Aldaketak Tolosa eta Donostia arteko autobus zerbitzuaren geralekuetan

Ataria 2017ko uztailaren 13a

Irurako Laskibarko geraleku berria. ANE URKOLA

Uztailaren 11tik aurrera, kendu egin dira zenbait geraleku eta uztailaren 17tik aurrera beste batzuk eskaripekoak izango dira.

Lurraldebus autobus zerbitzutik azaldu dutenez, Tolosa-Donostia bitarteko linean kendu diren geralekuak ondokoak dira: N-I errepideko Irurako Laskibarko geralekuak; horiek, Ibai-ondo poligonoaren barruan jarri dira, Tolosarantz doazen autobusentzat azken pabiloiaren parean, eta, Donostiarantz doazenentzat, berriz, Katategi eta Laskibar poligonoen sarbidean, egungo geralekuaren parean. Bestalde, kendu egin dira Resak Villabonan zituen geralekuak, Donostiaranzkoak nahiz Tolosaranzkoak, eta Tolosako Guadalupeko geralekua (Donostiarantz).
 
Bestalde, uztailaren 17tik aurrera ondorengo geralekuak eskaripekoak izango dira: Laskibarkoa (Irura) bai Tolosarantzat eta Donostiarantz, eta Resakoa (Villabona) Tolosarantz. Hortaz, autobusa geraleku horietakoren batean hartu nahi bada, eskatu egin behar da, autobusa geraleku horretatik pasatzeko, hartu nahi den autobusak geraleku horretatik pasa behar duen ordua baino 20 minutu lehenago, telefono eta ordutegi hauetan: 900 300 340 (08:00-20:00, astelehenetik igandera) eta 689 784 617 (06:00-22:00, astelehenetik igandera). Azken honetan WhatsApp bitartez ere aukera dago.

Aipatutako geraleku horietan jaisteko, berriz, autobusera sartzerakoan abisatu behar zaio gidariari, eta jaisteko sakagailuari aurrez sakatu, autobusa dagokion poligonora sar dadin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!