Sortzaile berrien tailerra

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 30a, 13:58

Ahozko Sormen Tailerra eskainiko dute Galtzaundik eta Bertsozale elkarteak, hurrengo ikasturtean

Ahozkotasuna ardatz izango duen aisialdia sustatuko dute, 2017-2018 ikasturtean, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Bertsozale elkarteak. Ahozko Sormen Tailerra (AST) izenburupean, eskaintza berria izango dute Tolosaldeko gaztetxoek, eta aurrematrikula egiteko aukera dute jada, Galtzaundin bertan.

12 urtetik 18 urtera bitarteko neska-mutilei begirako proiektua da AST, eta helbururik behinena euskarazko kultur sorkuntza eragitea da, «ahozko euskal kulturaren tradizioan transmisio osoagoa eginez».

Ahozkotasunak, ordea, diziplina bat baino gehiago ukitzen ditu, eta tailerrak errealitate horri erantzungo dio: guztira, bost diziplina landuko dituzte AST proiektuan: antzerkia, bertsolaritza, kantagintza, dantza eta ipuin kontalaritza.

Tailerreko ikasleek kultur adierazpide horiek guztiak ezagutzea da antolatzaileen asmoa, eta bakoitzetik pixka bat edatea. Modu horretan, etorkizunean horietakoren batean espezializatzeko harra piztea da nahia: «Gauza jakina da eskualdean bost diziplina horiek bereziki lantzen dituzten taldeak badirela eta, ASTren bitartez, bost adarretara gerturatuz, horietakoren batera gerturatzea errazagoa izango da», diote antolatzaileek.

Finean, etorkizuneko kultur eragile aktiboak hezi eta sortu nahi dituzte proiektuaren bitartez: «Zaleak, antolatzaileak, aktoreak, ipuin kontalariak, bertsolariak, kantariak,...».

Liburu eta eskoletatik kanpo ere bada euskara

Sorkuntzari lotutako helburuekin batera, ordea, Ahozko Sormen Tailerrak badu beste gogo nabarmen bat ere: euskararen ahozkotasuna lantzea.

«Ahozko espresiorako trebezia eta baliabideak landuko dituzte, eta hizkuntzaren alde ludikoa ezagutzeko aukera izango dute ikasleek», azaldu dute Galtzaundiko arduradunek.

Azkenik, kulturari eta hizkuntzari begirako dohainekin batera, neska-mutilek gaitasun pertsonalak lantzea ere bilatuko du egitasmoak. Besteak beste, komunikazio gaitasuna, jendaurrean hitz egitea, memoria lantzea, gainerakoen lekuan jartzea nahiz jarrera sortzailea sustatuko dizkiete irakasle adituek.

Genero bakoitzeko aditu bat ariko da irakasle taldean, eta egitaraua elkarrekin prestatuko dute. Ikasturtea urrian hasi eta maiatzean amaituko dute, eta astean ordubeteko saioa izango du tailerrak, Tolosan.

Matrikulazioa irailean zabalduko duten arren, aurrematrikulazioa egin daiteke jada, konpromisorik gabe; irailean, lehentasuna izango dute aurrematrikulazioa egiten dutenek.

Horrenbestez, www.galtzaundi.eus atarian nahiz Galtzaundi Euskara Taldeak Nafarroa etorbidean duen bulegoan aurrematrikula egiteko aukera izango da jada, uztailaren 21era bitarte. Informazio gehiagorako, 943 65 50 04 telefonora dei daiteke, edo galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera idatzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!