21 irribarre berri, Tolosaldeko udari

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 30a, 13:35
Argazkia: Tolosako Udala

Haur sahararrei ongietorria egin zieten, atzo arratsaldean, Tolosako pleno aretoan; abuztu amaierara bitarte, 21 neska-mutilek eskualdean pasatuko dute uda.

Basamortuko beroa utzi eta, beste urtebetez, Euskal Herrira bidaiatu dute ehunka haur sahararrek. Tolosaldean 21 neska-mutil izango dira Oporrak Bakean proiektuari esker, eta atzo bertan egin zieten harrera, Tolosako Udaletxean.

Olatz Peon Tolosako alkateak azpimarratu zuen, haurren osasuna berreskuratzeko egonaldi ezin hobea dela udakoa eta, halaber, herri sahararraren egoera salatu zuen.

Izan ere, lehen egunetan mediku azterketak eta igeriketa ikastaroa egingo dituzte eta, gero, irteera eta askotariko jarduerez beteta izango dute uda. Egonaldia biribiltzeko, noski, sahararren agur festa ospatuko dute, Tolosan.

21 haur eta 10 familia

Guztira 21 neska-mutil iritsi dira Tolosaldera, eta 10 harrera familiatan pasatuko dute egonaldia: 6 Tolosan, 3 Anoetan eta 1 Villabonan. Beste 11 haurrak, berriz, Tolosako Udalak utzitako etxe batean egongo dira; aterpetxe gisa egokitu dute.

Bide horretan, Olatz Peon alkateak eskerrak eman nahi izan zizkien, atzo, bai familiei, bai aterpetxeko boluntarioei: "Haurren ongizatea buruan izan duzue. Mila esker guztiei, haur horiei eskainiko diezuen denbora eta, ziur naiz, maitasunagatik".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!