Lau domina, lehen egunean

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 14a, 12:00

Tolosa CF Atletismo taldeko kideek lau domina lortu zituzten Gipuzkoako Atletismo Txapelketaren lehen jardunaldian, asteazkenean.

400 metro hesietan, podium osoa eskualdekoena izan zen: Urrea Maria Lasa irurarrak irabazi zuen, 1.03,48ko denborarekin. Zilarra Maddi Perurena tolosarrarentzat izan zen, 1.06,87ko denborarekin. Azkenik, brontzea, Libe Martinez de Rituertok jantzi zuen, erlojua 1.10,20an geratuta. Laugarren domina 3.000 metro martxan lortu zuten eskualdekoek, June Arozenaren eskutik. 16.14ko denborak urrea eman zion Arozenari. Maddi Lillok domina lortu ez arren, 200 metrotan marka bikaina lortu zuen 26,62ko denborarekin. Tolosa CF Atletismo taldeko kideek guztiak zoriondu dituzte eta ostiralerako zortea opa diete. Izan ere, gaur jokatuko da Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldian, Donostian.  


Bestalde, uztailaren 8an eta 9an Espainiako Junior Txapelketa jokatu zen Granollersen. Tolosa CF Atletismoko kideak bertan izan ziren. Paula De Juan laugarrena izan zen 400 hesietan, 1.03ko denborarekin. Maddi Perurena finalerdietaraino iritsi zen proba honetan, 1.07ko denbora eginaz. Ane Etxeberriaren marka 26,47koa izan zen 200 metrotan. Proba haizetsua izan zen benetan. Azkenik, Eunate Martinez de Rituertok zazpigarren egin zuen altuera jauzian, 1.60 eginaz. Atleta hauek ere zoriondu dituzte taldetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!