Hiritik baserrirako zubigintzan

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 28a, 12:44

Gipuzkoako eta Bizkaiko 29 baserrik parte hartuko dute laugarren 'Ongi etorri baserrira' egitasmoan; bertako produktuen atzeko lana eta bizimodua ezagutaraztea du helburu ENBA sindikatuak.

Laugarren urtez, Gipuzkoako eta Bizkaiko 29 baserritako bizimodua bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko du Ongi etorri baserrira egitasmoak. Hitzorduak uztailaren 7an eta 8an izango dira, eta Tolosaldean ere izango da bisitatzeko gunerik: Aralarko artzain borda bat, batetik eta Asteasuko Bulano baserria, bestetik.

Ongi etorri baserrira proiektuaren sorburuan ENBA sindikatuko barne-gogoeta bat dago, Xabier Iraola sindikatuko koordinatzaileak ATARIA IRRATIA-n azaldu duenez: «Proiektua 2014an jarri genuen martxan, sindikatuko gogoeta baten ondorioz. Antzematen genuen, nahiz eta baserritarrak eta hiritarrak fisikoki edo gegrafikoki oso gertu egon, sozialki oso urrun gaudela. Horrela, pauso bat eman beharra ikusi genuen, eta gure baserrietako ateak zabaltzea erabaki».

Egitasmoak helburu argi bat du: gizartea baserriko mundura gerturatzea, eta bertako lanaren inguruan sentsibilizatzea. Izan ere, ENBAren iritziz, «hiritarrek bertako produktua eta baserriko lana aintzat hartzen dituzte, baina, oro har, horren guztiaren atzeko lana ez dute ezagutzen erostera joaterakoan».

SUKALDEKO LANAK, PLAZARA

Hiritarrak baserritik urrun ikusten zituztelako ekin zioten baserrietako ateak irekitzeari. Xabier Iraolak, ordea, argitu egin nahi izan du hiritar izatea zen den: «Aurreko urteetan argi eta garbi ikusi dugu: hiri handietako bizilagunek gure deialdia eurentzako dela sentitzen dute. Herri ertain eta txikietako herritarrek, aldiz, ez dute horren beharrik sentitzen. Kontua da, hiritarrak Donostian, Irunen edo Eibarren daudela, baina baita Tolosan, Ordizian, Ibarran edo Amezketan ere».

Horregatik, denda batera bertaratu eta produktu bat eskuratzerakoan, horren guztiaren atzean dagoen lana ezagutaraztea da jomuga: «Kontsumitzera doazenean, bisita egin dutenei gogora etorriko zaie baserri bat bisitatu zutela, eta esnea egiteko prozesua ezagutu zutela, adibidez. Izan ere, etxeko leihoak ireki eta paisaje berdea ikustea, edo igande goizetan Izaskunera nahiz Larraitzera igotzea, hori ez da baserria ezagutzea», dio Iraolak.

ASTEASU ETA LARRAITZ

Ongi etorri baserrira egitasmoak uztailaren 7a eta 8a hartuko ditu, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko 29 baserri ezagutzeko aukera eskaini.

«20 ibilbide prestatu ditugu, eta ibilbide gehienak baserri bakarrekoak dira», zehaztu du Iraolak. Horrela, egunak ere zonaldeen arabera antolatu dituzte, eta Tolosaldeak uztailaren 8an hartuko du proiektua. Batetik Asteasuko Bulano baserria bisitatzeko aukera izango da eta, era berean, Joseba Intxausti artzainarekin, Aralarko borda bat bisitatu ahal izango dute parte hartzaileek.

Xabier Iraolak azaldu du, eskaerei erantzunez, aisialdi talde zenbati txertatu zituztela bisitetan. Hala ere, «ez zuen behar bezala funtzionatu», eta ENBAko antolatzaileen iritziz, Ongi etorri baserrira familian egiteko plan egokia da: «Haurrak informazioa jasotzen ari diren heinean, beren guraso edo arduradunak galderak egiten hasten dira, haurrak gauza gehiagoz jabetzeko. Horregatik, guri familia giroko publikoa interesatzen zaigu».

Hilaren 7an eta 8an baserri mundura gerturatu eta bertako errealitatea barrutik ezagutu nahi dutenek, aukera dute, jada, nahi duten hitzorduan izena emateko, www.ongietorribaserrira.eus atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!