Guztia prest da Tolosan larunbatean euskararen aldeko lipdub erraldoia hartzeko. Arnastu euskara izenburupean Galtzaundi euskara taldeak bultzatutako ekimena da, eta izen bereko abestiak dioen moduan, euskarari indar ufada eman eta indar horren erakustaldia egitea du helburu.
Antolaketari dagokionean ia guztia prest dagoen arren, Imanol Artola Galtzaundiko kideak azaldu moduan, «asko izango du ekialdiak inprobisaziotik». Izan ere, lipdub-ean parte hartuko duten talde, elkarte, eta eragileek, bakoitzak prestatu edo pentsatuta moduan egingo dute. Parte hartzaile bakoitzak Alde Zaharrean zehar burutuko den ibilbidean leku bat zehaztua du, eta bertan egon beharko dute eguerdirako. Hala, 12:30ean egingo den lehendabiziko proban Letxuga kaletik hasi eta, Errementari kalea, Leitza kalea, Berdura plaza, Kale Nagusia eta Agintari kalea zeharkatuz, Plaza Zaharrean amaituko den bidea egingo dute. Behin proba gaindituta, benetakoa etorriko da, eta ekimeneko parte hartzaile guztiak Plaza Zaharrean elkartuz borobilduko da ekimen erraldoia. Galtzaundiko kideak herritar orori luzatu dio gonbita parte hartzera, bai ibilbidean zehar, bai eta Plaza Zaharrera gerturatuz: «Festa honetan herritar guztiek dute lekua, ondo pasatzea da asmoa, eta guztiok dugu euskararen alde gure aletxoa uzteko aukera».