«Bazegoen txapelketa gose puntu bat»

Iñigo Terradillos 2017ko uzt. 7a, 07:55

Helduen hamaika trikiti txapelketa izaten ziren lehen Euskal Herri osoan zehar, baina, azken 25 urtetan ez da halakorik antolatu. Gazteei zuzendutakoek jarraitu dute, baina, 18 urtetik gorako trikitilarientzat, erromeriak albo batera utzita, jaialdi edo topaketetara mugatu da jendaurreko parte hartzea. Bada, trikitia txapelketak berreskuratzeko ahaleginean eta trikitia bera sustatze aldera, Markina-Xemeingo I. Helduen Trikitixa Txapelketa antolatu du Bizkaiko udalerriko jai batzordeak.

Bihar izango da txapelketa, 22:00etatik aurrera herriko pilotalekuan. Hamaika bikotek hartuko dute parte, eta eskualdeko ordezkaritza ere bada tartean, Amaia Arzarekin batera ariko den Leire Zumeta anoetarra eta Xabier eta Ander Malbadi albizturtarrak.

Nola zaudete txapelketaren atarian?

Ander Malbadi. Egia esan, ez dakit ona edo txarra den, baina, ez dut oso presente larunbat honetan denik. Beti urrun izan da, eta badirudi sekula ez dela eguna iritsiko, eta azkenean larunbat honetan da. Agian urduritasun pixka bat edukitzea komeniko litzateke [kar, kar].

Leire Zumeta. Urduritasun pixka bat sumatzen hasiak gara. Txapelketaren zain gaude, zer gertatuko den jakiteko irrikaz, eta igarotzeko gogoz ere bai. Ikusiko da.

Xabier Malbadi. Anaiaren moduan. Gainera, lanagatik kanpoan egongo naiz ostiralera [gaur] arte, eta Euskal Herrira iritsi arte ez dut uste urduritasunik nabarituko dudanik.

Ezohikoa da Markina-Xemeingo Txapelketa. Deialdiaren berri izan orduko eman al zenuten izena?

L. Z. Amaiaren eta nire kasuan, deialdia ikusi eta gehiegi pentsatu gabe izena ematea erabaki genuen. Zeanurikoa izan ohi da azken txapelketa, berriki 23 urtetik 26ra igo badute ere parte hartzeko adin muga. Bertan parte hartu genuen, eta txapelketetan parte hartzeko azken aukera izan zen guretzat. Bederatzi urterekin hartu genuen parte lehendabiziko txapelketan eta 23 urte bete arte txapelketetan aritu izan gara. Horretaz gain, erromerietan ere bai, baina gutxi. Beraz, penaz geratu ginen Zeanurikoaren ostean, eta aukera hau ikusi genuenean ez genuen zalantzarik izan.

A. M. Ez zen oso berehalakoa izan. ATARIA irratiko Hauspo artean saioaren gidaritzaren ondorioz trikiti munduan murgilduta egon naiz urte osoan, eta txapelketaren deialdia atera orduko ikusi nuen. Tentatu ninduen, baina garbi nuen ezingo niola behar adina denbora eskaini prestatzeari. Anaiari proposatu nion ea piezak erdibana prestatuko ote genituen. Ez genuen argi ikusten, eta ezezkoan egon ginen izen emateko epea bukatu baino ordu laurden lehenago arte.

M. A. Nik soinua beti presente izan dut, baina trikitia ez hainbeste. Txapelketaren berri izatean parte hartzeko ideia etorri zitzaidan segituan, baina, abestiak eta letrak sortu beharra zegoen, eta indarra galduz joan zen ideia. Baina, data gainera etortzen ari zela gogoa piztu zitzaidan berriro, eta azkenean izena ematea erabaki genuen.

Zenbat txapelketatan parte hartuak zarete?

L.Z. Kopuru zehatza ez dakit. Lehen orain baino dezente gehiago izaten ziren, eta udan, esaterako, festetan ziren herri txiki gehienetan izaten zen zer edo zer. Guk aukera izaten genuen gehienetan parte hartzen genuen.

A. M. Xabik badu esperientzia apur bat, baina, nik sekula ez dut parte hartu. Gure aita izan da gure irakasle trikitian, eta berak sekula ez du bide hori jorratu nahi izan bere ikasleekin, eta gurekin ere ez. 18 urtetik beherakoa izan behar zen, eta txapelketen berri izan nuenerako aukera pasa zitzaidan.

X. M. Bi txapelketatan hartu dut parte. Getarian Albizturko lagun batekin hartu nuen parte, Ander Dorronsororekin, eta ez ginen sailkatu. Txapelketa hartan Arroa Beheko txapelketan parte hartzeko aukera eskaini ziguten, eta horretan hirugarren egin genuen.

Zer ematen dute txapelketek?

L.Z. Txapelketaren eta herriaren tamainaren arabera. Herrian bertan jotzeko aukera ematen dute, diru kopuru bat irabaztekoa ere.

Txapelketak sustatu eta trikitia bera indartzeko helburuz jaio dela Markina-Xemeingo txapelketa nabarmendu dute antolatzaileek. Bertan izena ematea bada, neurri batean, trikitiaren alde aletxoa jartzea, ezta?

L. Z. Beraientzat erronka bat da. Espero baino jende gutxiagok eman du izena, eta aurtengoa proba modukoa izango da.

A. M. Zenbaitengan txapelketa gose puntu bat bazegoen. 1991 urteaz geroztik ez da helduen mailako txapelketarik egin, eta askok hutsunea sumatzen dute. Batzuek erromerietarako pausoa eman dute, baina beste askok ez dute bide horretatik segi nahi. Tarteka jaialdiren bat badago, baina, txapelketaren hutsunea zegoen. Beraz, baikorra da txapelketa antolatu izana, eta bertan aritzea bada atxikimendu modukoa. Hauspo artean irratsaiotik igaro direnen artean iritzi desberdinak entzun ditut: txapelketa nagusia berriro egingo balitz gustura parte hartuko luketela edo ikustera joango liratekeela ziotenak edota, txapelketaren zikloa igarota dagoela uste dutenak.

Parte hartuko dutenei dagokionean, zer esan daiteke?

A. M. Trikitian ibilia dagoen jendea dago tartean.

L. Z. Batzuk ez ditut ezagutzen, agian Markina ingurukoak direlako, baina, gehienak bai. Badira tartean aspaldian jotzen ikusi ez eta arrastoa galduta nituenak ere bai.

X. M. Nik asko ez ditut ezagutzen, baina, ezagutzen ditudanak maila handia dute. Hori bai, zentzu horretan beldur handirik ez dut, ez baikoaz irabaztera. Gero eta maila handiagoa orduan eta aberasgarriagoa, eta entzuleek ere eskertuko dute hori.

Bikote bakoitzak hiru pieza aurkeztu beharko ditu.

L. Z. Hor berritasuna badago, izan ere, balsa eta ranchera jotzeko aukera ez da egon orain arte. Popurria edo fandangoa jarri izan dute behartutako piezetan, baina aurtengo aukera ez.

A. M. Fandangoa, arin-arina... izan ohi dira normalean, beraz, harritu gintuen. Erritmo mota bakoitzetik bana aukeratu behar zen, hau da, trikitia aukeratzekotan arin-arina behar zuen, eta porrusalda izatekotan fandangoa. Balsa eta rancheraren letrak euskaraz izan behar zuen derrigor.

Nola egiten da txapelketarako piezen aukeraketa? Errazera eta ziurrera jotzea da egokiagoa edota konplikatura?

X. M. Pentsatu ditugun piezetatik bi zerotik ikasi eta prestatu beharra izan ditugu. Ez dira bereziki teknikoak, politak eta desberdinak, trikitiarekin egin gabekoak iruditu zaizkigulako aukeratu ditugu.

L. Z. Guk ere sortu egin ditugu piezak. Egia dena da piezarik errazena jota ere ezin duzula ziurtatu txapelketaren unean hutsik egingo ez duzunik, urduritasunak eragin handia baitu. Baina, dena den, abestiei konplikazio pixka bat sartzen saiatu gara.

A. M. Gure kasuan, gustuko hiru piezekin osotasun bat bilatzera joan gara.

Nola osatuko da txapelketa?

L. Z. Zozketa egin, eta hamaika bikoteek egokitutako hurrenkeran eskainiko dute euren emanalditxoa.

Zer zaintzen da bereziki horrelako txapelketa batean?

L. Z. Txapelketa ia guztietan, esaterako, baserritarrez jantzita joatea derrigorrezkoa izan da. Oraingoan aukeran zegoen janzkera. Dena den, hori ez dute baloratzen. Epaileena ere berritasuna da. Orain arte eszenatoki aurrean edo albo batera egoten ziren, beraz, parte hartzaileek ikusi egiten zuten epaimahaia. Txapelketa honetan ez ikusteko moduan egongo omen dira.

A. M. Trikitilarion artean ia guztiok elkar ezagutzen dugu, eta epaile moduan nor ariko zen ari zirela ezagunak epaitzeko erantzukizuna ez zuen inork hartu nahi. Horregatik epaimahaia ez da agerian egongo.

Ikusmina sortzen ari al da txapelketa?

L. Z. Ez nuke jakingo esaten. Egia dena da oso gertu ez gaituela harrapatzen, eta ordua ere arraro xamarra dela.

A. M. Gurean ordutegi horretara agian ez gaude ohituta, baina, esango nuke sortu duela ikusmina. Partaideen zerrenda argitaratu zenean konturatu nintzen hainbatek ere bazekitela nork parte hartuko zuten, eta bertaratzeko asmoa azaldu duten trikitilariak ere badira. Hori bai, zuzenean ez bada ondoren txapelketako bideoak sareratzen dituztenean ziur jendeak gustura ikusiko dituela. Nik behintzat joango ez banintz ziur ikusiko nuela internet bidez.

Sariak behintzat potoloak jarri dituzte.

L. Z. Bai, normalean txapelketetan izaten direnekin alderatuta oso handiak dira.

A. M. Gehiegi ez dut begiratu, baina, ikusi dut beheko postuetarako denentzat sari bera dela.

Lehendabizikoaren ostean, guztia ondo bidean, bigarrena ere etorriko da datorren urtean. Bertan izango zarete?

L. Z. Nik uste dut baietz, ez bada oso oker joaten behintzat.

X. M. Aurten egin beharrekoak egingo ditugu, eta horrela jende gehiagok izena emateko bidea zabaltzen badugu, gustura. Ikusiko da hurrengo urtean zer gertatzen den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!