Energia berriztagarriak sustatzeko 50.000 euro jasoko ditu Tolosaldeak

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 21a, 11:58
Olatz Peonek sinatu zuen hitzarmena, Tolosaldea Garatzenen izenean. TOLOSAKO UDALA

Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu lau garapen agentziarekin; besteak beste «pobrezia energetikoari aurre egitea» da jomuga.

Elkarlana energia berriztagarriak sustatzeko tresna bilakatu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, bide horretan, hitzarmena sinatu berri dute Gipuzkoako bost garapen agentziarekin. Tartean da Tolosaldea Garatzen eta, ondorioz, eskualdeak 50.000 euroko diru laguntza jasoko du, energia planak garatu ahal izateko.

Aldundiko Ingurumen sailak sustatu ditu lankidetza hitzarmenak eta, Tolosaldearekin batera, Debabarrenak, Oarsoaldeak, Urola Erdiak eta Urola Garaiak ere parte hartu dute egitasmoa. «Eskualdeko erakundeekin batera lan egiten» ari direla azpimarratu zuen aldundiak agerraldian, helburu bakarrarekin: «Energiaren esparruan estrategia bateratua sustatzea, populazioaren eta herritarren ikuspuntutik».

Horrela, lankidetza hitzarmena mendekotasun eta pobrezia energetikoaren aurkako bide izatea da aldundiaren nahia: «Energia eredu iraunkorreko trantsizioari hasiera ematea da helburua eta, beraz, bost horiek plan estrategikoak dira».

LAU HANKAKO PLANAK

Ekarpen ekonomiko nagusia foru aldundiak egingo badu ere, elkarlan horretan beste hiru zutabe beharrezko izan dira, beren alea jarri baitute, bai eskualdeetako garapen agentziek, bai udalek, bai landa garapeneko agentzia nahiz elkarteek ere.

Bost eskualdek eta 48 herrik parte hartuko dute plan estrategikoak eta, pobrezia energetikoaren prebentzioarekin batera, herritarren kezkei erantzun nahi diote: «Energiaren prezioa gero eta handiagoaren inguruko kezkari erantzun nahi diogu, eta baita energia berriztagarriak garatzeko interesari ere», azaldu zuten prentsaurrekoan.

Aipatzekoa da, joan den urtean garapen agentziok lanean hasi zirela jada, sentsibilizazioa eta prestakuntza lantzen, pobrezia energetikoaren diagnosiak egiten eta hainbat sektoretan energia efizientzia sustatzen.

Orain, 50.000 euroko diru laguntza horren haritik, honako proiektuak garatu ahal izango dituzte, besteak beste, Tolosaldean: eraikin publikoetan energia efizientzia hobetzeko planak; energia berriztagarrietan oinarritutako instalakuntzak; energia berriztagarriekin elikatutako bero eta elektrizitate sareak ezartzeko planak; eta, azkenik, pobrezia energetikoa murriztu ahal izateko egitasmoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!