Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketako finala ikusteko 700 lagun inguru batu ziren larunbatean Azpeitiko Izarraitz frontoian, horietako asko Tolosaldeko bertsozaleak. Konplizitatea nabari zen oholtza gainean bertsotan aritu zirenen eta azpitik saioa jarraitu zutenen artean ere. Auzolanean antolatutako txapelketari jai giroan eman zitzaion amaiera eta nahiz eta txapela Karidadeko Bentak jantzi, guztien ahotan egon zen Harituz bertsozaleen elkargunea. Garaipen konpartitua izan zen larunbatekoa.
Tolosaldean bertsogintzak duen osasun onaren adierazle, maila oneko saio orekatua eskaini zuten taula gainetik aritu ziren sei bertsolariek: Am...ona! taldetik Beñat Iguaran, Ander Goikoetxea Andriu eta Oihana Iguaran; eta Karidadeko Bentatik Unai Mendizabal Mendi, Joseba Otaegi eta Haritz Mujika.
Hasierako agur puntuagarrietan Asteasu-Zizurkilgo taldeak ohikoa duen umorea ibili zuen, hainbat doinu bi eta hiru ahotsetara eskainiz. Galduingoue iragarri zuten saioaren hasiera hasieran eta baita asmatu ere. Ofizioetan, ordea, lanak eman zizkieten Am...ona! taldekoek. Zortziko txikian, umorez aritu ziren UnaiāMendizabal eta Beñat Iguaran. Azpeiti bertako erreferentziak erabili zituen zizurkildarrak eta kolpe politak bota zituen amasarrak. Gai serioago bati egin behar izan zioten aurre Haritz Mujikak eta Oihana Iguaranek, haurdun geratu nahi eta ezinean dabilen bikotearen paperetik. Ale ederrak utzi zituzten eta nahiz eta defendatzeko postura erosoena ez egokitu, ongi borobildu zuen ofizioa asteasuarrak.
Bakarka eta taldeka, eroso
Mujika izan zen larunbateko finalean gehien nabarmendu zen bertsolaria, bakarkako nahiz taldekako ariketetan. Bikainak izan ziren puntu erantzunak (bereziki, bigarrena eta hirugarrena) eta taldeka, atzekoei jarritako bertsoetan ateraldi originala erabili zuen asteasuarrak despedida baterako kontratatu duten bertsolariaren paperean: ni eramateko zuek hirurok / konforme jarri zerate / ta itxurai ondo erreparatuz / ez nik ez det jaten bate / egia esan ez da izango / presupuestuantzat kalte / baino hori bai ezkongaiantzat / arrisku latza nitzake.
Plazetan esperientzia gutxien duten bi bertsolariek jardun zuten txapelketa formatuan berria den ariketan, segidillan. Otaegi eta Goikoetxea dotore aritu ziren publiko artetik jendearekin jolasean, gozatuz eta gozaraziz. Amaieran jendeak eskertu zien egindako ahalegina, puntako bertsolarien maila eman baitute biek ala biek. Txapelketetan eskarmentu handiagoa duen Oihana Iguaranek egiten dakiena erakutsi zuen, batez ere, bakarkakoan. Denboran atzera jo eta gustura aldatuko zenuke egindako, baina beranduegi da gaiari erantzunez, hiru bertso eder josi zituen, azken-azken punturaino tentsioari eutsiz.
Ofizioka oreka mantendu zuten bi taldeek, bakarkako ariketetan, ordea, Karidadeko Bentakoak gora egin zuten eta taldekakoetan aurre hartu zuten, bereziki, kartzelakoan. Launa kopla kantatu behar izan zituzten egoera honi erantzunez: zuen haur txikiekin saioa ikustera etorri zarete, baina umeak negarrez hasi eta Izarraitz kanpoan zaudete erdizka zeozer entzunez. Asteasu-Zizurkilgoek umorea baliatu zuten ariketa horretan eta erremate polita eman zion, saio horretan ere, Mujikak: amonan partez, / ezin al genun umia sartu kartzelan.