Apattaerrekak 154.298 metro koadro gehiago izango ditu

Ataria 2017ko uztailaren 10a

Tolosaldeko Apattaerreka industrialdea zabaltzeko lanak tramitatzen hasi dira. AHTaren Gipuzkoako ibilbideko hiru trenbide zatietako soberakinak erabiliko dituzte industrialdean dagoen lur-eremu bat betetzeko. 154.298 metro koadro lur-eremua da, eta 64.849 metro koadro lursail erabili ahal izango dituzte industriek. 

Hasieran, 1.100.000 metro kubiko material metatu behar zituzten industrialdean, baina 925.000 metro kubiko soberakin eraman dituzte oraingoz. Orain, TAILSA beste eskaera bat tramitatzen ari da kopuru horretara ailegatzeko falta zaizkion 175.000 metro kubiko soberakin eskuratzeko.

2009an AHTren Gipuzkoako ibilbideko hiru trenbide zatitako soberakinekin Apattaerreka industrialdearen ondoan dagoen lur-eremu bat betetzeko hitzarmena sinatu zuten TAILSA-Tolosaldea Apattaerreka Industria Lurra S.A.k eta ETSk.

Iragan apirilean bukatu zituzten betetze lan horiek; 2011n azarotik 2013ko ekainera betetze lanak egin zituzten Tolosa-Hernialdeko arteko trenbide zatiko soberakinekin. Tolosako trenbide zatiko lanek lau hilabete inguru iraun zuten, 2013ko abuztutik azarora. Azkenik, Hernialde eta Zizurkil arteko soberakinak ezarri zituzten, eta lan horiek 2014ko martxotik 2016ko otsailera arte iraun zuten. 

Apattaerreka industrialdea Gipuzkoako handienetakoa da (512.828 metro koadro). Gaur egun, industriara bideratutako 92.175 metro koadro ditu eta 65 enpresa daude.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!