Iritsi da ‘Aberne’ film laburra ikusteko unea

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 6a, 19:19
Izagirre, Legarra, San Sebastian, Intxaurraga eta Alkorta, Otabardi baserrian.

Igande honetan egingo da Irati Santiago Mujikak ekoitzitako lanaren estreinaldia Villabonako Gurea aretoan.

Irati Santiago Mujika billabonatarra ez da fisikoki izango igandean herrian, berak ekoitzitako Aberne film laburraren estreinaldian, egun Estatu Batuetan baitago, baina presente izango dute bertara joaten diren ikusleek, asko bere lagun eta ezagunak izango direlako. Gurea aretoan ikusi ahalko da lehenengo aldiz lana, 19:30ean hasiko den saioan. Horren berri eman dute filmaren hainbat zati grabatu ziren Asteasuko Otabardi baserrian egindako agerraldian. Film laburrean, bere ametsa profesionalki pilotan jokatzea den Aberne izeneko neska baten istorioa kontatzen da.

Maite Izagirre Villabonako alkateak azaldu duenez, Santiago Mujika udalarekin jarri zen harremanetan, film labur bat grabatzeko laguntza eske. Estatu Batuetako Chicago hirian ari zen zinema ekoizpena ikasten. Proiektuak aurrera egin zuen eta irailean Euskal Herrira etorri zen billabonatarra Estatu Batuetako lan talde batekin, tartean Emma Johnson filmaren zuzendaria.

Aiztondoko hiru herritan, Villabonan, Asteasun eta Alkizan filmatu zuten filmerako material guztia. «Pozik agurtu genuen joan zenean, egunen batean Aberne film laburra Villabonako Gurea aretoan estreinatuko zen esperantzarekin», esan du Izagirrek. «Egun hori iritsi da eta denok gonbidatu nahi zaituztet igande honetan Gurea zinema aretora etortzera, Aberne film laburraren estreinaldira». Santiago Mujika Gurea aretoan izango ez bada ere, Izagirrek espero du ekoizlearen mezuren bat izatea.

Emanaldia doan izango da, eta aretoa bete ondoren jendea kanpoan geratzen bada, segidan beste saio bat egitea aurreikusten dute, «inor ez geratzeko Iratik ekoiztu duen pelikula ikusi gabe», esan du Izagirrek. Filmak 15 minutu irauten ditu.

Bere aldetik, Pili Legarra Asteasuko alkateak hiru ardatz azpimarratu ditu: emakumea, euskara eta pilota. «Pilotaren inguruko film bat da, emakume baten bizipenari buruzkoa. Euskaraz egitea niretzako ezustekoa izan zen, gero Chicagon aurkezteko baitzen, eta euskaraz egiteak ere aukera ematen digu euskara ere munduan zehar zabaltzeko», esan du. Bestalde, berdintasunaren ardatzari ere heltzen diola gaineratu du: «Emakume batentzako pilotari izatea erronka handia suposatzen du. Ekoizlea bera emakumea izatea, zuzendaria bera emakumea izatea, emakumearen mundutik sortutako ideia bezala niri oso garrantzitsua iruditu zitzaidan». Legarrak animoak bidali dizkio Santiago Mujikari bere bidean, eta «pozik eta eskertuta» azaldu da Asteasuk parte hartu duelako grabaketan.

«Zergatik ez neskak esku pilotan aritu?»

Filmaren protagonista den Janire San Sebastian agerraldian izan da, eta pilotarekin izandako lotura azaldu du: «Txikitatik ibili izan naiz pilotan, hasieran eskuz, eta momentu bat iritsi zen esan zigutena emakumeak mutilek baino indar gutxiago genuela, eta palan ibiltzeko aukera eman ziguten. Palan hasi nintzen eta gustura». 

Beti frontoian aritu izan dela esan du San Sebastianek, eta pilota bere afizioa izan dela. Pilotan aritzeak eta antzerki munduan egoteak ireki zion aukera hautaproba egiteko, eta azkenean hautatua izateko film laburreko protagonista izateko. «Antzerkian ibili naiz baina beti eszenatokietan, eta ez kamera baten aurrean. Niretzako lehenengo aldia zen eta ez nekien nola moldatuko nintzen. Egia esan oso gustura aritu nintzen. Oso ondo tratatu ninduten, eta ondoan izandako aktoreek asko lagundu zidaten». San Sebastian «oso pozik» agertu da esperientzia hori bizitzeko izandako aukerarengatik. «Denei asko eskertzen diet aukera hau izateagatik, eta espero dut esperientzia honek erakutsi didan guztiak aurrera egiten laguntzea».

Agurtzane Intxaurragak Aberne protagonistaren amaren rola egin du filmean; aitarena Felix Arkarazok egin du, eta Iñaki Beraetxek entrenatzailearena. Intxaurraga agerraldian izan da, eta filma «emakumearen begiradatik kontatua» dagoela dio, «oso gizonen mundu bat aurkezteko». Artistikoki «oso esperientzia ederra» izan zela esan du. «Talde oso handia etorri zen Estatu Batuetatik, eta oso talde profesionala aurkitu nuen, oso modu profesionalean lan egitera etorri zena. Gozamena izan zen, eta espero dut jendeari gustatzea ikusiko duena».  

Film laburrean jorratzen den gaiaren inguruan bere esperientzia pertsonaletik ere hitz egin du Intxaurragak: «Ama bezala frontoi asko zapaldu ditut, hiru mutikoren ama naizelako eta, batez ere, bi esku pilotan aritzen direlako». Frontoietara joaten denean askotan «normaltasunez» eraman du bertako giroa, «baina gauden amak semeak ditugulako jokatzen gaude han. Oso gutxitan izan dut aukera neska bat pilotan jokatzen ikusteko. Alde horretatik bai iruditzen zait film honek egiten duen ekarpena oso handia dela, gure sustraietan dagoen istorio bat delako, eta beharbada ez dugulako gehiegi hausnartu horren inguruan». Frontoia «gizonen mundua» dela esan du, eta aldarrikapen bat egiteko ere baliatu du agerraldia: «Zergatik ez neskak esku pilotan aritu?».

Neska bat pilotari profesional izateko bidean sortzen diren gatazkez gain, filmean ere familia barruko gatazka bat ere badagoela azaldu du Intxaurragak: «Aberneri amak ez dio mundu horretan sartzen utzi nahi. Batetik senarra apustulari amorratua duelako, eta mundu hori beretzako gatazkatsua delako. Eta, bestetik, garbi ikusten duelako mundu hori gizonezkoena dela, eta ez duelako nahi bere alabak sufritzerik. Senar-emaztearen artean ere konfliktoa dago». 

Bere aldetik, Otabardi baserriko Larraitz Alkortak azaldu duenez, Santiago Mujika joan zitzaienean etxean grabaketa egiteko asmoz, «ez genuen irudikatzen nola izango zen, baina gustatu zitzaigun ideia. Gero iritsi zen iraila eta brometan esaten dugu etxea okupatu egin zigutela». Alkortak gaineratu duenez, «gure ezjakintasunean plazer bat izan zen,  etxeko guztientzat gozamena. Eta orain prest igandeko estreinaldirako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!