Bertatik bertara, ez ahazteko

IƱigo Terradillos / Josu Artutxa 2017ko eka. 29a, 10:42
Irati Arrillagak errefuxiatuen egoera gertutik ezagutu du Grezian, bere ahizpa Irenerekin batera; orain Melillako karabanan parte hartuko du. TOLOSALDEKO ATARIA

Hegoaldeko mugetako errefuxiatuen egoera salatu asmoz, Melillaraino karabana antolatu du Ongi etorri, errefuxiatuak-ek.

Gipuzkoatik Melillara joateko, Ongi etorri, errefuxiatuak taldeak, beste hainbat eragilerekin batera, karabana antolatu du hegoaldeko muga bezala ezagututako gunera. Ekimen honekin, migrazio asilo eta mugetako kontrol politikak salatu nahi dituzte. Ongi etorri, errefuxiatuak ekimenak, Gipuzkoan ere badu talde bat, eta bertako kidea da Irati Arrillaga tolosarra. Karabana hori, uztailaren 14tik 22ra bitarte egingo da, eta bere esanetan, «etorkin eta errefuxiatuen heriotzak salatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, betiere, indarkeriarik gabeko salaketaren bitartez, baita hainbat gobernurekin sinatutako akordioak, giza eskubide ugari urratzea ekartzen dutelako».

Salaketa horiek egitera, gainera, bertara, giza eskubideen urraketak ematen diren tokietara joango dira, eta ekintza ugari egingo dituzte. «Madrilen estatuko beste talde batzuekin elkartzea da asmoa, Melillara iritsi baino lehen», adierazi du Arrillagak. Sevillan izango dira lehenik, bertan egingo dute ekitaldietako bat. Handik Tarifara inguratuko dira, urraketak ematen diren zentroetako baten aurrean ekitaldia egiteko. «Jendeak agian ez ditu asko ezagutzen. Bertan sartzen dituzte etorkinak, kartzelatuak balira bezala, egoera tamalgarrietan edukitzen dituztelako; gainera, bertan gertatzen denaz ez daukagu informazio handirik, eta zaila da hori lortzea, bertako arduradunek sartzen ere ez dizuetelako uzten».

Tarifan egun batzuk igaro ostean, Melillara joango da karabana, bertan hiru egun pasatzeko. «Bertan, ekitaldiak egingo ditugu mugako hesiaren aurka; hala ere, hori ezin dugu guztiz zehaztu, hori antolatzen bertako taldeak ari direlako , eta gu laguntzera besterik ez goazelako».

Beste talde edo eragile askorekin antolatutako ekimen honetan, edonork har dezake parte eta gonbita luzatu nahi die Arrillagak herritarrei: «Askotan, jendeak zalantza egiten du, pertsona bakarra txikia senti daitekeelako horrelako gauza baten aurrean». Informazio guztia, www.abriendofronteras.net webgunean aurki daiteke, eta bertan eman daiteke izena, ekimenean parte hartzeko.

Datu ikaragarriak

Guzti honekin, «nahikoa dela» adierazi nahi dute, xenofobia salatu eta ahulenen duintasuna defendatzeko. Duela gutxi gainera, errefuxiatuen eguna ospatu zen, eta egun hori baliatu nahi izaten zuten errefuxiatuen inguruko datuak plazaratu eta kontzientzia pizteko. Iaz, esaterako, 65 milioi errefuxiatu baino gehiago kontatu zituzten, indarkeriagatik, gerragatik edota jazarpenengatik behartuak izandakoak. Bi urtetan, 6.500 hildako zenbatzen dituzte, eta azken egunetan ehunka pertsona hil dira itsasoan, iheslarien erdiak haurrak zirela. «Datuak ikaragarriak dira, eta okerrena da, egunero entzuten ditugunez, oso barneratuta ditugula eta egoera erabat normalizatuta dagoela».

Karabanan parte hartzeak, herritarrak gehiago sentsibilizatu eta mezuak hobeto zabaltzeko balioko du. Aldarrikapen horiek egitearekin batera, tragedia edota egoera horiek bertatik bertara ikusteko aukera izango dute herritarrek. «Hala da, bai. Nik ezagutzen ditut errefuxiatu batzuk, izan ere, nire ahizpa Irenerekin, Greziara bidaiatu nuen Aste Santuan, eta Atenasen egon ginen, bertako errefuxiatuekin egon eta beraiei, ahal genien heinean behintzat, laguntza ematen», eta gehitzen du, «beraientzako garrantzitsuena, beraietaz ez ahaztea dela diote, beraiek handik ezin dutelako ezer handirik egin, ez dietelako uzten, baina guk hemendik gehiago egin dezakegula iruditzen zait; beraien nahia, gure aldetik hor daudela gogoraraztea da, jendeari horren inguruan informatzea».

Egoera mardula

Tolosan izan berri dira taldeko kideak, karabana honen inguruko informazioa eskaini eta nondik norakoak azaltzeko. «Egia esan, oso-oso zaila da jendea inplikatzea, udara izanik, jende askok bere oporraldia aprobetxatu nahi duelako, eta beste batzuk, lan egin beharko dutelako egun horietan»; eta jarraitzen du, «baina, aitortu beharra daukat ez zela jende asko hurbildu, eta askotan pentsatu izan dugula zer eta nola egin beharko genukeen jende gehiago hurbiltzeko».

Azken mezu bat ere bota nahi izan die Arrillagak, oraindik ere, parte hartu hala ez erabakitzeko zalantzan dauden herritar guztiei, aldarrikapen karabana honetan bidaiatzera animatzeko: «Denek eman dezakete zerbait egoera normalizatzeko; sentsibilizatzeko eta indarrak hartzeko balio dute egoera horiek, eta gertutik ezagutu ahal izango dira».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!