Altuna III.ak bai, Jakak ez

Asier Imaz 2017ko ekainaren 26a

Jokin Altunak "meritu bikoitza" duen garaipena lortu du San Fermin Txapelketako final laurdenetan.

Lau t’erdiko San Fermin Txapelketako bi partida jokatu ziren igandean, Eibarren eta Arrasaten. Altuna III.ak Astelena pilotalekuan jokatu zuen, ahal izan zuen bezala. Tripetako minez ibili zen egun osoan zehar amezketarra, eta hala eta guztiz ere partida jokatzea erabaki zuen. Elezkano II.a 17an utzi zuen Jokin Altunak.

Ekaitz Saralegi botileroaren esanetan, izugarri sufritu zuen Altuna III.ak partida osoan zehar ondoezagatik,  «gehiegi». Horregatik, garaipenak «meritu bikoitza» duela azpimarratu zuen amezketarrak.

Orain, astebete izango du atseden hartzeko Jokin Altunak. Finalerdietako partida igandean jokatuko du, Ezkurdia eta Mendizabalen arteko garailearen aurka. Hain justu, Mendizabalek utzi zuen txapelketatik kanpo Erik Jaka Arrasaten. Retegi Bi-ren ordezkoak erraz garaitu zuen lizartzarra, final zortzirenetan.

Ezkurdia eta Mendizabalen artekoa ostegunean jokatuko da, Mungian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!