Irazu, Otaegi eta Mujika pasa dira finalera

Asier Imaz 2017ko maiatzaren 23a

Ezker eskuin sei finalistak: Irazu, Mujika, Zaldua, Paulo antolatzailea, Otaegi, Otaño eta Txapartegi. TOLOSALDEKO ATARIA

Gipuzkoako bigarren mailako aizkolarien txapelketaren finala uztailaren 2an jokatuko da, Usurbilen, 11:30ean.

Asentzioko Feria ospatu zen igandean Aian. Egitarauaren barruan, azoka eta erromeriaren tartean, Gipuzkoako 2. mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatu zen. Hamaika aizkolari aritu ziren finalerako sei txartelen lehian. Horietatik bost Tolosaldekoak ziren, eta hiruk lortu zuten aurrera egitea: Jon Irazuk, Joseba Otaegik eta Jexuxmari Mujikak. Finala uztailaren 2an jokatuko da, 11:30ean, Usurbilen. Hor irabazle geratzen denak, txapela irabazteaz gain, hurrengo urtean Gipuzkoako lehen mailako txapelketa jokatuko du. 

Aizkolari bakoitzak lau enbor ebaki behar zituen igandean. 54 ontzako bi eta 60 ontzako beste bi. Lanak egiten azkarrena Xabier Zaldua izan zen, 9.54,41-eko denborarekin. Bigarrena Jon Irazu zizurkildarra izan zen, bost segundora, eta 10 minututik jaitsiz. Hirugarrena, Joseba Otaegi, 10.12,89-an geratuz erlojua. Zizurkildarraren anaia, Unai Otaegi, lehian izan zen, baina ez zuen sei onenen artean sailkatzerik lortu. Lanak amaitzen laugarrena Luis Mari Txapartegi izan zen, 10.20, 21-eko denborarekin. Bosgarrena, Jexuxmari Mujika ibartarra, Txapartegiren denbora berean, baina 14 ehuneneko gehiagorekin. Seigarrena, eta finalerako sailkatzen azkena, Eneko Otaño izan zen, 10,21-eko denborarekin. Azken hiru aizkolariak, beraz, segundo bakarraren barruan ibili ziren.

Unai Otaegirekin batera, finaletik kanpo geratu zen eskualdeko beste ordezkaria Jokin Alkizalete asteasuarra izan zen. Aian egon ziren eta aurrera egin ez duten beste aizkolariak ondorengoa dira: Julen Aranberri Elorriaga II.a, Aratz Mugerza eta Aitor Urteaga.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!