Beroari aurre egiteko bideetako bat da igerilekuko uretan sartuta egotea. Irudian, Asteasuko igerilekua. JON MIRANDA

Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekua eta Asteasuko igerilekua jendez gainezka daude ateak ireki dituzten lehen egunetan; haizagailuak ere agortu dira dendetan.

Haizagailuak dendetatik agortu dira. Izozkien kontsumoak gora egin du. Eta ahotik ahora dabilen kontua da, beroa. Ez da harritzekoa eguraldiaz hitz egitea, ordea. Ohikoa izaten da zer esanik ez den momentu horietan eguraldiaz hitz egitea. Baina aste honetako beroa hizketagai izateko motiboak ematen ari da. Tolosaldeko herritarrak ez daude ohituta eguzkiak horrenbeste berotzera: «Infernua ez dakit nolakoa den, baina hau ez da urruti ibiliko».

Etxea edota bulegoak fresko mantentzeko dena itxita izatea da gomendioetako bat. Baina ahaleginak egin arren, beroak bere zirrikitua bilatu ohi du barru guztiak berotzeko. Atzo iritsi bazen ere uda, uda giroko eguraldiak aspaldi esana zion agur udaberriari. Beroari aurre egiteko erremedioak ez dira errazak aurkitzen, baina eguzkiaren onena itzala omen.

IGERILEKUAK PREST

Uretan sartu eta fresko-fresko egotea aukeratzen dute askok, eta eskualdeak eskaintzen du aukera hori. Tolosako Usabal kiroldegi kanpoko igerilekuak hilaren 15ean ireki zituen ateak, eta lehen egunak jendetsuak izan dira. Beroari aurre egiteko denbora-pasa ederra izan ohi da. batzuetan, ordea, belar zati bat topatzea ere ez da erraza suertatzen. Irailaren 23a bitartean izango da zabalik, eta bide honetatik jarraitzen badu eguraldiak bisita ugari jasoko ditu igerilekuak.

Asteasukoa ere prest da. Ekainaren 10ean zabaldu zituen ateak, eta irailaren 10a bitartean izango da aukera bertako zerbitzuez gozatzeko. Hirugarren urtez jarraian hartu du igerilekuko tabernaren ardura Mila Eizagirrek.

Azken bi urteetako udak lanean eman ditu. Talde bat behar da tabernaren zerbitzua aurrera eramateko, eta aurten ez jarraitzekotan zegoen Eizagirre: «Bi aldiz eman nien ezezkoa udal ordezkariei, baina hirugarrengoan pena eman zidaten itxita utzi beharko zutela esan zidatenean».

Udalak lehiaketara ateratzen du igerilekuko taberna urtero. «Ondo eraman nahi baldin baduzu zerbitzua, ordu asko dira, eta niri ondo egitea gustatzen zait», gaineratu du Eizagirrek. Aurten, ordea, astean zehar ez dituzte afariak emango. Astelehenetik ostegunera 12:00etatik 20:30era egongo da zabalik taberna eta ostiraletik igandera, 12:00etatik afariak amaitu arte edukiko dute irekita. Herriko festetan bai eskainiko dute afarien zerbitzua. Egunero eskainiko dituzte bazkariak plater konbinatuekin.

Igerilekuaz gozatzeko aukera aldiz, 11:00etatik 19:45ak arte izango dute bertaratzen direnek. Inguruko herrietakoek joateko ohitura handia dutela dio Eizagirrek, eta ateak zabalik izango dituzte freskatu nahi dutenentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!