[Gutuna] Mikel Etxeberria, 'Makauen', bihotz zabalari

Bautista Otaegi eta Jokin Aranalde 2017ko eka. 14a, 10:15

Makauen nolakoa zen definitzeko bururatutako lehen gauza emandako hitza betetzen zuen borrokalari fina zela esatea izan da.

Hi izan hintzen gero etorriko ziren milaka emazte eta gizon bezala Gernikako errautsetatik sortutako iraultzaile abertzale emankorra.

Harropuzkeririk gabeko militante burutsua, pazientzia eta determinazioz betea.

Elkarrekin hasi ginen asimilaziotik, beldurretik, tristuratik eta tunel beltzetik gure herri maitea askatzeko bidea. Hire ibilbideak kontzientzia ugari esnatu zian gure herrian.

Hik, guk bezalaxe, kartzela, tortura, ihesa eta berriro kartzela jasan behar izan dituk. Bide bikaina, ederra eta emankorra izan dek, nahiz eta larrutik ordaindu.

Iparraldera lehenik gero Europako herrialde ezberdinetara, Hegoameriketara, Mexikotik estraditatuta eta gero 10 urteko kartzela.

Hau sinatzen dugunok, ederki gogoratzen diagu Cuencako kartzela hi bisitatzeko egin genian bidaia.

Elizaren babesean jaietako gazte mugimenduan eman genizkin lehen pausoak, Oargin antolatzen ziren eskola sozialetan ere parte hartzen genian. Orain kapitalismoa basatia dek, guk ezagutu genuen gerra ondorengoa are eta basatiagoa huen. 16 urterekin lana latz, tratu txarra maiz eta ia soldatarik jaso gabe.

Guretzat abertzale eta sozialista izateko bidea oso naturala eta erreza izan huen.

40 urte herritik kanpo egin ondoren hor jarraitu dek hire jakinduria eta lana gure herri txiki bezain handi honi eskaintzen.

Dozenaka mila emakume eta gizonek osatutako herritar mugimendu sortzen osatzen eta sendotzen lagundu diagu. Abertzale, sozialista, anarkista, kristau... zintzoz osatua. Hik esaten huen bezala «inori eskatu ta erakutsi gabe bakoitza ze bibliatakoa zen. Eskutik heldu eta segi aurrera».

Urtero elkarrekin egiten genian bazkaritxo bat, azkenekoa Ibarran gainera, duela urtebete. Oso ilusionatuta ikusten zitzaiken ezker abertzalearen norabide berriarekin. Gure herriaren burujabetzaren azken txanparako estrategia oso egokia zela esaten huen.

Gogoratzen gaituk txikitan ikasitako kanta bat ibiltzen huela ibilbide berria irudikatzeko: ...oinak urratuta zapatarik ez, Ernion gelditu nintzen oineko minez... Ezker abertzaleak egin duena dek oinetako berriak jantzi bide berdina jarraitzeko, Ernion gelditu beharrean etsipenean eta lantutan.

Zenbat aldiz aipatu eta oihukatu diagu gudari bakoitzaren aurrean «omenaldirik onena garaipena, gora euskal errepublika!». Horretarako jaio eta hazi gaituk eta azken arnasa arte horretan jarraituko diagu.

Ba horixe Mikel. Hik ereindakoa gure herriaren bihotzean geldituko dek betirako.

Laudioko ekitaldian izango gaituk hiri azken agurra emateko.

Agur eta ohore Mikel.

Bautista Otaegi eta Jokin Aranalde, Ibarra


Asteburuan hil zen Mikel Etxeberria Iztueta, Makauen, ezker abertzaleko militante historikoa, 71 urterekin. Berastegin jaio arren, Laudio izan zuen bizitoki. Ostiralean omenaldi publikoa egingo diote Laudion, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!