Zizurkilek egin du aurrera

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 27a, 03:11
Zubeldia jokaldia egiten. Lasa, Etxeberria eta Olano adi.

Zizurkil izango da Hernaniren aurka jokatuko duena Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan, azken-laurdenetan, Altzo kanporatuta. Estua iragartzen zen kanporaketa, eta halaxe izan da. Hiruna egin dute joan-etorriko partidak kontuan hartuta, eta tanto gora-beheragatik sailkatu dira zizurkildarrak. Emozio handiko kanporaketa bizitu dute ostiral ilunabarrez Zizurkilgo frontoia bete dutenek.

Altzon, joanekoan, 2 eta 1 gailendu ziren altzotarrak. Zizurkilen, itzulikoan, 2 eta 1 irabazi dute zizurkildarrek. Bataz bestekoan, beraz, hiruna. Aldeko eta aurkako tantoek eman diete sailkapena zizurkildarrei. Emozioa izan du kanporaketak azkenera arte.

Kadeteek eman diete hasiera. Altzon ikusitakoak ikusita, askorentzat, partida honek zuen gakoa, oso partida berdindua ikusten baitzen aldez aurretik. Jubeniletan altzotarren alde eta nagusietan zizurkildarren alde erortzeko aukerak argiago ikusten ziren.

Gauzak honela, partida ikusgarria eskaini digute Lasa-Etxeberria zizurkildarrek eta Zubeldia-Olano altzotarrek. Altzon jokatu zenaren antzekotasun handia izan du. Hobeto heldu diote altzotarrek partidari eta zulo handia ireki dute markagailuan; bederatzi tantoko aldea izan dute, eta sei tantoko aldearekin hurbildu dira hogeitabira, azkenekoaren faltan. Azkenekora, 22ra, zizurkildarrak iritsi dira ordea, Lasaren partida amaiera ikusgarriari esker. Lau pilotariak aritu dira ondo ordubetez goiti luzatu den partidan. Azkenean, 22 eta 21, eta lehen tantoa zizurkildarrentzat.

Jubenil altzotarrek nozitu dute kolpea. Zubeldia eta Aizpitarte ziren faboritoak, baina 2-10 galtzen zihoazten ia ohartzerako: Arrate seguru atzean eta Alberdi ausart eta habil aurrean aisa hartu dute abantaila. Garaiz eman diote buelta aldarteari altzotarrek eta ia zuzenean joan dira bukaeraraino. 22 eta 12 irabazi dute. Hau irabazita, txiki-txikia izanik ere, altzotarrek bazuten bere aukera aurrera egiteko.

Labaka eta Arregi zizurkildarrak faborito garbiak ziren nagusietan, 22 eta 5 irabazi baitzuten Altzon. Azken hauen aukera bakarra sailkatzeko, partida irabaztea zen. Ezinezkoa zirudien. Baina Murua eta Mujika lanera atera dira, lotsa gabe, eta lortu dute zizurkildarrak estutzea. 15-15 markagailuan pilotakada on bat ezker horman gora joan zaio Muruari. Handik aurrera ez dute beste tantorik egitea lortu, baina uste baino lan handiagoa eman diete aurkariei.

Holaxe bukatu da Altzoren ibilia aurtengo Herriarteko Txapelketan. Biek merezi izan dute aurrera egitea, baina bakarrak egin ahal du eta Zizurkil izango da. Hernani izango dute aurkaria azken-laurdenetan, aurkari gogorra, oso gogorra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!