Ostiralean, larunbatean eta igandean, pilota

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 8a, 11:43

Zizurkil, Iñaki Artola eta Tolosa CF izango dira protagonistak asteburuan.

Gipuzkoako Herriarteko Esku Pilota Txapelketa final laurdenetan dago. Joaneko partidak asteburuan jokatu ziren, eta bertan, Zizurkilek 1-2ko garaipena lortu zuen Hernaniren aurka. Etxetik kanpo jokatu zuten eskualdekoek, eta bi garaipenak kadete eta jubeniletan eskuratu zituzten:13-22 eta 21-22. Nagusien mailan 22-6 galdu zuten. Itzulerakoak ostiral honetan jokatuko dituzte, hilaren 9an, 19:00etatik aurrera. Jubenilen partidan egongo da gakoa, eta hor garaipena lortzen duenak, finalerdietara pasatzeko aukera handiak izango ditu. Aurkaria, Astigarraga eta Oiartzunen artekotik aterako da. Kanporaketa horretan oiartzuarrak 1-2 irabazten jarri dira.

Gipuzkoako herriartekoan Tolosa final-zortzirenetan kanporatu zuten, baina Tolosa CF-k aurrera jarraitzen du Berria Txapelketan. Final-laurdenetako partidak Lapke-ren aurka jokatuko dituzte urdinek. «Lehia politak eta lehiatuak izango dira, bi taldeak maila oneko pilotariak dituztelako maila desberdinetan», azaldu dute Tolosa CF-tik. Horrez gain, pilotazaleak Beotibar pilotalekura gonbidatu dituzte, kanporaketa horretaz gozatzera eta eskualdeko pilotariak animatzera. Lapke eta Tolosa CF-ren arteko partidak 11:00etan hasiko dira, kadeteen norgehiagokarekin:Etxeberria-Goikoetxeak osatuko dute etxekoen bikoa. Aurkariak, Etxeberria-Garmendia izango dituzte. Ondoren jubenilen partida izango da: Zalakain-Auzmendi Tolosa CF ordezkatuz, eta Ruiz-Baztarrika lazkaotarren aldetik. Hirugarren eta azken partida nagusien mailakoa izango da:Eneko Labaka eta Xabi Telletxea Albizturko bikoteak defendatuko ditu urdinak. Zubizarreta-Garmendia izango dira Lapkeren ordezkariak. Partida handia.

IÑAKI ARTOLA, BEASAINEN

Lau t'erdiko San Fermin Txapelketaren final-zortzirenetako lehen partida larunbatean jokatuko da Beasainen. Lasori irabazi ondoren, Iñaki Artola alegiarra bertan egongo da, eta aurkari Aimar Olaizola izango du. Partida irabazten duenak Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko du final laurdenetan, hilaren 26an, Muskizen.

Beasaingo pilota jaialdia 17:00etan hasiko da, eta lehen partida Beñat Urretabizkaiak jokatuko du, Bakaikoa lagun, Agirre-Taintaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!