Beraien bidea eginez

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 12a, 07:54

Javi Perez Roucori (Zizurkil, 1982) etxetik datorkio musikarekiko zaletasuna. «Aitak tronpeta jotzen zuen, eta Gipuzkoan eta Nafarroan emanaldiak egiten ibiltzen zen. Nik txikitan tronpeta jostailu bezala hartu nuen hasiera batean. Horrela hasi nintzen jotzen eta gaurdaino iritsi naiz». Bidean ikasten aritu da musika eskolan, kontserbatorioan eta Musikenen.

Eta eskarmentua handia ere bizi izan du bere aitarekin jotzen, eta baita beste hainbat txarangetan ere. Bere aita Los Ruby taldeko kidea izan zen, besteak beste. «Berarekin hasi nintzen jotzen ezkontzetan-eta, eta egun tarteka erretirodunen egoitzetan-eta aritzen gara emanaldiak egiten».

Musika da bere ofizioa, bai irakaskuntzan, Donostiako, Urnietako eta Legazpiko udal musika eskoletan, eta baita musikari moduan ere, «ahal duguna egiten». Egun, besteak beste, La Moda, Travellin' Brothers eta Esne Beltza taldeekin dabil eta jazzeko proiektu batzuetan ere sartuta dago, Abraham de Romanekin, esaterako. Azken honekin jazz disko bat grabatzen ari da egunotan. Txarangetan ere ibiltzen da, eta baita kantu jiretan ere.

Iban Gurrutxaga (Amezketa, 1975) 16 urte inguru zituela hasi zen musikaren munduan sartzen. «Musika gustatzen zitzaidan, rocka, eta kontzertu asko ikustera joaten nintzen. Pentsatu nuen polita izan behar zuela ikusten nuena norberak egitea». Gitarrarekin hasi eta «sekulako zortea» izan zuela dio Marruma taldean jotzeko aukera izan zuenean: «Garai horretan ez nuen batere mailarik eta beraiek maila handia zuten, eta hori izan zen niretzako eskolarik handiena, batez ere entsegu asko egiten genituelako». Diskoren bat grabatu zuten, hainbat kontzertu eman zituzten, eta proiektu hori bertan behera gelditzerakoan, erromerietan, ezkontzetan eta bestelako emanaldiak egiten aritu zen.

Erromerietan urte dezente aritu zen eta Iker Goenagarekin hiru bat disko grabatu zituen. Kanpora jotzera joateko aukera eman zion. «Aita izan nintzen nahiko gazte, 24 urterekin, eta bizitza irabazi beharra zegoenez, erromerietan urte dezente ibili nintzen Trikizio taldearekin, eta horrek musikatik bizitzeko aukera eman zidan». Gurrutxagarentzat une garrantzitsua izan zen Musikenen ikasi izana. «Han sartu eta jende zoragarria ezagutu nuen, batez ere ikasleak, proiektu interesgarriak zituztenak». Egun Iñaki Etxezarraga Etxe bakarlariaren taldean dago, eta bi disko grabatu ditu berarekin. Bolero talde batean parte hartzen du, Anabel Rus abeslariarekin, eta gainera uda honetan disko bat grabatzeko aukera ere izango dute. Irakaskuntzan ere aritzen da Gurrutxaga, Lekunberriko Aralar udal musika eskolan eta Altsasuko udal dantza eta musika eskolan.

Musikeneko esperientzia oso aberatsa izan da bientzat. «Niretzako ikasleek duten mailan da esanguratsua», azaldu du Gurrutxagak. «Mundu guztitik etortzen dira musikariak, eta ikasleen maila horrek dinamika oso indartsu batean jartzen zaitu. Irakasleak ere puntakoak dira, baina gakoa da ikasle onak izatea». Perez Roucok ere bide beretik dioenez, «ikasleen eta irakasleen mailak egiten dute Musikene sekulako eskola izatea. Gero ordu pila bat sartu behar dira, eta hor zaudenean dedikazioa sekulakoa da. Lau urtetan zehar uneoro musika ikasten zaude». Gurrutxagak gaineratu duenez, «burua altxatzea suposatu zuen eta ikustea musikaren mundua oso zabala dela eta munduan zehar maila handia dagoela».

Biek elkar ezagutu zuten Musikenen, baina elkarren arteko harreman sendoa behin Musikene utzi eta gero sortu zen. Proiektu pedagogiko bat sortu zuten, Haizea eta sokak izenekoa, eta horrekin eskoletan aritu izan dira saioak eginez. «Musikenen izan eta gero, musika jotzeko plazer hutsarengatik elkartzen ginen», esan dute. «Behin abesti sorta bat izan genuenean pentsatu genuen ea zergatik ez genion ematen horri ibilbide handiago bat. Eta ikuspegi pedagogiko bat eman genion eta eskoletara eramaten hasi ginen egitasmoa».

Proiektu horrek eman zien gero aukera iaz Emusik-eko kontzertua egiteko, Euskal Herriko musika eskolen elkarteak eskatuta. Big band bat antolatu zuten. «Javiri esan zioten, eta gero berak niri komentatu zidan nik perkusioaren sekzioa eramatearena, eta berak haizearena eta zuzendaritzarena eramango zuela», esan du Gurrutxagak. Emanaldi horretan ere Zigor DZ Djak parte hartu zuen. Europa osotik etorritako musika ikasleen egitasmoa izan zen Emusik, Donostia 2016ren harira antolatutakoa. Horri amaiera emanez Donostiako Sagues plazan kontzertu bat eman zuten, big band bat osatuz hainbat musika eskoletako ikasleekin. Esperientzia «oso ona» izan zela dio Perez Roucok: «Hasieran tentsio puntu bat izan genuen nola antolatu eta nola bildu zehazteko. Baina behin ikasleekin elkartu ginenean lasaitu ginen, eta ikusi genuenean funtzionatzen zuela, errazena izan zen kontzertura joan eta jotzea».

Gazteak eta jazza

Emusikeko emanaldi horretatik iritsi zen beste gonbidapen bat, kasu honetan, Donostiako Jazzalditik. «Talde txiki bat osatu genuen eta Txikijazz emanaldi bat egin genuen», esan du Perez Roucok. «Aurten horrek jarraipena izango du, eta 50 musikari gazte ingururekin emanaldia egingo dugu Jazzaldian». 10 urtetik 14 urte bitarteko musikariek parte hartuko dute, eta ikasleen maila «oso altua» dela diote. Emanaldia uztailaren 23an izango da.

Perez Roucok argi du egitasmoa «ikasteko zerbait dela, hori da ikuspegia. Egitasmoan sartzeko proba egiten dugu, ezin dugulako esaterako 50 saxo izan taldean. Irakasle bezala hartzen dugu lana, ikasleei erakutsi behar diegulako». Aurten emanaldia prestatzeko denbora gehiago izan dute, eta dagoeneko egin dute lehenengo topaketa.

«Ilusioarekin gaude», esan du Gurrutxagak. «Ikasle gazteekin lana egitea berezia da. Helduekin ikusten duzu zein maila eman dezaketen, baina haurrekin sekulako sorpresak hartzen dituzu, malguak baitira. Javi edo nik emandako azalpenak nola jasotzen dituzten ikusten duzu, eta gauzak nola funtzionatzen hasten diren horren egun gutxitan». Batez ere Jazzaldiaren aurreko astean ariko gara entseguak egiten egunero. «Magikoa hori da, ikustea egun batzuetan nola joaten diren iritsitakoan baino maila handiagoarekin».

Errepertorio «oso estandarra» egiten dutela diote. «Saiatzen gara musika horren sustraia bilatzen eta hortik hasten», esan du Perez Roucok. «Nire helburua gazteek jazza jotzea da. Askotan izaten ditugu big bandak musika eskoletan, eta hasten gara jazza sartzen eta zaila egiten zaigu, ikasleentzat ez delako askotan oso erakargarria». Jazzaldirako sortutako proiektuan bestelakoa da egoera, Perez Roucok dioenez: «Kasu honetan etorri dira jazz musika jotzera. Hamar urteko haurrekin egingo duguna jazz musika da, eta hori da batez ere gustatzen zaidana, oso zaila baita hori egitea. Horrelako proiektu bat Euskal Herrian ez da inoiz izan, nik ez dut ezagutu behintzat».

Jazzaldiarentzat horrelako proiektua «oso erakargarria» dela diote: «Txiki Jazza jaialdiko produktu bat da. Beraiek sortutako produktu bat da, ez da musika eskola batekoa. Uste dugu mantenduko dutela proiektua, Jazzaldiak haurren bere big banda izango duelako». Gurrutxagak azaldu duenez, harrituta hartu dute deialdiak izandako arrakasta: «Euskal Herriko bazter guztietatik eman dute izena ikasleek: Zangotza, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Zamudio, Irun, Donostia, Legazpi, Betelu, Errazkin, Tolosaldea... Ez genuen espero horrelako oihartzuna eta erantzuna izango zuenik, horren berria izanik proiektua».

Jazz musika ikasteko aukera handirik ez dagoela dio Perez Roucok: «Jazz musika edo musika modernoa ikasteko aukera badago Musikenen, baina hamar eta hamalau urte arteko haurrek ez dute erraza jazza ikasteko. Irakaslearen arabera izan daiteke hori. Kontserbatorioan ez da ematen horrelako musikarik, eta ematen bada, ikusten da pixka bat, klasikoaren inguruko zati bat». Txikijazz Big Band proiektuarekin «aukera bat ematen zaie jakiteko zer den jazza eta pixka bat jotzeko ere». Gurrutxagak bere aldetik nabarmendu du ikasleek ikusi dezaketela «musika oso zabala» dela, eta aurrera begira «musika modernoaren bidea noizbait aukeratu dezaketela».

Hemen inguruan «beti pentsatu izan da jazza dela musikari onenek jo dezaketen musika mota bat», esan du Perez Roucok. «Baina joaten bazara New Yorkera edo New Orleansera, edozein musikarik jotzen du jazza, nahiz eta bere maila ez hain altua zan». Perez Roucok aldarrikatzen du jazza «edozein mailarekin eta edozein adinarekin» jo daitekeela. Hori horrela beharrezkoa ikusten dute musika eskoletan aldaketa bat izatea, horrelako musika motei bideak zabaltzeko.

Irakaskuntzan egon beharra

Gai horri buruz Gurrutxagak azaldu duenez, «erresistentzia handia dago. Guri gertatu zaigu, musika eskoletatik lan bila hastea Musikeneko ikasketak egin ondoren, eta erresistentziak topatzea. Bestalde, iruzurra egiten den musika eskolak ere badaude, ez direnak lan poltsak errespetatzen, eta hori benetan tamalgarria da. Baina hori ere borrokatu egin behar da».

Gaur egun irakaskuntzan dabiltza biak, ez delako hain erraza kontzertuak ematetik bizitzea. «Nola nahi duzun bizitzea, hori da kontua», esan du Perez Roucok. «Ni musikatik bizi nintzen ikasten nuenean eta gurasoen etxean bizi nintzenean; horrelako egoeretan aukera duzu. Baina egoera horretatik ateratzean niretzako beharrezkoa izan da klaseak ematea, irakaskuntzan egotea».

Kontzertuak ematea «gero eta okerrago» ordainduta dagoela diote, eta lan baldintzak ere «gero eta gogorragoak» direla, besteak beste, ordaintzen dituzten zergengatik. «Bilbora joaten bazara emanaldi bat ematera 300 eurorengatik, poltsikora azkenean 100 euro eramaten dituzu zergak eta gastu guztiak kontuan hartuta». Emanaldiak hainbat egin daitezkeela diote, «gero ondo kobratzea da kontua».

Beraien curriculumek azaltzen dutenez, ez dira estilo bakarrarekin aritzen. «Akaso ez dagoelako beste aukerarik», dio Gurrutxagak. «Gaur egunean ez da existitzen proiektu potolo bat non diskoak grabatu eta gero 40 kontzertu izango dituzun. Garai batean akaso bai. Garai batean talde egonkorrak bazeuden. Egun diskoa grabatu eta 10 edo 15 kontzertu ematen dira, ez du gehiagorako ematen».

Perez Roucok eta Gurrutxagak irakaskuntza eta hainbat taldetan parte hartuz, eta Txikijazz Big Band bezalako proiektuekin, musikari lotuta jarraitzen dute, beren pasioari lotuta, mundu horretan beren bidea egiten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!