Aburuza eta Sarasola Gipuzkoako sei sagardotegi onenen artean

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 2a, 12:56

Bihar, 12:00etan, Donostiako Gastronomiazko Euskal Anaiartean egingo da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sagardo Lehiaketaren XVI. edizioaren finala. Aurten, Gipuzkoako hemezortzi udalerritako hogeita bederatzi sagardotegik eman dute izena, inoizko parte-hartzerik handiena.

Hogeita bederatzi sagardotegi horien artean zeuden Adunako Aburuza sagardotegia eta Asteasuko Sarasola eta sei onenen artean sailkatzea lortu dute.

Lehiaketa honek bi helburu nagusi ditu: ekoizpen prozesuan sagardogileak egin duen lanaren balioa nabarmentzea eta botilaratutako sagardoaren kalitatea saritzea, bai ikuspegi organoleptikotik bai analitikotik aztertuta.

Lehiaketako parte-hartzaileen sagardotegietako kupeletatik edo barriketatik hartu dira laginak eta horiek Zizurkilgo Fraisoroko laborategian aztertu dira. Aurtengo sagardoetan 15 parametro neurtu dira, baina analitika fasean lau bakarrik hartu dira kontuan: azidotasun lurrunkorra, azukrerik gabeko guztirako estraktu lehorra, metanola eta glukosa-fruktosa. Sagardotegi bakoitzak aukeratzen du zein upeletatik hartu behar den sagardoa eta bakoitzetik hamahiruna botila hartu ziren. Apirilean jaso ziren botila horietatik bina Aldundiko Fraisoro laborategira bidali ziren aztertzera. Etiketa berdinak jartzen zaizkie botila horiei dastatze fasean identifikatuak izan ez daitezen. Sailkapenerako dastatzeak maiatzean egin ziren Fraisoron, eta larunbateko finalerako sei sagardotegi hautatu ditu epaimahaiak, Aburuza eta Sarasolarekin batera, honako hauek: Astigarragako Etxeberria, Hernaniko Altzueta, Andoaingo Gaztañaga eta Astigarragako Gartziategi.

Bihar egingo den lehiaketaren finalean Gipuzkoako 2017ko sagardo onena zein den erabakiko da. Fraisoroko Dastagunean ikasi eta diplomadun diren dastatzaileek osatutako epaimahaiak aukeratuko du irabazlea.

Aurtengo lehiaketako sagardogile irabazleak 3.000 euro eta txapela eskuratuko ditu. Bigarren sailkatuak 1.500 euro, eta hirugarrenak, berriz, 1.000 euro. Lehen hiru irabazleek eskala ezberdinetara egina dagoen Donostiako Bidarte baserriko Garralea edo karreto barrika ezagunaren erreplika bat eskuratuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!