Proposamenak jaso ditu foru aldundiak Tolosaldean

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 22a, 19:21
Irurako saioko argazki bat. TOLOSALDEKO ATARIA

‘Aurrekontu irekiak’ prozesu bidez osatu nahi du 2018ko aurrekontua eta horretarako egunotan karpa jarri du aldundiak eskualdeko hiru herritan.

Astelehenean Irurako plazan, asteartean Asteasukoan eta atzo, Villabonako Berdura plazan egon zen jarrita herritarren iradokizunak jasotzeko karpa. Lehentasunak eta proposamenak bildu, aztertu eta aurrekontuan txertatzeko helburuarekin jarri du martxan ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak. Maiatzaz geroztik dabiltza herriz herri eta Imanol Lasa, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazio diputatuaren esanetan, «herritarren beharrei pultsua hartu, eta haien iradokizunak pertsonalki jaso eta entzuteko» asmoz abiatu dute.

Iruran, zarataren kontrako panel gehiago eskatu zituzten astelehenean eta autobidera irteera berri bat eta bidegorria nahi zutela ere adierazi zuten herritarrek. Asteartean Asteasun, autobus zerbitzuan maiztasun handiagoa eta Zizurkilera doan errepidean hobekuntzak eskatu zituzten bertaratutakoek. Euskara bultzatzeko eskaera ere presente izan zuten asteasuarrek.

Egunotan Iruran, Asteasun eta Amasa-Villabonan bildutakoekin aldundiak 3.000 proposamen baino gehiago jaso ditu guztira, iazko kopurua nabarmen gaindituz. 2016an 1.168 ekarpen jaso zituzten 1.547 lagunengandik. Aurten, ordea, herri gehiagotara iritsi da aurrekontu irekien inguruko karpa, orotara, 37 udalerritara –iaz baino 21 gehiago–.

Eragileekin bilerak

Iaz parte hartu zutenen bataz besteko adina 45 urtetik gorakoa izan zen eta beraz, gazteak erakartzea jarri dute aurten erronka handienetako bat bezala. Herrietara egingo dituzten bisitetan ahalegin berezia egingo dute, beraz, kolektibo jakinetara iristeko, besteak beste, hezkuntza zerbitzuetara, aisialdikoetara edota 16 urtetik gorako gazteengana.

Imanol Lasarekin batera, Joseba Muxika Herritarren Partaidetzarako zuzendariak topaketak egiten ditu hainbat eragilerekin, aldundiaren lana ezagutarazteko eta haien kezkak jasotzeko. 25 baino gehiago egin dituzte dagoeneko, eta astelehenean Iruran bertako alkate Ana Leundarekin bildu ziren. Lasak azpimarratu duenez, «aldundia zertan aritzen den azaldu nahi dugu xehetasun guztiekin, datuen bitartez esplikatuz nolako garrantzia duen aldundiak Gipuzkoaren egunerokoan».

Egun hauetan 10:00etatik 19:00etara egon da karpa zabalik, baina gerturatzeko aukerarik izan ez duten herritarrek hilaren 30era arteko epea izango dute beraien proposamenak aurkezteko. Horretarako bi modu daude: etxez etxe banatu den esku orria bete eta udaletxeko erregistroan entregatzea; edo Internet bidez parte hartzea www.gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Gipuzkoan etorkizunerako erronka nagusia zein den zehaztu  eta aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko luketen ere adierazi dezakete herritarrek. 16 urtetik gorako guztiek parte hartu ahal izango dute eta informazio eta aholkularitzarako bideak ere jarri dituzte, partaidetza@gipuzkoa.eus posta elektronikoan edo bestela 943 11 39 60 telefonoan.

Aldundiak azpimarratu duenez proposamen guztiek erantzuna edukiko dute memoria batean, zeinean arrazoituko den proposamena zergatik izan den alboratua edo onartua. Parte hartzaile guztiei helaraziko zaie txostena 2018ko urtarrilean. Horrez gain aurrekonturako onartutako eskaera edo proiektuak nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!