Ura izango da Ingurumen Egunaren ardatza

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 2a, 16:55

Eskualdeko udalek eta Tolosaldea Garatzenek, urtero legez, Nazioarteko Ingurumenaren Egunaren aldarrikapenarekin bat egin dute, kontzientzia eta ardura sortu eta ingurumenaren babesaren inguruan ekintzak sustatzeko. Hori horrela, ekainaren 10ean, Ingurumenaren Eguna ospatuko da Izaskunen, eta bat egitera gonbidatzen dituzte herritarrak, antolatutako ekintzen bitartez.

Aurten, "gure biodibertsitatearen babesa" aldarrikatu nahi dute, Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko teknikariak azaldu duenez. Eskualdean Europatik izendatutako babes bereziko eremuak daudela ekarri dute gogora: "Ernio-Gatzume bezalakoak, eta Araxes nahiz Leitzaran ibaiak, adibidez. Aralar bezalako Parke Naturalak, landare eta animalia espezie garrantzitsuak eta ekosistema bereziak. Eta gure ura. Ibaiak, gure ibaiak zaintzea, gure lurraldea zaintzea dela aldarrikatu nahi dugu".

Uraren inguruan hausnarketa egitera gonbidatu du Mendizabalek: "Baina, zer da ura? Eskuak garbitzeko etxeko txorrotatik datorren likidoa? Gure herriak gurutzatzen dituen ibaia edo erreka? Bertako landaredia eta animaliak bizirauteko ekosistemen lokarria? Edo lasaitasuna, bakea eta hainbat emozio sortarazten dituen paisaia?". Ura ikusten dena dela baina baita ere ikusten ez dena ere azaldu dute, "eta guri dagokigu errespetuz eta jasangarritasunez kudeatzea", gaineratu. Aurten, eskualdeko ikastetxeetan zabaldu nahi izan duten mezua hori izan da, Eskola Agenda 21 programaren bitartez, eta Ingurumen Eguna ospatzeko eta urari lotutako ekimen nagusi bat antolatu dute Izaskunen, ekainaren 10ean.

Uzturre azpian, Miserikordia zaharreko lur sailetan aurkitu diren garai bateko bainuak eta ur-jauziak ezagutarazteko ibilbidea antolatu dute, familiei zuzenduta. "Ez da edonolako ibilbidea izango", esan du Mikel Agirrezabala Ibarrako alkateak. "Mendiklown ibilbidea, sorpresaz eta ezustez beteriko paseoa izango da, etxeko txikienek gozatzeko modukoa. Bi orduko ibilbidea, bost kilometro inguru eta 200 bat metroko desnibela izango du".

Eta ibilbidearen amaieran, Intujai antzerki taldeko kideak egongo dira zain tutumuturru eta ponpa erraldoiekin, eta urari lotutako eta jogurtak egiteko tailerrak eta hamaiketakoa ere izango dira. Gainera, aurten Eskola Agenda 21 programan parte hartu duten ikasleen konpromisoak eta hausnarketak, uraren inguruan, ikusgai izango dira erakusketa baten bitartez. "Beraz, goiz ederra pasatzeko aitzakia ederra, Izaskun bezalako paraje eder honetan", azaldu du Agirrezabalak. 10:30ean geratu dira ibilaldia hasteko Izaskunen eta 10:20ean autobusa aterako da Tolosako Santa Klaratik.

Intujai taldeko May Gorostiaga ere aurkezpenean izan da eta mendiklown ibilbidea "bizia" izango dela esan du: "Alaitasunez eta sorpresaz beteta izango da".

Patxi Amantegi Tolosako Udaleko zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, "unea da berriz ere errekara begira jartzeko. Dagoeneko ez da amets erromantiko bat Oriaren berreskuratzea. Gaur egun ageriko egia da". Ezagutzera emateko ibaiaren balioa, Tolosako Udalak Alberto Luengorekin eta Asier Mansorekin gida bat atera du Orian ikusi daitezkeen txorien inguruan.

Bere aldetik, Oihana Orkolaga Tolosako Ingurumen Zentroko kideak gogora ekarri du aurtengo Eskola Agenda 21ean Tolosaldeko hamabi ikastetxeetako ikasleek hartu dutela parte. "Orain tokatzen zaiguna da herri bakoitzean atera diren ondorioak eta proposamenak partekatzea eta horretarako elkartuko gara asteazkenean Tolosan. Hortik material batzuk sortuko ditugu Izaskunen ekainaren 10ean egingo den festan erakusgai izateko".

Ingurumen ekitaldia Tolosako Udalak, Ibarrako Udalak, Tolosaldea Garatzenek eta Tolosako Ingurumen Zentroak antolatu dute, eta Larreta esnekiak eta Intujai antzerki taldeak ere parte hartu dute.


Eskualdeko egitaraua

TOLOSA

Ekainak 6

14:00. Zerkausian Oriako hegaztien inguruko gida eta erakusketaren hasiera.

Ekainak 7 

Eskolako agenda 21eko eskualde mailako topaketak, kultur etxean eta Zerkausian.
09:30-09:45. Ongietorria.
09:45-10:00. Lan-taldeen aurkezpena, material banaketa eta kokapena.
10:00- 11:15. Taldeko lana.
11:15- 11:30. Egindako lanen aurkezpena
11:30-12:00. Hamaiketakoa .
12:00. Amaiera.

Ekainak 13 

19:00. Oriako hegaztien inguruko erakusketaren bisita komentatua eta gidaren banaketa, Zerkausian.

20:00. Hegaztien inguruko argazkilaritza tailerra, Xabier Mendarteren eskutik, Antxon Bandres bidaiariaren Txokoan.

ADUNA

Ekainak 6

16:00-19:00. Hegaztientzako jantokiak eraikitzeko Txoribox tailerra.

IBARRA

Ekainak 6

Uzturpe Ikastolako LH 6ko ikasleek Liztor Beltzak gure gizartean (nekazaritzan, erlezaintzan, ingurumenean) duen eraginaren azalpenak jasoko dituzte Asier Armendariz erlezainaren eskutik.

Ekainak 7

Konpostaren banaketa 10:00ak eta 12:00ak bitartean. Uzturpe Ikastolako ikasleen laguntzarekin, konposta gertutik ikusi eta interesa duten herritarren artean banatuko da.

Ekainak 10

Ingurumenaren Eguna Izaskunen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!