Urteko Batzarrak bilduta, elkartuago

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 21a, 10:53

Pasa den ostegunean egin zuen Tolosaldeko Komunikazio Taldeak urteko batzarra; ekitaldi formala Ibarrako pleno aretoak hartu zuen eta informala Sendi-Ekintza elkarteak.

Tolosaldeko Komunikazio Taldea gaztea bada ere, egutegiko orriak uste baino lehenago pasatzen dira. Honela, iragan ostegunean, ekainaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan, eskualdeko komunikabideak Urteko Batzarra egin zuen, jada hirugarren urtez.

Aurten ere, 40 bat lagun bildu zituen ATARIA-k. Ibarrako pleno aretoa beteta, Administrazio Kontseiluko kideak, eskualdeko udal ordekariak, kolaboratzaileak zein langileak elkartu ziren.

2016. urteak emandakoak azaldu ziren. Euskarri komunitibo ezberdinak prentsa, internet eta irratia azaltzeaz gainera, bestelako arloen berri ere eman zen: ekonomia, sustapena, harpidetzak, hobekuntzak...

Honetaz guztiaz gain, 2017. urtera begirako erronkak aurkeztu zituzten euskarazko komunikabideko langileek.

GERTUENEKOEN BABESA ESKERTZEKO MODUA

Egunero-egunero TOLOSALDEKO ATARIA-ren edukiak, euren kolaborazioekin aberasten dituzten lagunak asko dira. Urtean zehar haiek jarritako aleari erantzuna emateko modua bihurtu da Urteko Batzarra, eta baita euren iritzia entzuteko modua ere.

Esaterako, iaz solasteko gai proposamena autofinantzaketa izan bazen ere, aurten proiektuaren gizarteratzean jarri ziren begirada guztiak.

Honela, bilkuran bildutakoek euren proposamenak lasaitasun osoz konpartitzeko aukera izan zuten. Esaterako, tokiko komunikabideak jomugan izan beharreko batzuk zerrendatze aldera, gazteenga gerturatzeko moduak aztertzea aurkitzen da, etorkizuneko irakurleak izan behar direla kontutan izanda. Baita, eskualdeko eragile ezberdinekin elkarlanak sakontzea eta areagotzea, edota ATARIA-k berezkoa duen izaera multimendian lanean jarraitzea zein lan eredu eta eskaintza hori aberastea ere.

EGUNAREN AMAIERA, MAHAIAREN BUELTAN

Hausnarketak jaso eta aztertzen jarraitzeko egitekoa izango du ATARIA-k aurrerantzean. Aurretik ordea, kolaboratzaile sare zabalari egunez egun egindakoa ordaintzeko modu apala mahaiaren bueltan bildu eta Ibarrako Sendi-Ekintza elkartean afaria eskaintzea izan zen. Bilduta, elkartuago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!