«Presoak kalera ateratzeko, gu ere kalera atera behar gara»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko uzt. 14a, 12:12

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Kalera Martxa antolatu du Kalera Kalera dinamikak uztailerako. Hilaren 20an Gernikatik abiatuko dira, eta zortzi etapatan banatuta, Lakuntzarako bidea egingo dute. Uztailaren 27an iritsiko dira Nafarroako herrira. Ainhoa Muñagorrik (Elduain, 1970) eta Iñaki Aristeta Txatarrasek (Hernani, 1973) argi dute gizartea mugitu behar dela euskal presoen aferari irtenbide bat emateko. «Gizarteak bideratu behar ditu estatuak, arazo honi irtenbide bat ematera. Sentsibilizazioa badago gizartean, baina gure lana da sentsibilizazio hori aldarrikapen honen aldeko indar eraginkor bihurtzea».

Zer da Kalera Martxa?
Ainhoa Muñagorri: Kalera Kalera dinamikaren barruan euskal preso politikoak etxeratu eta gerturatzeko antolatutako ekimenetako bat da, udaberrian beste batzuk egin dira. Kalera Martxa Gernikan hasiko da eta Lakuntzan bukatuko da, Hatortxu Rock jaialdiarekin bat eginez.
Iñaki Aristeta: Helburua da kalera eramatea denok darabilgun oihua. Aldarrikapena da euskal preso politiko guztiak lehenbailehen askatu behar direla eta Kalera Kalerak mezu hori kaleratu nahi du. Euskal Herriko herri, etxe, lantoki eta leku guztietara zabaldu nahi dugu mezua, denok bat egin dezagun aldarrikapenarekin.  

Nola egingo da martxa?
A. M.: Zortzi egun eta zortzi etapa dira, batez ere, kostaldetik egingo dira, azken bi egunetan sartuko dira barrualdera. Pentsatu dena da, kostaldean jende asko egongo dela, turistak eta, eta mezua zabaltzeko modu egokia izan daitekeela.
Izen ematea bukatu da, baina oraindik badago parte hartzeko aukera, ezta?
I. A.: Izen ematea itxi da jada, baina horrek ez du esan nahi parte hartu ezin daitekeenik, parte hartzea irekia da. Izena eman ez dutenek ez dute lotuta edukiko lotarako lekua eta otorduak, baina martxan parte hartzeko aukera dago oraindik.

Ibilbide gehiena oinez egingo da.
A. M.: Gehiena oinez egingo da, baina badira tarte batzuk trenez, autobusez edo itsasontziz egingo direnak.

Tolosaldean ere sartuko da martxa, eta egun guztiko egitaraua prestatu duzue.
A.M.: Uztailaren 26an Hernanitik sartuko da martxa Tolosaldera eta Anoetan bazkalduko dute. Anoetatik kalejiran iritsiko dira Ibarrara eta egitaraua prestatu dugu. Harrera egingo zaie lehenik eta eguna baliatuko dugu Iratzar fundazioak kaleratu berri duen 1977: Amnistiaren urtea 40 urte geroago liburuaren aurkezpena egiteko. Floren Aoiz eta Antton Lopez Kubatik egingo dute aurkezpena.
I. A.: Hurrengo egunean aterako dira Lakuntzaruntz. Ibarratik autobusez joango dira Sakanara eta handik joango dira Lakuntzara, Hatortxu Rocken amaitzeko.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiria argitaratu berri du. Udan argibide gehiago emango dituzten arren, zein balorazio egiten duzue?
I. A.: Azaroan abiatu zuten prozesua eta bukatu dute, oraindik gauza gehiago zehaztuko dituzte, txosten batean edo zehaztuko dute ildoa, eta udaran zehar emango dute horren berri. Orain arte dakigunarekin guk esan dezakeguna da hartutako erabakiak babesten ditugula, bat egiten dugula. Sekula ez da eman horrelako prozesu bat kolektiboaren barruan eta arduraz eta denboraz hartutako erabakiak dira. Nahiz eta sakabanaketak eta beste hainbat kontuk ez dien utzi prozesua nahi bezala eramaten, prozesua eman dute. Mugak daude eta estatuek ere horretara jokatzen dute; ez dute inolaz ere erabaki kolektibo bat hartzerik nahi, bakarkako erabakiak nahi dituzte, eta ahal bada hori ere ez. Ondorioz, kolektiboak arazoak izan ditu eztabaida emateko, eta oso txalotzekoa da erabakiak prozesu baten ondorioz hartutakoak izatea. Babesten ditugu, erabat.
A. M.: Aipagarria da ere izandako baldintzatan izan duten parte hartze ehunekoa eta txostenarekiko izan den onespen maila. Agirian nire ustez, gakoa da esaten dutenean euren ibilbidea herritarrekin egin nahi dutela. Beraiek kalera ateratzeko, gu ere kalera atera behar gara, hori da mezua.

Gizartea ikusten al duzue norabide horretan?
I.A.: Hori da hain justu, Kalera Kalerak, guk, egin behar duguna, kalera atera, ahal den herritar gehienak mugitu araztea eta kalera ateratzea, ahal den eragile gehienak bilduz; politikoak, sozialak, sindikalak... Ahal den jende gehiena mugitu behar dugu preso politikoek hartutako erabakiak babesteko. Legeak hor daude, baina legeak nahi dituzten bezala egiten dituzte, eta kalean erantzun bat badago, kalean herritarrak altxata badaude eta presio bat badago, horrek badu indarra. Beraien borroka soilik ez da nahikoa, horrek oihartzuna behar du izan kalean.

Mugak ere jarri dituzte: damua eta salaketa.
I. A.: Damua ezin daiteke legez eskatu. Batzuk ez dute damurik erakutsi, eta ezta asmorik ere. Inori ez zaio eskatzen, zergatik bai euskal presoei?
A. M.: Horrenbeste urteetako gatazkaren ondorioetako bat dira presoak, presoak egotea eta presoak dauden bezala egotea, deportatuak, iheslariak... Konponbidera bagoaz, presoen eta iheslarien afera konpondu behar da, eta damuak eta horrelakoak ez dira konponbidearen bidean sartzen. Damua eskatzearekin euren errelatoa nahi dute gailendu, eta gure ustez errelatoa integrala behar du izan. Biktima guztiek behar dute aitortza, justizia eta erreparazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!