Aranzadik azterketa bukatu arte, pistarik ez egiteko eskatu du Aralar Bizirik plataformak

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 18a, 07:52

Aranzadik txostena egitea positiboa dela dio plataformak, baina informazio falta dagoela gaineratu du.

Uztailaren 3an Enirio-Aralar Mankomunitateak egindako ez ohiko bilkuraren inguruan bere iritzia eman du Aralar Bizirik plataformak. «Oso positibotzat jotzen dugu Aranzadik azterketa integrala egitea baina batzarrean oso informazio gutxi eman zen, azterketa horretaz eta ondorengo pausoez», esan dute plataformatik. Egoera horretan aurretik ere hainbat udaletan aurkeztutako mozioaren puntuak betetzea berriro eskatzen dute, hau da, bertan behera uztea Enirio-Igaratza pistaren tramiteak, eta baita 2015-2019ko plangintza ere, zientzia elkarteak bere azterketa bukatu bitartean.

Horrez gain, beste eskari bat egin dute: «Orain arteko kudeaketa plana baztertuz, Aranzadiren azterketan oinarrituta Enirio-Aralarko Mankomunitatearen 2003ko Ekintzen Egitamua berrikusi dezatela, eman daitezkeen erabilerak naturaren babesaren menpean jarriz eta, onartzeko prozesuan, herritarren parte hartzea eta eztabaidari bide emanez».

Bestalde, plataformako kidea den Landarlan ingurumen elkarteak mankomunitatearen ekaineko batzarrean ganaduzale batengatik jasotako «mehatxuak» irmoki gaitzetsi ditu Aralar Bizirikek. Mankomunitateko lehendakariari eskatu dio «lehenbailehen mehatxu horiek arbuiatzeko adierazpen publiko baten bitartez».

Azkenik, Goroskintxuko pistan higadura «handitzen» ari dela dio plataformak. «Begi bistakoa da Ingurumen Inpaktuko Azterketan egindako aurreikuspenak ez direla bete», esan du. «Dirudienez ahaztu egin zitzaien bertan higadura arrisku handiko lur hareatsuak daudela, eta behorrak eta ardiak dabiltzala hankekin ezponda eta betelanetako lurrak urratzen behin eta berriro». Pista horrek «sortutako higadura arazoen berri» eman diote Ingurumen Fiskaltzari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!