Proposamenak bertan behera geratu dira Enirio-Aralar Mankomunitateko ezohiko batzarrean

Imanol Garcia Landa 2017ko uzt. 6a, 10:57

Aranzadi Zientzia Elkartea dagoeneko Aralar Natur Parkeari buruz txostena egiten ari da, eta horrek eragin du aurkeztutako proposamenak ez eztabaidatzea.

Astelehenean egindako Enirio-Aralar Mankomunitateko ezohiko batzarrean bertan behera geratu ziren eztabaidagai zegoen puntuko bi proposamenak, «elkarbizitzaren eta adostasunaren alde eginez», mankomunitatetik azaldu dutenez. Ezohiko batzarra egitearen arrazoia, mankomunitatean EH Bilduk dituen zazpi ordezkarik idatzi bat aurkeztu zutela izan zen, Aranzadi Zientzia Elkarteari Aralar Natur Parkearen kudeaketa integralerako plan bat eskatzeko. Aranzadik jada plan hori egiten diharduenez eta «krispazio egoera» ikusita, EH Bilduk erabaki zuen batzarrean bere eskaera erretiratzea. Beste proposamena, Aranzadik txostena ez egiteko eskatzen zuena eta Jose Miguel Santamaria mankomunitateko lehendakariak aurkeztutakoa ere, bertan behera geratu zen.

Mankomunitateak ohar bidez jakinarazi duenez, Aranzadik txostena amaitzean aztertua izango da, «baina honek ez du inbertsio planaren gauzatzea baldintzatuko, Mankomunitateko ordezkari guztiek hala adostuta». Batzarrean mankomunitateko ordezkari guztiek «adostasunetara heltzeko eta liskarrak albo batera uzteko» borondatea azaldu zutela gaineratu du. Bi idatziak bertan behera uztea «oso modu positiboan» baloratu du Santamariak.

Bere aldetik, EH Bildutik espero du idatzia bertan behera uzteak balio dezala «tentsioa baretzeko, elkarbizitzan sakontzeko eta sektore ezberdinen behar zein nahiei hobeto erantzuteko». Bestalde, mankomunitateak zabaldutako oharraren zati batekin ez dator bat, hau da, ordezkari guztiek adostu dutela Aranzadiren txostenak ez duela inbertsio planaren gauzatzea baldintzatuko. «Argi utzi nahi dugu horrelakorik ez dela inon adostu mankomunitatean», esan du EH Bilduk. «Are gehiago, ulertzen dugu Aranzadiren txostena aztertuko denez, mankomunitateko lehendakariak borondate argia adierazi beharko lukeela egoki ikusiko liratekeen moldaketekin kudeaketa plan adostuago bat onartzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!