Etxeko lanen sektorea erregulatzeko proiektua abian

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 7a, 10:15
Leire Otaegi, Olatz Peon eta Ana Monge agerraldian. I. URKIZU

Etxeko Lan egitasmoa aurkeztu du Tolosaldea Garatzenek, zaintza nahiz garbiketaren sektorea erregulatu eta bitartekaritza eskaintzeko.

Pauso garrantzitsua eman du, eskualdeko garapen agentziak, beste hainbat eragilerekin batera: Etxeko Lan egitasmoa sortu dute, etxeko lanetan nahiz zaintza lanetan aritzen diren langileen egoera erregulatu eta, oro har, sektoreari baldintza duinak bermatzeko.

Lehiberri zentroan egin dute aurkezpena, eta bertan izan dira Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria, Leire Otaegi Tolosaldea Garatzeneko enplegu zentroko arduraduna eta Ana Monge Inmakulada ikastolako zuzendaria.

Gizartea gero eta helduagoa izatearen ondorio bat da Etxeko Lan egitasmoa, hirurek azpimarratu dutenez: Tolosaldean, gero eta norbanako nahiz familia gehiagok behar dute zaintzaile baten zerbitzua, eta baita etxeko lanak egingo dituen langile baten zerbitzua ere.

Arazoa, ordea, sektore horren izaera irregularrean dago: kontratazio eta akordio pribatuak egin ohi dira kasu gehienetan, eta horrek oztopatzen ditu sektorearen garapena nahiz hobekuntza.

Hutsune horiek guztiak betetzeko sortu dute, beraz, Etxeko Lan, «topagune baten beharrari erantzuteko». Tolosaldea Garatzeneko enplegu sailak «betidanik lan egin izan du» sektore horrekin ere, baina, orain, tratamendu berezia egiteko beharraz ohartarazi du Otaegik: «Udaletako gizarte zerbitzuek behin eta berriro eskatu izan digute, eta familiek ere gero eta behar handiagoa dute, bizitzaren luzatzeagatik. Era berean, sektore horretako langileek lan baldintza duinak aldarrikatzen dituzte. Guk hiru aspektu horiek uztartu nahi izan ditugu proiektu honetan».

Oarsoaldean antzeko esperientzia bat abian da jada, eta haiekin harremanetan izan dira Tolosaldea Garatzeneko teknikariak, eskualderako plangintza osatzeko: «Kontsulta kopuru handia dute han, baina, esaterako, bitartekaritzaren atala ez dute hainbeste landu. Beren gomendioa kontratazioen jarraipen bat egitea izan da», azaldu du Otaegik.

FAMILIA ETA LANGILEEN ARTEKO ZUBIAK

Etxeko Lan egitasmoak hainbat zerbitzu eskainiko dizkie eskualdeko herritarrei, zaintzaren eta etxeko lanen sektorea kalitatezko zerbitzu bilakatze aldera. Horrela, familientzat doako aholkularitza eta bitartekaritza eskainiko du, kontratazio bat egiterakoan. Era berean, lan eskaintzak kudeatzeko tresna izango da, eta hautaketa prozesurako laguntza ere eskainiko du proiektuak.

Langileen kasuan, berriz, lanpoltsa bat sortuko dute, eta aholkularitza eskainiko diete, formakuntzari nahiz kontratazioari begira.

Etxeko lan egitasmoak elkarlana izan du oinarri, eta formakuntzaren atalean Banaiz Bagara elkarteak eta Inmakulada ikastolak parte hartuko dute. Banaiz Bagarak sektoreari egokitutako euskara klaseak eskainiko dizkie hala nahi dutenei, eta Inmakuladak, berriz, etxez etxeko langileek ezinbesteko duten ziurtagiria lortzeko prestakuntza eskainiko die langileei. Bide beretik, gaitasun sozialak elkarrizketetan zer esan, nola jokatu,... lantzeko bideak ere eskainiko dizkiete.

Proiektua martxan jartzeko, Tolosaldea Garatzenek bi bilera antolatu ditu. Ekainaren 8an enplegatzaileentzako hitzordua izango da, 19:00etan, Tolosako kultur etxean. Langileentzako deialdia, berriz, datorren ekainaren 10ean egin dute, 17:00etan, kultur etxean. Bestalde, eskuragarri daude lantolosaldea.eus nahiz 943 65 45 01 ere, informazioa eskuratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!