T2T eta T3T

T3T eta T2T jendez gainezka datoz

Asier Imaz 2017ko ekainaren 13a

T3T eta T2T-ren antolatzaileek lasterketan azken xehetasunak eman zituzten Zerkausian, atzo.

Ekainaren 18an, igandean, eskualdea zeharkatuko dute bi mendi lasterketek; antolatzaileak gustura agertu dira.

Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi lasterketa ekainaren 18an izango da, igandean. Aurten, hirugarren edizioa izango da, eta berrikuntza handiena aide txikia da: Tolosaldeko 2 Tontorrak.

Parte hartzearen balantzea oso ona egin dute lasterketen antolatzaileek, muga guztiak gainditu baitituzte: «Txikian 250era iritsi gara, jarritako mugara, eta handian, 350era. Guztira 600 parte hartzaile izango dira, eta arrakasta horrekin oso gustura gaude». Emakumeen presentziak ere gora egin duela esan dute, eta batez ere T2T-ri esker izan da hori: «%25 emakumeak izango dira, eta hori oso albiste ona da guretzat, datu horrek goraka egin baitu aurreko urteekin alderatuta».

Faboritoei dagokienez, mutiletan, iazko irabazlea igandean Tolosako irteera puntuan izango da: Ismael Razga. Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia nabarmendu dute antolatzaileek, euskal selekzioko lasterkaria. Arlo honetan egutegia ez dute lagun izan T3T-ko kideek: «Lasterketa asko suertatu dira asteburuko datan, eta horrez gain, selekzioko kideak Italiara joango dira. Hala eta guztiz ere, 600eko zerrenda osatu dugu, eta esan bezala, poztekoa da».

Boluntario lanetan 200 lagunetik gora ariko dira, eta horientzat ere esker oneko hitzak izan dituzte antolatzaileek, babesleentzat bezala.

Azkenik, ikusleei deialdia egin diete: «Ibilbide luzea 09:00etan aterako da Trianguloa plazatik, eta laburra 09:30ean. Helmugara T2T-ko lehenak 11:30ak aldera iritsiko dira, eta T3T-ekoak 13:00ak aldera. Uzturren, 10:00ak eta 11:15ean inguruan igaroko dira lehenak. Bertan, ikusle guztientzat salda eta txorizoa dohain egongo da, Aralarko Adiskideek eskainita. Festa giro oso polita izaten da bertan, eta zaletuak beste tontorretara bezala, Uzturrera gonbidatu nahiko genituzte».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!