Oria beste ikuspegi batetik

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 15a, 16:49

Zumardia elkarteak zabaldu du piraguekin Oria ibaian ibiltzeko aukera emango duen gunea; bazkideek zein ez direnek erabili ahalko dute, eta horretara animatzen dute.

Tolosako Udalarekin orain urtebete hitzarmena sinatu ondoren, Zumardia elkarteak martxan jarri du, Oria ibaiaren ondoan, piraguak erabiltzeko gunea. Aurreko astean egin zuten inaugurazio ekitaldia. «Garai polita da, uda datorrela, jendeari zabaltzeko espazioa eta aukera emateko Oria ibaiaz beste modu batez disfrutatzeko», esan du Kike Zinkunegi Zumardia elkarteko kideak. «Azpiegiturak ditugu, eta nahiz eta xumeak izan, nahiko duinak dira. Horiek aprobetxatu eta ibaian sartzeko gonbita egin nahi diogu jendeari».

Oria ibaiaren ondoan dago gunea, Zumardi Handiaren parean. Jendeak La Selva edota Pototxoren baratzea bezala ezagutzen duen lekua da. Bertan biltegi bat eta bi aldagela jarri dituzte. Espazioa bera ere txukundu da, besteak beste, lurrean egurra jarriz, Santa Maria kaleko zubiaren zoru zaharra, hain justu. Piraguak gordetzeko estrukturak ere jarri dira. «Nik uste dut oso txukuna geratu dela», azaldu du Mertxe Pagola Zumardia elkarteko kideak.

Auzolanean egon dira dena atontzen, eta, esaterako, Tolosaldea Institutuko ikasleekin elkarlanean aritu dira, eta hauek prestatu dituzte piraguak gordetzeko estrukturak.

Piraguak erabiltzeko hainbat modu daude. Batetik, Zumardia elkarteko bazkide egin daiteke. Familiako ehun euro ordaintzen dira urtean, berdin dio zenbat kidekoa izan familia. Norbanakoek 50 euro ordaintzen dituzte. Aurtengorako, orain bazkide egiten direnak kuota erdia ordainduko dute. Dagoeneko 28 familia eta bi pertsona dira bazkide, beraz, egun elkartean ehun pertsona inguru direla diote. Bazkide direnek elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan %10eko deskontua dute. «Bazkideak garrantzitsuak dira proiektuari babesa ematen diotelako», esan du Zinkunegik.

Beste aukera izango da piraguak alokatzea. Ordubete erabiltzeko bost euro ordainduko dira. Gunean beti jendea ez dagoenez, telefonoz edota internetez erreserba egiteko aukera izango da.

Piraguak dituztenentzako ere erabilerarako aukerak izango dira. Gunean bertan piraguak gordetzeko leku bat jarri dute. Piragua bertan gordetzeko bazkide izan behar da. Bestalde, piragua edozein erabiltzailerentzat utziz gero ez da ezer gehiago ordaindu behar. Piragua norberak bakarrik erabiltzeko bada, urtean 25 eurotako kuota ordaindu beharko da.

Erabiltzaile guztiek arau batzuk bete beharko dituzte, besteak beste, txalekoa janztea edota haurrak bakarrik ibaira sartzeko debekua.

HAINBAT IKASTARO

Zumardia elkartea sortzearen helburua natur inguruko kirolak bultzatzea izan da. Hori dela eta, dagoeneko hainbat ikastaro antolatu dituzte, eta orain ere abian da kanpaina. Piraguan eta mendiko bizikletan zentratuko dira. 

Hain justu, piraguan aste honetan hasi dira haurrentzako ikastaroak egiten, eta hainbat txanda egongo dira ekainean zehar. Hauek zuzenean elkartearen bitartez antolatu dira. Bestalde, uztaileko eta abuztuko aurtengo ikastaroak Tolosako Udako kanpainaren barruan sartu dira, eta izen ematea Usabal kiroldegiaren bitartez egingo da, eta hor sartuko dira piragua eta mendi bizikletako ikastaroak.

Piragua ikastaroak hastapen maila ingurukoak izango dira. Mendi bizikletakoan hastapeneko ikastaroak egiteaz gain, gazteentzat zein helduentzat enduro ikastaroak antolatu dituzte.

Horietaz gain, beste ikastaro bat ere proposatu dute bizikletarekin zerikusia duena eta helduei zuzendutakoa. «Bizikletan inoiz ibili ez diren edo ibiltzen zena baina aspaldi utzita duten horientzako, ikastaro bat antolatu da, berriro konfiantza izateko bizikleta gainean, bai errepidean eta bai bidegorrian ibiltzeko», esan du Zinkunegik.

Beste proposamen bat ikastaroak nahieran egitea izango da. Hau da, talde batek eskatu dezake piraguako ikastaro bat egin nahi duela, eta beraiekin ordutegia zehaztu horretarako.

Ekainean zehar beste ate irekien egun bat antolatzeko asmoa dute. «Gure asmoetako bat izan da Oria ibaira gerturatzea», esan du Zinkunegik. «Denok ezagutu dugu paper fabriken garaian zer zen Oria ibaia, eta orain denarekin zerikusi gutxi du. Jende gutxik aukera izan du uretan sartzeko piragua batekin eta Tolosa ikusteko beste ikuspegi batetik. Gune berri honekin edozeinek horretaz gozatzeko aukera du».

Ibaia azpitik ikustea «ezberdina» dela dio Pagolak. «Guk beti ikusi izan dugu goitik, baina behetik oso polita da. Piraguan ibiltzen denean jendeak esaten du oso polita dela, eta zenbat gauza dauden goitik ikusten ez direnak».

Jende heldua animatu nahi dute Oria ibaian sartzera. «Aldatu behar dugu txipa», esan du Pagolak. «Pentsatu ohi da oraindik ibaia zikina dagoela. Jendeak txipa aldatzen badu eta probatzen badu, seguru gehiago animatuko dela». Zinkunegik ere animatu du jendea parte hartzera: «Gunea martxan dago, irekita dago, eta jendearen ekarpenarekin aberasten joango da». Harremanetan jarri nahi duenak www.zumardia.eus helbidean sartu edota 688 72 62 13 zenbakira deitu dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!