Altuna III.a iragarrita dago

Asier Imaz 2017ko eka. 30a, 13:10

Birus baten ondorioz tripetatik gaizki ibili da amezketarra; atzo Mungian ez zuen jokatu, baina igandean jokatzekoa da.

Aspe enpresaren karteldegian Jokin Altunaren izena agertzen da, igandeko partidari begira. Lau t'erdiko San Fermin Txapelketako finalerdia jokatu behar du amezketarrak, uztailaren 2an, Sopelan. Azken egunetan, ordea, tripetako minez ibili da Altuna III.a, eta atzo, Mungian jokatu behar zuen partidan ez zen egon. Bere ordez, enpresak Iker Irribarria jarri zuen.

Aurreko asteburuan, birus baten ondorioz, latz sufritu zuen Jokin Altunak Elezkano II.aren aurkako partidan. Hala eta guztiz ere garaipena lortu zuen aurrelari amezketarrak: 22-17. San Fermin txapelketako final laurdenetako partida zen. Geroztik lau kilo galdu ditu Altuna III.ak. Hurrengo partida ostegunean zuen jokatzekoa, binaka, eta atsedena eman zion enpresak, igandeko partidari begira.

Sopelan, igandean, bere aurkaria Mendizabal III.a edo Ezkurdia izango da. Elkarren aurka jokatu behar duten partida irabazten duena, hain zuzen ere. Pilota jaialdia 16:30ean hasiko da, eta lehen partida binakakoa izango da, Elezkano II - Martija eta Jaka - Zabaletaren artean.

San Fermin Txapelketako beste finalerdia Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak jokatuko dute larunbatean, 22:00etatik aurrera, Barañaingo Retegi pilotalekuan.

Finala uztailaren 7an jokatuko da Iruñeko Labrit pilotalekuan, 12:00etan.

III. Ataria Txapelketako finalak

Alegiako Elorri pilotalekuan III. Ataria Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dira bihar, larunbata. 10:00etan hasiko dira benjaminak, eta ondoren, sei partida gehiago ikusteko aukera izango da; eskuz eta paleta gomaz. Ataria Irratia-k zazpi finalen zuzeneko kontaketa egingo du Alegiatik. Pilotariek, antolatzaileek eta ikusleek ere irratian hitz egiteko aukera izango dute, Elorrin gertatzen dena eskualde osoan zabalduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!