Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa

Baietz txapela Aiztondora etorri

Ataria 2017ko mai. 25a, 10:05

Eskualdeko bi talde ariko dira datorren larunbatean Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari txapelketaren finalean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 17:30ean

Aurrez aurre ariko dira, Am…ona! Amasa- Villabonako taldea eta Karidadeko Benta Asteasuko eta Zizurkilgo taldea. Saioren ostean, festarekin jarraitzeko, Sanagustin kulturgunean herri afaria egingo baita.

Haritz Mujika, Joseba Otaegi eta Unai Mendizabal Mendi Karidadeko Bentako bertsolariak dira. Beñat Iguaran, Amaia Agirre, Oihana Iguaran eta Ander Goikoetxea Andriu, berriz, Am…ona! taldekoak. Iñaki Otaegi (Am…ona!) eta Gurutze Oiarzabalek (Erniarraitz 1) egingo dituzte aurkezle lanak eta Igotz Alkorta (Karidadeko Benta) izango da saioan zehar gaiak emango dituena.

Saioa bost epailek baloratuko dute: Oihana Arangurenek (Erniarraitz 1), Jon Ormazabalek (Karidadeko Benta), Haritz Garinek (Am…ona!), Alazne Arrillagak (Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu) eta Unai Muniainek (Hitza ote hitza).

Larunbaterako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. Baita ondorengo lekuetan ere: Azpeitiko San Agustin Kulturgunean, Villabonako Amasa kafetegian, Zizurkilgo Iriarte tabernan eta Asteasuko Iturri-Ondo tabernan. Zizurkilgo Txepetxa gazte asanbladak autobusa antolatu du Azpeitira joateko eta beteta dago jada. 55 lagun joango dira finala ikustera eta afalostean itzuliko dira, berriz ere, Zizurkilera, goizeko 04:00ak aldera.

AMAIERA HERRIARTEKOARI

Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta bi bakarrik iritsi dira final handira.

Herriartekoarekin, Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua «bultzatu, indarberritu eta ikusarazi» nahi izan da. Parte hartzaile guztien txapelketa izan da hau antolatzaileen esanetan; «lehia baino gehiago, gozamena izan da ardatz».

1999ko abenduaren 19an Azpeitiko Izarraitz frontoian jokatu zen aurreko Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketako finala. Erniopeko Txomin Garmendia, Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu txapeldunorde geratu ziren eta Zarautz Jai Txiki taldeak irabazi zuen lehia. Julen Zulaika, Andoni Egaña eta Iñigo Manzisidor Mantxi zarauztarrak, ia 18 urte beranduago orduko finalari eta larunbat honetakoari begira jarri dira.

Aurtengoan ez bezala, igande goizean jokatu zen 1999ko finala eta behin txapela jantzita Añota sagardotegira joan ziren parte hartzaile guztiak bazkaltzera. Ospakizunek Zarautzen jarraitu zuten eta Zulaikak gogoan du nola egin zieten lehenengo harrera plazan: «Txapela berea balu bezala bizi izan zuen herriak». Artean, 18 urteak bete berriak zituen eta parte hartzaile gazteenetako bat izan zen Herriarteko txapelketa hartan.

«Lotsa puntu hori galtzeko balio izan zigun», aitortu du Manzisidorrek. Punta puntan zebiltzan bertsolariek hartu zuten parte Gipuzkoako Herriarteko txapelketa hartan. Joxe Agirre, Sebastian Lizaso, Anjel Larrañaga edota Txomin Garmendia bezalako bertsolariek eman zuten izena, Egañak gogoratzen duenez. «Txapelketa utzita zutenak ere animatu ziren» esan du, Jon Sarasuari erreferentzia eginez.

Zarautz Jai Txiki taldean egiten zituzten entrenamenduak hartu dituzte gogoan Manzisidorrek eta Zulaikak eta akordatzen dira Egañak «zenbat mimatu eta zaindu» zituen. Zulaikaren esanetan, «bere buruari irakasle titulua jarri gabe, Andonik umiltasunetik jakin zuen ekarpenak egiten». Aholku asko jaso zituzten eta ordurako Euskal Herriko bi txapel zituenaren ondoan kantatzea «ohorea» izan zen bi gazteentzako.

Zarauzko hiru bertsolariek Amaia Agirreren kasua nabarmendu dute. Bere ikasle izandakoekin ariko da larunbatean billabonatarra eta hori, Mantxiren esanetan, «bada zerbaiten seinale». Egañaren ustez, «Agirrek lan handia egin du eta bestetik asmatu du lan hori nola egin». Hirurek nabarmendu dute, hala ere, Tolosaldean Harituz taldeak azken urteetan egin duen lana eta horren ondoriotzat hartu dute Aiztondoko bi talde egotea finalean.

BERTSO MUGIMENDUA INDARTU

Zulaika azken urteetan Araban bizi da eta euskararen erabilera mugatua den eremuan bertsogintzan aritzeak dituen «zailtasunak» aipatu ditu. Horri aurre egiteko etengabekoak dituzte dinamika berriak, «bertsoarentzat inguru berri bat» sortu nahian. Antzekotasunak ikusten dizkio Gipuzkoan ospatzen den Herriartekoari: «Bertso mugimendua elikatu eta ekosistema indartzeko balio du». 1999an asmo horrekin eta funtzio hori bete zezakeela ikusita antolatu zutela aipatu du Egañak: «Txapelketa bai edo ez diskusioan erori gabe, oinarri zabalago bat landu beharra ikusten zelako antolatu genuen».

Aurtengoak ere horretarako balioko duela uste du Manzisidorrek eta txapelketaren bueltan 200 lagunetik gora mugitzea «ikaragarria da», bere esanetan. Kanpotik begiratuta, aldea nabaritu du, ordea, Zulaikak eta aurtengo Herriartekoa «herrikoiagoa» iruditu zaio duela 18 urtekoarekin alderatuta eta «astintze hori, behetik gora bultzatu dela gehiago». Ikusteko dago aurtengo taldekako txapelketan parte hartu duten gai jartzaile, epaile, aurkezle eta bertsolariek zein bide egiten duten. «Nik uste, izan nahi duenak, aukera handiak izaten dituela ibiltzeko. Bakoitzak jarri behar die neurria bere asmo horiei», esan du Egañak.

Utziko du arrastoa aurtengo taldekako txapelketak, Karidadeko Bentak nahiz Am...ona!-k irabazi. Manzisidorren arabera, egin beharreko lanek zer ikusi handia izango dute, «txispa eta umore berezia» baitu Asteasu-Zizurkilgo taldeak. Hortik probatutakoa da zarauztarra, aurten lehenengo fasean kanporatu baitzuen Karidadeko Bentak Ran Rober Ran, bera kide zen taldea. Ondotik oharra egin du Egañak, amonek «indar handia»izaten dutela esanaz.

EGIN BEHARREKO LANAK

Agurra. Taldeko agurra, gehienez bost minutukoa.

Ofizioa zortziko handian. Talde bakoitzeko kide banak, hiruna bertso.

Ofizioa zortziko txikian. Talde bakoitzeko kide banak, hiruna bertso.

Ofizioa sei puntuko motzean. Talde bakoitzeko kide banak, hiruna bertso.

Hiru puntu erantzun. Talde bakoitzeko kide batek.

Bakarka. Talde bakoitzeko kide batek hiru bertso gaia emanda.

Segillan. Librean minutu bateko hiruna txanda, talde bakoitzeko batek.

Elkarri. Talde bakoitzari beste taldekoei kantatzeko gaia jarriko zaie, beste taldekoek erantzun egin beharko dute. Ondoren alderantziz.

Kartzelako lana. Taldean egoera bat proposatuta koplatan, 4na kopla osatu arte.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!