Nekazal kultura eskoletan erne dadin, hazi erakusketa

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 24a, 18:30

Hamar ikastetxek hartu dute parte egitasmoan eta hazi ezkutuen bila aritu eta banku txikiak edo «aterpeak» osatu dituzte orain arte.

Landa guneak bizi dituen arazoen inguruan hausnartzerako garaian ikastetxeek betebehar garrantzitsua dutela iritzita Nekazal Kultura Eskoletara proiektua jarri dute martxan. Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteek (Landaola), Eusko Jaurlaritzako Ingurugelek eta Donostiako Cristina Enea Fundazioak sustatu dute elkarlanean. Nekazaritzaren eta elikaduraren inguruan sortutako topaketa eta lan komunerako espazioa da eta parte hartu nahi duten Gipuzkoako ikastetxe guztietara dago irekia.

Bi jarduera abiarazi dituzte 2016-2017 ikasturtean eta gaur egun 10 ikastetxek hartzen dute parte. Nekazal Kultura Eskoletara ekimeneko arduradunek epe luzera jarri duten helburua izan da ikastetxe ezberdinen arteko sare bat sortzea, «esperientziak partekatzeko, indarrak batzeko eta ikastetxe ezberdinetan egingo diren ekimenak aberasteko». Horrela adierazi du Marc Badal, egitasmoaren koordinatzaileak: «Landaguneari bizkarra eman dion gizarte batean bizi gara. Hiritartutako eremuan bizi da gehiengoa, landa eremutik eta nekazaritzaren presentziatik urrun. Bestalde, egungo elikadura sistemaren ehunduran, lurraldearen eta gure elikadura ohituren artean haustura dago, landa eremua apaintze erabileretara mugatu delarik (paisaia, aisiarako eremu, deskantsua...), non nekazaritzak eta abeltzaintzak garai batean izandako garrantzia ekonomikoa eta kulturala galdu duten».

Horregatik guztiagatik beharrezkotzat ikusten dute begirada landa gunera bideratzea eta azken hamarkadetan abian jarritako tokiko garapen ereduari erreparatzea. Egitasmoren koordinatzailearen ustez, «erronka konplexu eta zaila da eta ardura hori ezin da, soilik, nekazarien eskuetan utzi, guztioi baitagokigu gure lurraldearen oraina eta etorkizuna». Ardurari heltzeko asmoz, egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetan jarduera ezberdinak gauzatu dituzte 2016-2017 ikasturtean.

Hazi ezkutuen bila

Lagun, bizilagun eta familiakoen baratzeetan ezkutuan dauden haziak bilatzen aritu dira ikasleak azken hilabeteetan. «Informatzaileek» emandako esperientziei esker, ikasleriak hazien mundura gerturatzeko aukera izan du, «gure lurraldean oraindik ere erabiltzen diren hazi barietateak ezagutuz eta tokiko hazien egungo egoeraren inguruan hausnartuz».

Jarduera honen bidez egitasmoan parte hartu duten 10 ikastetxeetako ikasleen lanari esker, ehunetik gora haziren laginak bildu dituzte, eta horietatik guztietatik 70 barietate inguru, oraindik ere Tolosaldeko eta Goierriko baratzeetan erabiltzen dituzte nekazariek, «duela hainbat eta hainbat urteetatik».

Hazien aterpea

Nekazal Kultura Eskoletara egitasmoan parte hartu eta baratzea duten ikastetxeekin hazien banku txikiak sustatu nahi dituzte aurrerantzean. «Inguruko baratzeetan aurkitutako haziekin, ikastetxeko baratzean bertan ekoiztutakoekin edo beste bide batzuetatik lortutakoekin» ikastetxeetako hazi bilduma hazten joango da urtez urte.

Antolatzaileen esanetan eskoletako baratzeen izaera hezitzailea kontuan hartuta, bertako tokiko barietateak sartzeak, eta hazi horien ugalketa sustatzeak ikasgelarako zein baratzerako osagarri diren ekintzak garatzeko aukerak zabaltzen ditu. Horien artean aipatu dituzte: hazien karakterizazioak, errezetak, dastatzeak edota barazkien erakusketak.

Bide batez, eskola mailako hazi sarea sortu nahi lukete egitasmoaren koordinatzaileek, epe ertainean. Hazien Aterpeak deitu diete Gipuzkoako ikastetxe ezberdinetan sortu diren hazi bankuei. Bide batez, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean dagoen Haziera hazien artxiboan, ikastetxe ezberdinen hazi aterpeetako hazi horien kopiak gordeko lirateke. Ikasturte honetan bertan, 10 ikastetxe dabiltza beren aterpea sortzeko lanean.

Erakusketa ibiltaria

Aipatutako bi jardunen osagarri gisa eta «zubi lanak» egiteko, erakusketa ibiltaria dabil egunotan egitasmoan parte hartu duten ikastetxeetan barrena. Hazi ezkutuen bila dinamikan jasotako informazio eta hazi guztiekin antolatu dute erakusketa, «horrela ikastetxe guztiek gainontzekoen lana ezagutu ahal izango dute eta proiektu komun baten parte izango dira».

Joan den udazkenean aurkitu ziren haziez gain, erakusketak beste zenbait elementu didaktiko eta etorkizunerako hazien banku antolaketarako materialak barneratzen ditu. Erakusketa ibiltaria aurtengo ikasturteko azken hiruhilekoan eta datorren ikasturteko lehen hiruhilekoan egongo da ikusgai. Lehen geldialdia Zizurkilgo San Millan eskola txikian egin du eta aste honetan ikusgai izango da Tolosako Herrikide ikastetxean.

EGUTEGIA

MAIATZAK 22 - 26
Tolosa. Herrikide ikastetxea.

MAIATZAK 29 - EKAINAK 2
Tolosa. Samaniego ikastetxea.

EKAINAK 5 - 6
Anoeta. Anoetako ikastola.

EKAINAK 12 - 16
Lizartza. Lizartzako ikastetxea.

IRAILAK 18 - 22
Altzo. Imaz Bertsolaria ikastetxea.

URRIAK 9 - 13
Albiztur. Herriko ikastetxea.

URRIAK 16 - 20
Amezketa. Zumadi eskola.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!