«Euskara jendeari iristeko ezinbesteko tresna gara»

Iñigo Terradillos 2017ko uzt. 13a, 07:55

Urrian beteko ditu lau urte 'Tolosaldeko Ataria'-k. Orain arte egindako bideaz eta aurrera begirako helburuez aritu da eskualdeko komunikabideko kudeatzailea.

2013ko urrian eman zituen lehen urratsak TOLOSALDEKO ATARIA-K,  Galtzaundi astekaria, Tolosaldeko Hitza egunkaria eta Txolarre irratia-ren bateratzetik sortutako eskualdeko euskarazko komunikabideak. Bada, lau urte betetzera doa, eta egindako bidearen inguruan nahiz aurrera begirako erronkei buruz hitz egin du ATARIA-ren kudeaketaren ardura hartu berri duen Iban Urdapilleta Alkizaletek (Bidania-Goiatz, 1989).

Kudeatzaile lanak egitea egokituko zaizu aurrerantzean.

Bai. Pasa den astean hasi nintzen zeregin horretan, Jexux Muruaren lekukoa hartuz. Galtzaundi euskara taldea Tolosatik Tolosaldera zabaltzeko ekimenean hasiko da, eta bide horri eutsiko dio Jexuxek. Azken urteetan aipamena merezi duen lana egin du ATARIA-n, bai proiektu moduan, bai erakundeekiko harremanetan, bai eta talde eragile guztiekin ere. Beraz, ez da erraza izango kudeaketa lanekin berak utzitako maila berean jarraitzea.

Dena den, ezin esan kudeaketa lanak ezezagun zaizkizunik, administrari lanetan aritu baitzara azken bi urte eta erdian.

Jexuxekin batera administrari lanetan aritu naiz, hamaika kontutan elkarrekin lan egitea egokitu zaigu, beraz, kudeatzailearen hutsunea administrariak betetzea naturaltasun osoz eman da.

Kudeatzaile moduan zein izango dira zure eginkizun nagusiak?

Nahiz eta kudeatzailearen izena aldatu, ATARIA-ren helburuak berberak izaten jarraituko dute. Helburuen artean, bi azpimarratuko nituzke, komunikazioa batetik, eta euskara bestetik. Komunikazioari dagokionez, gure eginkizuna da eskualdean gertatzen diren edo eskualdearekin lotura duten gaien inguruan informatzea. Hori bai, ez dugu edozein modutan informatzen, herritarrei aukera eskaintzen diegu bere herriko gaiak bere hizkuntzan informatzeko, euskaratik eta euskaraz. Informatzeaz gain, ATARIA-n aukera dute herritarrek esan nahi duten hori euskaraz esateko. Nabarmentzekoa da arnasa ere ematen diogula euskarari eskualdean, eta alde horretatik, euskara jendearengana iristeko eta eguneroko bizitzan euskara sartzeko tresna ezinbestekoa gara.

Ikusi dugu Garikoitz Goikoetxea kazetariak egin duen ikerketan, 'Ataria'-k pisu handia duela herritarrengan, bereziki gazteen artean.

Bai. Gazteez gain, esango nuke ATARIA-k eskualdean baduela bere lekua. Neurgailu bat jartze aldera, hori guztia argi ikusten da webgunean jasotzen ditugun bisiten kopuruarekin. Pasa den urteko bisita guztiak hartu eta hilabeteko batez bestekoa eginda, 80.000ko kopurura iritsi gara. Aurtengo lehendabiziko seihilabeteko datuei erreparatuta, berriz, 93.000ko batez bestekoan gabiltza. Igoera, beraz, nabari da, eta honekin garbi ikusten dugu herritarrek ATARIA erabiltzeko ohitura hartu dutela eta hartzen ari direla. Herritarrek nahi duten informazio hori lortzeko ATARIA-ra jotzen dutela geroz eta gehiago ari gara ikusten, eta hori poztekoa da. Hemen azpimarratu nahiko nuke eskaintzen dugun edukiaren kalitatea, gure erabiltzaileek eta bezeroek kontuan hartu eta eskertzen duten ezaugarri nagusietako bat baita. Erabiltzaile horiek guztiek gure hedabidea kontsumitzearekin batera proiektua bere sentitzea da lortu nahiko genukeen beste puntuetako bat.

Urrian lau urte beteko ditu 'Ataria'k. Zer moduzkoa izan da egindako bidea?

Hasierak beti izaten dira zailak, baina, bide polita egin dugu. Eskertzekoa da kolaboratzaile, iritzi emaile eta gertukoek ematen diguten babesa. Erakundeekin harreman onak ditugu. Gertukoenak, gure kasuan, udalak dira, eta guztiekin harremana ona da. Denek sentitzen dute ATARIA beren proiektu bezela, ATARIA-rekiko konpromisoa berresten digutelarik urtez urte. Garapen agentziekin, ikastetxeekin, taldeekin, norbanakoekin... harremanak bide onetik doaz. Hori bai, gure proiektua irekia da, eta leku guztietara iristea da gure xedea.

Atarikideak izango dira horrelako proiektu bati eusteko zutabe garrantzitsu, ezta?

Harpidedun edo Atarikideak nabarmendu behar ditugu, gure oinarrietako bat diren heinean, beharrezko baititugu. Hori bai, komunikabideekin, oro har, gertatzen den moduan, garaiak aldatuz doaz, eta bada jende kopuru bat informatzeagatik ordaintzeko prest ez dagoena, edo ordaintzeko beharrik ikusten ez duena. Bide horretatik, harpidedun izaera dibertsifikatu egin dugu aurtengo urte hasieratik. Hala, hiru harpidedun mota jarri ditugu aukeran: Atarikide harpideduna, digitala eta iragarlea. Honekin, harpidetzarekin dugun babes hori handitzea da gure nahia.

Aurrera begirako zein erronka nagusi ditu 'Ataria'k?

Egiten dugun lana ahalik eta hobekien egiten jarraitzea da lehendabiziko erronka. Hiru euskarri ditugu, eta hiruretan dugu zer hobetu. Kalitatean hobetzen jarraitzeaz gain, herritarrek nahi duten eduki hori bilatzen ere jarraitu behar dugu. Gazteengana iristen asmatu behar dugu, eta baita, jende berriarengana ere, izan ere, eskualdea oso zabala eta anitza da, eta guztiengana iristen saiatu behar dugu. Aipatutako guztia egiteak lan handia dakar. Hamalau lagunez osaturiko lantaldea gara, eta lanean ematen dugun denbora zein profesionaltasuna eta jasotako ordainsaria ez daude ziurrenik maila berean. Inplikazio handia dago proiektuarekiko, militantziagatik lan handia egiten da, eta ez luke horrela behar, beraz, badago hemen ere zer hausnartua.

Gizarteratzean ikusi du Tolosaldeko 'Ataria'-k erronka edo hutsunea.

ATARIA marka gizartean ezagunago, onartuago, babestuago izatea nahiko genuke. Sortu zenetik lantzen ari den gaia da, eta aurrerantzean ere esfortzu berezia egingo dugu horretan, eskualde osoarentzat ATARIA ezaguna den zerbait izateaz gain, gertukoa den eskualdeko komunikabidea izan dadin. Herritarren laguntza eta konpromisoa beharko dugu horrelako proiektu batek aurrera egiteko guztion babesa ezinbestekoa baita, eta bide horretan, nahi duten herritar guztiak gonbidatuta daude proiektua ezagutu eta babestera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!