Inflexio urtea izan zen, 2016a, Tolosaldea Osasun Publikoa (TOPA) koordinakundearentzat: amaitzear zen Asuncion klinikaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren arteko hitzarmena, eta TOPAk aurreko bost urteetako aldarrikapenei zentzurik handiena ikusi zien, Tolosalderako klinika erabat publiko bat lortze bidean. Hitzarmena, ordea, berritu egin zuten; TOPAk sokari tiraka jarraitu beharko du.
Joan den apirilean eskainitako agerraldian, koordinakundea haserre azaldu zen, hitzarmena berritu zutelako, eta beren eskaerei «entzungor» egin zietelako. Horrela, beraz, herritarrak aktibatzeko lanean jarraituko dute.
Joan den maiatzaren 13an informazio batzarra eskaini zuen TOPAk, eta bertan itxaropentsu azaldu ziren koordinakundeko kideak, Javi Arana ordezkariak azaldu zuenez: «Hitzarmena, berez, ez da bost urterako sinatzen. Hasieran, hilabete eta erdirako sinatzen da, luzatzeko aukerarekin. Urteroko luzapena zehaztu beharra dago, eta gehienez ere bost urteko epean luza daiteke akordioa. Beraz, urtero dago aukera hitzarmena ez sinatzeko».
Izan ere, TOPAk orain arteko aldarri berekin jarraituko du, «osasun zerbitzua baldintza beretan» dagoelako: «Gainerako eskualdeekin alderatuta okerrago gaude, eta arreta bera jasotzeko eskubidea dugu».
Baieztapenaren erakusle, Aranak zenbait adibide ere eskaini zituen hilaren 13an: «Bost urteotan, Lurraldeko Osasun Zuzendaritzan 1.500 kexa aurkeztu dituzte eskualdeko herritarrek. Eta, azpiegiturei begira, Bidasoa ospitaleak 1.300 metro karratu dituen bitartean, Asuncionek 300 metro karratu ditu».
Hori mahai gainean jarrita, beren kezka kolektibo bilakatzea da, orain, TOPAren erronkarik handiena: «Jendeak nahi du, gaixo daudenean, arreta ematea; askori ez zaie axola medikua benetan espezialista den edo ez, eta beste askok ez dituzte beren eskubideak ezagutzen. Jendea kalera irteten ez bada, batzuk osasunetik etekin ekonomikoak eskuratzen jarraituko dute».
Tolosaldeko osasun zerbitzuaren afera, denboran barrena
1994. urtea. Asuncion klinikaren porrota eta Inviza S.A.-ren sorrera, Jesus Gomez Montoyaren eskutik. Invizak 4 milioi euroko zorra ordaindu beharra zuen, urtez urte irabazietatik zati handiagoa horretara bideratuz.
2001. urtea. Asuncionen, zorra 4.019.530 eurokoa zen.
2011ko otsaila. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundea sortu zuten, auzi horren inguruko kezkak herritarrei azaltzeko.
2011ko ekainaren 1a. Asuncion klinika handitzeko obrak geratzea eskatu zuen TOPAk, «diru publikoa esku pribatuetara zihoalako».
2011ko ekainaren 6a. Jokin Bildarratz jarduneko alkate zela, klinikako obrak egiteko baimena sinatu zuen, kargua utzi baino bi egun lehenago, alkate dekretuz. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergari zegozkion 231.651 euroak hobari gisa eman zizkion klinikari. Horren aurrean, hiru herritarrek errekurtsoa aurkeztu zuten udalean.
2011ko azaroa. Asuncionek hitzarmena berritu zuen Osasun sailarekin. Espezialitate batzuk anbulatoriotik kendu zituzten, eta Donostia Ospitalera jotzeko aukera kendu zieten, Tolosaldeko herritarrei.
2012ko urtarrila. Tolosako Udalak baliogabetu egin zuen Jokin Bildarratzek Asuncioni emandako obra lizentzia, 2011/1125 zenbakidun dekretua erabat deuseztatutzat jotzeko.
2013ko maiatza. Inviza S.A.-k soldaten jaitsiera baten berri eman zion Asuncioneko enpresa batzordeari, argudiatuz, Eusko Jaurlaritzak hitzarmenean diru laguntza txikiagoa emango ziela aurrerantzean. Enpresa batzordea negoziazioetan hasi zen enpresaburuekin, baina Inviza S.A.-k uko egin zion 2013ko datu ekonomikoak emateari. Langileek salaketa jarri zioten Invizari.
2013ko urria. Epaileak arrazoia eman zien langileei, haien baldintzak lehengora itzultzeko eskatuz. Era berean, epaileak onartu zuen Gomez Montoyak enpresa sare bat duela, «irabazirik ez aitortzeko».
2013ko azaroa. Eusko Legebiltzarreko osasun eta kontsumo batzordean agerraldia egin zuen
TOPAk, koordinakundearen kezka eta eskaerak plazaratuz.
2014ko urtarrila. Tolosako EAJk agerraldia egin zuen, Osakidetzaren eta Asuncionen arteko hitzarmena babestuz, eta «demagogiarik ez egitea» eskatuz.
2014ko otsaila. 42 eragilek babestu zuten, Tolosaldean osasun publikoa eskatzeko manifestazioa. Aldi berean, Jon Darpon Osasun sailburuak Asuncion klinika bisitatu zuen, salatzeko, «klinikaren izen ona zikintzen» ari zirela.
2014ko martxoa. Lehen aldiz, TOPAk Tolosaldeko Osasun Mahaia osatzea eskatu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
2014ko apirila. EH Bilduren eta PPren botoekin, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu zuten, urtebeteko epean Asuncion publiko egiteko eskaera.
2014ko uztaila. Asuncion klinikako langileen hitzarmena ez aurrera ez atzera zegoela salatu zuten. ELAko eta LABeko enpresa batzordea agertu zen prentsaurrean, zuzendaritzak lan erreforma berria txertatu nahi zuela azalduz.
2015eko urtarrila. OSI sistema integratua ezarri zuten, eta eskualdeko zenbait alkateren arabera, «klinika pribatizatzeko lehen pausoa» izan zen hura.
2015eko maiatza. Eskualdeko zenbait alkatek agerraldia egin zuten Legebiltzarreko osasun batzordean, afera salatzeko.
2015eko urria. Lehen aldiz, osasun langileek publikotasuna aldarrikatu zuten, eta TOPAk sektorez sektoreko mobilizazioei ekin zien, 2016an hitzarmena ez berritzeko helburuz.
2016eko azaroa. Hitzarmena bukatzear zela, TOPAk «erabakigarritzat» jo zuen momentua, herritarrak aktibatu nahian.
2017eko otsaila. Jaurlaritzak Tolosaldeko osasun arreta ebaluatzeko eskaera onartu zuten Legebiltzarreko osasun batzordean.
2017ko apirila. Asuncionek eta Osasun sailak hitzarmena «isilean eta eskaerei entzungor eginda» berritu dutela salatu zuen TOPAk.