Etxeberria eta ‘Urki’, finalera

Ataria 2017ko eka. 12a, 18:41

Jokin Etxeberria eta Jesus Mari Ormaetxea Urki Asteasun egongo dira uztailaren 9an. Lander Oterminek ez zuen igandean finalerako txartela lortu, baina ibartarrak, segarekin plazara irteten zen lehen aldian, lan oso txukuna egin zuen; «oso gustura ibili naiz», zioen.

Aian jokatu zen Gipuzkoako Segalari Txapelketako kanporaketa, igande eguerdian. Segalariak, zorroztaileak, laguntzaileak, biltzaileak eta ikusleak; Tolosaldeko jende ugari elkartu zen bertan.

Igor Esnaolak lesio batengatik kanporaketan egoteari ezetz esan ondoren, zortzi segalari joan ziren Aiara. Bi multzotan banatu zituzten, eta multzoko lehen bi onenek finalerako txartela lortu zuten. Lehen saioan Iban Pardo izan zen sailean aurrena bukatu zuena, 30 minutu ondoren. Atzetik, maila gutxira,
Urki-k bukatu zuen. Biltzaileen lanaren ondoren, ordea, orendaindarra izan zen lehen postuan geratu zena. 2015. urtetik geldirik zegoen orendaindarra, eta igandekoa bere itzulerako proba izan zen. 42 urte ditu Urki-k, bera da beteranoena, baina sasoiko dago. Finala, gainera, ordubetera da, eta ikusi beharko da hori kalterako edo onerako duen.

Bigarren multzoan Gabirondok eta Etxeberriak azkar hartu zuten aurrea. Sailetan eta kiloetan nahiko parean ibili ziren. Urnietarra lehena, Bedaion bizi den amasarra bigarrena. Lander Otermin multzo honetan aritu zen, eta bere lehen aldia izateko, oso txukun ibili zen segan. Finaletik kanpo geratu arren, bera izan zen igandean segan gehien gozatu zuen segalaria.

SAILKAPENAK
Lehen saioa
1. ‘Urki’    1.469 kilo   
2. Iban Pardo    1.380 kilo
3. Jon Otegi    1.263,5 kilo
4. Suharri Irazustabarrena    1.109,5 kilo

Bigarren saioa
1. Julen Gabirondo    1.522 kilo    
2. Jokin Etxeberria    1.490,5 kilo
3. Iñigo Mercader    1.226,5 kilo
4. Lander Otermin    1.119 kilo


Finala, Asteasun
Julen Gabirondo (Urnieta)
Jokin Etxeberria (Amasa/Bedaio)
Jesus Mari Ormaetxea ‘Urki’ (Orendain)
Iban Pardo (Zestoa)

 

ERREAKZIOAK:

Jokin Etxeberria

 Jesus Mari Ormaetxea Urki

Lander Otermin

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!