Atzera bueltarik ez

Imanol Garcia Landa 2017ko uzt. 5a, 08:02
Abaltzisketako Txalburu eskolan, haur batzuk liburutegiko tailerrean.

Zizurkilgo San Millan eskolan eta Abaltzisketako Txalburu eskolan martxan izan duten '100 lengoaia, 11 esperientzia' proiektuaren balantzea egin dute.

Hiru ikasturte bete dira Zizurkilgo San Millan eskolan eta Abaltzisketako Txalburu eskolan 100 lengoaia, 11 esperientzia proiektua martxan jarri zutela. Eta ondorio nagusietako bat aurrera jarraituko dutela da. «Honek ez du atzera bueltarik, eta ez dugu inongo momentutan hori zalantzan jarri. Ametsa egi bihurtzen ari da», esan du Elena Laiz proiektuaren koordinatzaileak. «Ezingo genuke aurrekora bueltatu. Aurrekoa ez zen txarra, guk egin genuen eta horretatik gatoz, baina ezingo genuke atzera egin». Bide batez, Laizek gogora ekarri du eskola txikietan aspaldi dabiltzala «beste era batera» lanean: «Ez gara zerotik abiatu honetara. Salto handi bat egin dugu, baina ez da hiru urteko kontua bakarrik».

Pasa den astean proiektuaren hiru urteen balantzea aurkeztu zuten Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatean. Garbi zuten hiru urte hauen ondoren aurkezpena egingo zutela, «bizi izandakoa, gure hausnarketak eta guk ateratako ondorioak zabaldu nahi genituelako», esan du Alaitz Zengotitabengoak, San Millan eskolako proiektu arduradunak. Laizek gaineratu duenez, «haziak erein nahi izan ditugu. Gero ez dakigu noiz haziko diren baina norbaiti zerbait iritsi bazaio, pozik gaude». Aurkezpena entzutera joan ziren askok zoriondu zituzten eta beraien eskoletara «indartsu» itzuliko zirela esan zieten, «eskoletan aldaketa txikiak egiteko gogoarekin».

«Garrantzitsua» iruditzen zaie irakaskuntzan «aldaketak» ematea: «Gizarteak aldaketak egin ditu, eta eskolak jarraitzen du orain dela urte asko bezala lanean. Nahiz eta hitzez esan ohi den haurren beharrak ditugula oinarri, jakin badakigu gehienetan ez dela horrela izaten».


Zizurkilgo San Millan eskolan, haur batzuk tailerretako batean.

 

IKASGELETATIK TAILERRETARA

Francesco Tonucci pedagogoak proposatuta, ikasgelak kendu eta tailerrak jarri dituzte, «eskolak kanpoko bizitzarekin hausturarik ez izateko». Aroztegia, liburutegia, zientzia, mugimendua eta artea dira tailer horiek. «Tailerrik gabe ezin izango lirateke gertatu gertatu direnak», esan du Zengotitabengoak. «Haurrak benetan aritzen dira lanean bertan».

Tailerrak hornitzerakoan kontuan izan dute materialak benetakoak izatea. «Ez da umeentzako propio egindako material didaktikoa deitzen zaion hori, benetako materialak dira», esan du Zengotitabengoak. «Adibidez, aroztegian erabiltzen dituzten zerrak ez dira plastikozkoak, benetakoak dira; berdin mailuak eta iltzeak». Modu horretara haurrek ikusten eta sentitzen dute «benetan ari direla lanean, benetan ari direla nahi duten hori eraikitzen». Baliabideak ez ezik, beharrak eta helburuak ere benetakoak direla gaineratu du Laizek: «Benetako altzariak ari dira egiten. Eskolan behar izan ditugun liburutegirako armairu moduko batzuk, adibidez, aroztegian egin ditugu».

Ondorioetako bat da ikasleek «sekulako balorea» ematen diotela benetako materialekin eta benetako behar eta helburuekin aritzea. «Izugarri ondo pasatzen dute eta serio aritzen dira», dio Laizek.

Adin aniztasuna ere bazuten aurretik bi eskoletan, baina hor beste pauso handi bat izan da, ikasle guztiak, 2 eta 12 urte bitartekoak, elkarrekin egon baitira. «Horrek duen aberastasuna izugarria da», esan du Zengotitabengoak. «Egoera oso bereziak gertatzen dira. Handietako bat nola egon daitekeen txiki batekin ia hitz egin gabe, edota haur txiki bat handi bat aroztegian nola ari den lanean, edota handi batek txiki batzuei ipuinak kontatzen. Hor gertatzen diren harremanak eta egoerak izugarriak dira, eta egoera horiek ikusten ari gara». Etengabeko interakzioa dagoela azaldu dute, «bizitza errealean bezala».

Hiru tailer izaten dituzte irekita une berean, eta haur bakoitzak erabakitzen du horietatik nahi duena, eta nahi dutenean aldatzen dira. «Ematen du sekulako iskanbila egon behar duela, eta guztiz kontrakoa da», esan du Zengotitabengoak. «Haurrak lasai-lasai daude tailerretan, eta baita pasiloetan eta beste espazioetan. Eskola guztian zehar ibiltzen dira, baina lasai». Hain justu, hori da ikusi duten beste ondorioetako bat. «Zenbat eta muga gehiago jarri haurrei, askatzen direnean orduan aztoratzen dira, eta orduan hasten dira zarataka», gaineratu du.

Laizek nabarmendu du eskolako bizitzan ez dagoela egun berdinik: «Haurrak elkartzen dira une oro nahi dutenekin. Ia orduero aldatzen da egoera, naturan bezala, mugimendua naturala da. Orain esan dezakegu eskola etortzea egunero abentura bat dela».


Abaltzisketako Txalburu eskolan, haur batzuk aroztegian.

 

BAKOITZAREN ERRITMOA

Denboraren pertzepzioan izandako aldaketa nabarmendu dute. «Batez ere aldatu dena da haurrari denbora uztearena: pentsatzeko, isilik egoteko, hitz egiteko, behatzeko, entzuteko...», esan du Zengotitabengoak. «Ez dute denbora galtzen nahiz eta isilik egon, nahiz eta albokoari behatzen egon».

Batzuetan haurren batek sofaren batean botata egotea behar duela diote. «Noski, berarengana joaten gara jakiteko nola dagoen, gaizki lo egin duen edo nekatuta dagoen jakiteko, baina behar hori duelako dago hor», esan du Zengotitabengoak. «Tarte bat hor egon ondoren, ikusten dugu gero martxan jartzen dela». Adin guztietako haurrekin horrela jokatzen dutela azpimarratu du Laizek.

Denbora ematen zaie ere ikaskuntzak ez aurreratzeko. «Lasaitasunez joan daitezela bere erritmoan», diote. Pentsatu izan dute haur batek denbora asko pasatzen duela irakurtzen eta ez duela ezer idatzi. «Kontua da irakurtzen pasa duen denbora guztiak gero bere fruitua ematen duela. Prest zegoenean pausoa emateko, eman du pausoa», esan du Zengotitabengoak.

Hasieran pentsatu zuten mugimendu tailerrean haur askok denbora asko pasako zutela, baina ez da hori gertatu. «Bakoitzak bere lengoaia du, bakoitzak bere natura du, eta hori azaltzen da, eta batzuk denbora gehiago ematen dute tailer batean edo bestean. Baina tailer guztietara joaten dira bakoitzean zerbait interesgarria dagoelako», esan du Laizek. Tailer bakoitzetik astean bitan pasatzea proposatzen diete haurrei, eta normalean horrela gertatzen dela diote.

Beste ondorioetako bat ikasle guztiak ari direla «ikaragarri hazten eta ikasten» diote. «Horretan ez daukagu zalantzarik. Bakoitzari bere denbora utziz gero, ezinezkoa da ez ikastea». Familiak gero eta lasaiago daudela gaineratu dute, «eta gero eta kontentuago egiten denarekin».

Hasieran zalantza batzuk bazituztela dio Zengotitabengoak, «baina hiru urte pasa ondoren, zalantza horiek uxatzen joan dira. Eta haur batek ez badu zerbait egin oraindik, badakigu beste batzuk egiten dutela, beraz bere momentuan egingo du».

Eskoletan bizi den giroa «mundiala» dela dio Laizek. Tratuari garrantzi handia ematen diotela dio, bai haurrei, bai irakasleen artean eta baita ere familiei. Haurrei tratu ona ematea ez dela bakarrik «goxoa izatea», esan du Laizek, «baita errespetatzea norbera nolakoa den, ez eskaintzea zentzurik ez duten gauzak, ez eskatzea ezin duena, ez larritzea, ez nabarmentzea ez duelako zerbait egin, ez epaitzea, ez konparatzea... Hori dena da umea errespetatzea, hori da umea maitatzea eta ondo tratatzea».

Bestalde, «umeak bezala» tratatu behar zaiela gaineratu du Laizek. Umeek pentsatzeko modu ezberdinak dituztela esan du, eta hori ulertzen saiatzea dela haiek errespetatzea. «Guri garrantzitsua iruditzen zaiguna, beraientzat ez dela horrela konturatzen gara. Beste begi batzuekin ikusten dute mundua», esan du Laizek, eta irakasleen betebeharra dela haurrekin batera joatea, ez haurrak beraiekin. «Beraiek ezin dira jarri helduen munduan. Baina aldi berean, helduak bezala, badituzte beraien interesak. Beste begirada bat dute, eta gu egokitu behar gara. Eta plazer bat da beraiekin batera joatea». 

Eskolan giro ona izateko eta haurren artean harremanak hobetzeko modua izan da haur bakoitzak berak nahi duenarekin egoteko aukera ematea. «Bakarka, binaka edota taldeka lana egiteko aukera dute, eta horrek harremanak izugarri hobetu ditu», esan du Laizek. «Lehen ez ziren txarrak, baina orain askoz hobeak dira harremanak, askatasuna dutelako, ez ditugulako behartzen orain taldeka lan egitera eta orain bakarka».

Beste ondorioetako bat izan da haurrek behatzen dutela irakasleek nola jokatzen duten, eta gero handiek txikiekin hori errepikatu egiten dutela. «Asko hitz egiten dugu elkarrekin, horrela gehiago ezagutzen ditugu, bai gurekin ari direnean eta baita haurrak beraien artean ari direnean», esan du Laizek.


Zizurkilgo San Millan eskolan, haur batzuk sukaldaritzan murgilduta.

ETA EBALUAZIOA?

Horrelako proiektu pedagogiko bat martxan jartzean, ikas komunitatean sortu daitekeen zalantza handienetakoa ebaluazioa izaten da. Zengotitabengoak gogora ekarri duenez, «Donostian egindako aurkezpenean, Tonuccik bideo bidez azaldu zuenez, ikasleak Lehen Hezkuntzako lehen mailetatik hasi eta seigarren maila arte denak gaindituta daude, eta gure pentsamendutan horrela da». Hori ez bada lortzen, ardura irakasleena dela diote. Izan ere, ebaluazioaren beharrik ez dagoela irmoki esaten dute: «Hori da administrazioak, helduok, kontrolerako sortutako aitzakia bat».

Zengotitabengoak eta Laizek nabarmendu dute egunero jasotzen direla eskolan gertatzen dena, egunero egiten dela behaketa lana, eta horien interpretazioa komentatzen dutela irakasleen artean. «Zentzumen guztiak piztuta ditugu eta haurrek esaten digutena eta ikusten duguna jasotzen dugu, argazkiak eta bideoak ere erabiltzen ditugu, eta gero idatziz jartzen dugu. Hori dena irakasleon artean elkarbanatzen dugu».

Haurrek ez dutela ebaluazioaren beharrik eta bakean utzi behar direla esaten dute. «Eskola barruko kontrol eta azterketa guztiak, eta kanpotik datozen azterketa guztiak zertarako?», galdetu dute. Hain justu, eskola kanpotik datozen azterketak «guztiz testuinguruz kanpo» daudela diote. «Ez dago ume estandar bat. Azkenean katalogatzeko eta konparatzeko bakarrik balio dute. Ez diogu inori mugarik jartzen. Ez dago gutxieneko edo gehieneko bat», esan du Zengotitabengoak.

Hiru urte hauetan jasotako bizipenak eta ondorioak bi eskolatan izan direla azaldu dute. «Ezberdin joan da, ezberdinak direlako eskolak, eta bertako partaideak, baina oso bateratsu joan dira», esan du Laizek.

Zizurkilen eta Abaltzisketan martxan jarri duten proiektu pedagogikoa iraultzailea izan ote den galdetzean, bisitan joan zaizkienak esandakoak azaldu dituzte. «Esaten digute hau izugarria dela, hau iraultzailea dela», esan du Zengotitabengoak. «Eta hasi gara gu ere horrela hitz egiten. Eta sakon pentsatuz gero, egia da iraultza bat dela».

Finlandiako aditu baten bisita jaso zuten, esaterako. «Finlandian ez duela horrelakorik ikusi esan zigun. Baina ez hori bakarrik. Bost kontinenteetan egon omen da eta ezagutu ditu hezkuntza sistema pila bat, eta ez duela inoiz ikusi horrelakorik esan zigun», azaldu du Laizek. «Horrelako komentarioak entzunda, zerbait iraultzailea izango da egiten ari garena, bai».

Argi dute hiru urte hauetan martxan jarritakoarekin jarraituko dutela. «Hezkuntza sailetik ez digute mugarik jartzen; aurrera jarraitu dezakegu, beste eskola batzuetan aurrera jarraitzen duten bezala beraien pedagogiekin. Guk ez dugu tratu berezirik eta ezta ere debekurik eman horrela ez jarraitzeko», zehaztu du Zengotitabengoak. Eredu horrekin jarraituko dute, «nahi dugulako, familiek eskatzen digutelako, eta umeek halaxe nahi dutelako», gaineratu du Laizek.

Balantzea egiterakoan, San Millan eskolako seigarren mailako bi ikasleek ikasturte amaierako festan irakurtzeko idatzi zuten gutuna ekarri dute gogora. Irakasleei zuzendua zen, eta ondorengo hitzak jaso zituzten, besteak beste, gutunean: «Mila mila esker eman diguzuen maitasun eta laguntza guztiagatik. Guretzako San Millan eskola ez da eskola bat, bigarren etxea baizik. Denon artean familia eder bat osatu dugu, eta etorriko diren ume berriekin ere seguru gaude halaxe egingo duzuela (...). Zuek denok izugarrizko meritua duzue. Izan ere, badakigu proiektu hau aurrera eramateko lan izugarria egin behar dela. Eskerrik asko bihotz bihotzetik gu gustura sentiarazteko egin duzuen guztiarengatik. Izugarri maite zaituztegu».

Zizurkilgo San Millan eskolako aroztegiaren ikuspegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!