatik dela ezinbestekoa administrazio ezberdinen, eragileen eta enpresa pribatuen arteko elkarlanean eragitea. «Turismo eskaintzaren gida garrantzitsua baino, oinarrizkoa dela uste dut», gaineratu zuen.

Agendak
Turismo gidarekin batera Goierriko eta Tolosaldeko turismo arduradunek agenda bateratu ere prestatu dute. «Agenda bateratua ateratzea aurrerapena izan da», esan zuen Goitur Goierreko Turismo Agentziako Niko Osinaldek. «Oporrak Tolosaldean eta Goierrin pasako dituztenen beharrak aurreikusten saiatu gara eskaintza egiteko». Bi eskualdeen artean bisitariei bertako bizimodu eta ohituretara gerturatu ahal izateko moduko ekintzak bildu dituzte eta besteak beste, Orendaingo Larreta baserrira bisita egiteko aukera ematen dute edota Tolosaldeko hainbat herritako festetara gerturatzearena.

Turismo gidari dagokionez, eskualdeetako produktuak biltzen ditu eta ireki bezain pronto mapa bat ikusi daiteke, non bide berdeak, bidegorriak, informazio bulegoak, Erdi Aroko multzoak edo alde zaharrak, merkatuak, Santiago Bidearen arrastoak eta lotarako lekuak biltzen diren.
Horiek horrela, turismo gidak hiru atal ditu: esperientzia gastronomikoak, naturan oinarritutako edo kultura mailako esperientziak, eta toki zein gai garrantzitsuenak biltzen duen atal berezia.

Gastronomia
Barrualdeak badu kanpotarrak eta bertakoak erakartzeko berezko ezaugarririk; gastronomia. Hori biltzen du gidak, baina ez otorduetarako lekuak zerrendatuz bakarrik, baita produktuen ziklo guztia bertatik bertara ezagutzeko ere. Horrela azokak non eta noiz egiten diren, eta gazta, txakolina, sagardoa, txokolatea eta babarrunen mundura gerturatzeko gakoak ematen dira. Horiek horrela, Tolosako larunbatetako azokara joateko deia egin diete bisitariei, eta baita Ordiziakora joatekoa, asteazkenetan.
Natura ere jorratzen du gidak. Irteerak aurkezten dira; tontorrik altuenak, natura-parkeak, Bide Berdeak, Santiagoko Bidea, Trail Estazioa eta errepide panoramikoak.

Kulturari dagokionez, alde zaharrak, etnografia, artea eta momentu historikoak azpimarratzen diren atala ere badu gidak. Baita familia giroan egiteko irteerak eta erosketetarako atalak ere.
Gidak, nola ez, eskualdeetan dauden museo, interpretazio zentro eta turismo bulegoen datuak biltzen ditu eta baita, jatetxeen, lotarako tokien eta herrietako festa, azoka eta jai nagusien zerrendak ere. «Gida turistiko berri honi esker, turistak edo bisitariak, Goierri eta Tolosaldeko informazio guztia aurkituko du», azken finean.

Erlazionatuak

Tolosaldeko agenda

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!