Emakume kirolariak plazara

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 16a, 15:59
Bidaniako 2015eko festetan kirol erronka egin zuten herritarren artean (irudian). Iaz zein aurtengo festetan Bidania eta Errezilen artekoa izango da.

'Emakumea eta kirola' proiektua jorratzen ari dira Saiaz Mankomunitatean, Berdinbidean programaren bitartez. Besteak beste, festetako kirol ekitaldietan emakumeen parte hartzea sustatzea du helburu.

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea Berdinbidean egitasmoa lantzen dabil 2011 urtetik. «Urtez urte joan gara gai ezberdinak jorratzen, eta gogoa genuen kirolaren gaiari eusteko», esan du Elena Rikondo gizarte langileak. «Ikusten genuen oso garrantzitsua dela herri hauetan gai hori».

Emakumea eta kirola izeneko proiektua lantzen ari dira aurten, eta bertako dinamizatzailea den Izaro Zinkunegik bi aurrekari nabarmendu ditu: «Errezilgo eta Bidaniako festetan emakumearen parte hartzea dago kirol erronkaren bitartez, eta bestetik, bi herrien arteko elkarlana dago bai kirolaren arloan eta baita beste gai batzuetan ere». Bide horretan emakumea eta kirolaren gaia jorratzen hasi ziren, bereziki festen eta emakumeak plaza hartzearen testuinguruan.

Proiektu barruan ekimenak pentsatzerakoan ikusi zuten emakume gazteei zuzendutako saio bat egin behar zutela «eredu batzuk ikusteko, mutilak bakarrik ez direlako kirolariak», esan du Zinkunegik. Horren bueltan sortu zen mahai inguru bat egiteko asmoa, eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira kirolari profesionalak elkartu zituzten: Patri Espinar pilotaria, Eguzkiñe Peña Oiartzungo futbol jokalaria, Alba Menendez Bera Bera eskubaloi taldekoa, eta Izaro Arbe erremontista eta esku pilotaria. «Helburua izan zen batez ere gazteak diren emakumeei eredu hori erakustea, beraien ibilbidearen gazi-gozoak ezagutzea. Izan ere, profesionalak izan arren, profesio hori bakarrik ez dutelako, eta ikusteko zer desoreka dauden gizonezkoekin alderatuta», azaldu du Zinkunegik.

Agurtzane Zelaia Saiaz Mankomunitateko lehendakaria eta Bidania-Goiazko zinegotziak azaldu duenez, «oso saio interesgarria izan zen, ikusteko nola dagoen emakumeen kirol mundua, eta horren atzean lan asko dagoela egiteko». Parte hartzaileek «asko eskertu zuten» eta horrelako saio gehiago egin behar direla azaldu zuten. «Izan ere, Messi zein den denok dakigu, baina ez dakizkigu emakume futbolarien izenak», dio Zelaiak. «Erakutsi ziguten emakume izateagatik zein zaila den kirola maila horretan egiten mantentzea».

Naturaltasunez

Saiaz Mankomunitateko herrietan emakumeen parte hartzea kirolean «naturaltasunez» lantzen joan den zerbait izan dela dio Zinkunegik, baina uste du «une batzuetan geratu egin behar garela, begiratu zergatik ari garen gaia lantzen eta hausnarketa bat egin behar dela kirol erronkak antolatzeaz aparte. Eta horretarako mahai inguru batek ematen du bidea».

Herri txikietan eskola kirolean talde mistoak daude, eta «horrek errazten du naturaltasun horretan saltoa ematearena», esan du Zinkunegik. «Baina naturala izan arren, landu eta hausnartu beharreko zerbait izaten jarraitzen du». Zelaiak nabarmendu du herri txikietatik ateratzean galdu egiten dela mistotasun hori. Hemen naturaltasunez bizitzen da neskak eta mutilak batera aritzea, eskola barruan eta eskolatik kanpo, kirolean edo bestelako aisian ere». Herrien ezaugarriak eragindako gauza bat dela gaineratu du Zinkunegik: «Askotan positiboa da, harremantzeko beste joera batzuk dituzulako. Lagunak lagun bezala ikusten dituzulako, neska edo mutil etiketaren pean ikusi beharrean».

Aurrera begira, bai Bidaniako zein Errezilgo festetan ekitaldiak antolatzen jarraituko dute emakumea eta kirola uztartuz. Errezilen San Anton festen harira futbol txapelketa mistoak antolatu dituzte ekainaren 18rako bai gaztetxoetan eta bai helduetan. Bidaniako festak sanbartolometan izaten dira eta bertan bi herrien arteko kirol erronka egingo da, iaz egin zen moduan. «Ekitaldi puntualak izan arren, harremanetan sakontzeko eta emakumeak plaza hartzeko egin beharreko pausotxo bat da», dio Zinkunegik. Aurrera begira «gutxienez» ekitaldi horiek mantentzea dela asmoa azaldu du Zelaiak. «Eta martxoaren 8aren eta azaroaren 25aren aitzakiapean gaiari buruz hausnartzen eta sustatzen segi», gaineratu du Zinkunegik.

Beste egitasmo bat kirol mahaia da, Errezilen martxan dagoena eta Bidania-Goiatzen martxan jarri nahi dena. «Errezilen festen harira kros mistoa antolatu genuen orain urtebete, emakumeen futbol txapelketak eta pala txapelketak antolatu dira ere, eta bazegoen nahi bat kirol mundu horri antolaketa bat emateko, eta emakumeen kirolaren kontzientzia hori sustatzeko», esan du Zinkunegik. Horri begira sortu da kirol mahaia, eta bertan parte hartzen dute udaleko ordezkariek, begirale bezala udalekuetan edota eskola kirolean dabiltzanak, guraso elkartekoak, festa batzordeko kideak…

Bidania-Goiatzen kirol mahaiaren gaia une honetan geldi dagoela dio Zelaiak, baina martxan jarri nahi da: «Errezildarrei herri kiroleko erronkan kopiatu genien moduan, kirol mahaiaren ideia ere hartu nahi dugu, gauza onak kopiatzen jarraitzeko».

Erronkak

Saiazeko herrien artean elkarlanean hainbat proiektu antolatzen dira, mankomunitate ikuspegia emanez. «Errezilgo eta Bidaniako gazteen artean kirol erronka egiteak, gero erraztu egiten du beste ekimen batzuk antolatzerakoan», esan du Rikondok. «Martxoaren 8a lantzerakoan, gero eta indar gehiago ematen ari gara mankomunitate ikuspegiari».

Kirolean eta ariketa fisikoan parekidetasuna lortzeko zailtasunei buruz galdetuta, Zinkunegik hainbat erronka ikusten ditu. Batetik, «Errezilen eta Bidania-Goiatzen dauden salsa, pilates edota dantza taldekoekin, hainbeste plaza hartzen ez duten talde horiekin festetan erakustaldiren bat-edo antolatzea, plazan agertze horrek sortu dezakeen panikoa gaindituz». Bestetik, «kirola lehia bezala ikustea baino gozatzeko jarduera bezala ulertzea ere erronka izan daiteke». Transmisioari ere garrantzia ematen dio, hau da, hurrengo belaunaldiei «emakumeok kirola eta plaza gurea dugula ulertaraztea».

Berdinbidean egitasmoan beste gai batzuk ere jorratzen dira, esaterako, Hezkidetza programak bideratzen ari dira Albiztur, Bidania-Goiatz eta Errezilgo eskola txikietan azken urteotan, LH4, 5 eta 6ko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. «Horren barruan, adibidez, Bizitzaz blai proiektua egin zen, maskulinitate ereduaz hausnartzeko», esan du Rikondok. «Errezilen mutilen heriotza asko izan dira errepide istripuetan eta jorratu nahi izan genuen abiadura handiaren arriskuak eta horrek maskulinitatea ulertzeko moduekin duen lotura».

Bestalde, Rikondok uste du genero ikuspegia udaletan zeharkako lerro bezala lantzea «oso garrantzitsua» dela: «Ikustea udaleko alor ezberdinetan gaia nola txertatu, eta erronka horretan ere beharrezkoa dela udaleko profesionalek parte hartzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!