Mintzola Ahozko Lantegiak egin du dokumentua, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bidez, izan ere, Mintzolaren "bokazioetako bat da bertsolaritzatik abiatuta, euskaraz, ahozko kultur sorkuntzan ari diren gainontzeko eragileekin elkarlanean aritzea", esan du Iñaki Murua Mintzola Ahozko Lantegiko lehendakariak.
Txostena osatzen 2016ko urtarrilean hasi ziren eta azaroan ireki zuten parte hartze prozesua. "Ibilbide luze eta aberatsa izan da, Xenpelarreko esperientzia hartu, orri txuri bat jarri, eta antzerkizaleen jakintza bildu dugu", esan du Nere Erkiaga Laka Xenpelarreko Dokumentazio Zentroko koordinatzaileak.
Guztira Euskal Herri osoko 105 antzerkizaleren esperientziak jaso dituzte lana egiteko, hainbat herritan antolatutako tailerretan parte hartuz edota zuzeneko elkarrizketen bidez, eta egoitza Bilbon duen Dantzertiren eta Iruñean dagoen Nafarroako Antzerki Eskolakoen "ideiak eta jakintza" ere bildu dituzte.
Erkiagak esan du lana antzerki eragile guztientzat izango dela baliagarria, izan profesional, amateur, zale huts, irakasle, ikasle edota ekoizle. Bi dira, beraz, helburuak: "Egungo euskarazko antzerki sorkuntzaren behatoki dinamikoa izatea eta garai zein lurralde guztietan euskaraz sortutako antzerkiaren memoria berreskuratu eta ezagutaraztea".
Txostena proposamen bat dela nabarmendu du Xenpelarreko koordinatzaileak eta baita dinamikoa dela ere. "Bizirik dagoen sorkuntza baten dokumentazio zentro dinamikoa izango da, eraldatzen joan daitekeena". Hizkuntza ikuspegia, aniztasuna eta elkarlana zainduko dituen elkarguneaz ere hitz egin du Erkiagak, eta baita dokumentazio egitasmoa bi planotan garatuko dela ere, hau da, "digitalki, internet bidezko plataforma baten bidez, eta fisikoki, Euskal Herri osoko antzerki eragileen topaleku izango den zerbitzu fisiko baten bidez".
Abiapuntu sendoa
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Eneritz Artetxek ere hartu du hitza eta tresna hau beharrezkoa dela esan du eta gehitu "instituzioen laguntza" ere behar dutela. "Instituzio publikoei dei egiten diegu antzerkiak duen balioaz jabetu eta babesa eman diezaioten. Euren laguntza behar dugu". "Komunikazio tresna edo ospakizun soziala, antzerkia, galkorra dugu, aztarna gutxi uzten dituen jarduera baita. Ezaugarri horrek egiten du eder eta berezi, baina aldi berean, etengabeko arriskuan jartzen du. Gure kasuan, gainera, teatroaren izaera galkorrak bat egiten du hizkuntza-diglosiarekin; hori dela eta, euskal antzerkiak aurre egin behar dion arazo estrukturalak bikoitzak dira", esan du.
Txostena abiapuntu "sendoa" dela esan du eta antzerkiak izandako gabezia handienetako bati aurre egiten lagunduko duela nabarmendu du. EHAZE dena den, hausnarketa prozesu batean murgilduta dagoela esan du Artetxek eta horregatik Mintzolak diseinatutako txostena eskuan, hurrengo pausoa zein izango den ez dutela zehaztu esan du.