Batzuek txapela, besteek ia-ian

Asier Imaz 2017ko ekainaren 27a

Tolosako Lau t'erdiko San Juan Pilota Txapelketako finalistak, larunbatean, Beotibar pilotalekuan. ASIER IMAZ

Txapela ugari banatu dira asteburuan pilota munduan, eta eskualdekoak bertan izan dira; zuzenean edo zeharka.

Berria Txapelketan Tolosa CF-Aurrerak finala jokatu zuen Hernanin, igandean, Usurbilgo Pagazperen aurka. Bikain hasi zen lehia, kadeteetan garaipena lortuz 22-7. Jubeniletan gauzak zail egongo zirela jakina zen, eta horrela izan zen: 5-22. Finala parean zegoen, eta nagusien mailako partidak erabakiko zuen txapela Usurbilera edo Tolosara joango zen. Labaka-Telletxea alde batetik, Santxo-Gorrotxategi bestetik. Azken hauek irabazi zuten norgehiagoka, 19-22, eskualdekoak ia-ian utziaz.

Tolosaldeko pilotaririk ez egon arren, Tolosako Beotibarren hiru txapela banatu ziren larunbatean, Lau t’erdiko San Juan Pilota Txapelketan. Kasu honetan ia-iako handirik ez zen egon, irabazleak kantxan nagusi izan zirelako. Kadeteetan Unai Alberdi; jubeniletan Mata eta etorkizunekoetan Zubizarreta. Pilotalekuak itxura ederra erakutsi zuen finalean, San Joan Egun handia izanagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!