«Guztion energiarekin euskara dagokion lekura eramango dugu»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 18a, 20:03

Euskararekin jolas eginez, Euskal Tonbolan lortzen den diruarekin euskara sustatzeko ekimenak bultzatzen dituzte.

Hilabete geratzen da oraindik Euskal Tonbolan parte hartuz sari ikaragarriak lortzeko. Euskarari bultzada ematera animatu nahi ditu herritarrak, Mikel Aznar Kontseiluko kideak.

Zer da Euskal Tonbola?

Euskal Tonbola duela 13 urte Kontseiluak sortutako egitasmoa da. Jaio zenetik makina bat saltokietatik pasatu dena. Horiek guztietan, aurtengoak barne, zirraragarria eta dibertigarria izan nahi duen joko honen eskutik, euskarari ezinbestekoa duen laguntza emateaz gain, milaka eta milaka sari banatzen ari dena… Tolosaldean, Euskal Tonbola martxan jarri zenetik, beti egon gara presente.

Hortaz, Euskal Tonbolak euskara bultzatzea du xede.

Bereziki Euskal Tonbola, funtsean, hori da, euskararen aldeko egitasmo bat. Sortzen dituen etekin guztiak euskararen normalizazioaren aldeko jardueretan inbertitzen dira, esate baterako: Euskaraz bizi nahi dut! ildoaren aterkipean garatzen diren dinamiketan, Protokoloan (tokian tokiko normalizazioak xede, hizkuntza gutxituek nazioartean eta hemen elkarlanean garatzen ari garen jarduera horretan), hizkuntza politiketan baikorki eragiteko egiten dugun lanean, hizkuntza eskubideen urraketari aurre egiteko lantzen ditugun dinamiketan, Behatokiak abian jarritako akuilu aplikazioan, kontsumo euskalduna sustatzeko Baduzu egitasmoan, hainbat arlotan euskararen alde eragile ezberdinekin batera sustatzen ditugun elkarlanetan (hezkuntzan, osasungintzan, lan munduan…) ... Tolosaldea, bide horretan ekarpen garrantzitsua eta polita egiten ari da.

Zer nolako ezaugarriak ditu?

Euskal Tonbola euskararen aldeko joko bat da. Dibertigarria, zirraragarria, emozioak dantzan jartzen dituena. Saltokiak eta gure arteko elkarlana sustatzen ditu. Sari pilo bat banatzen ditu. Giro atsegin bat bilatzen du, are gehiago, parte hartzaileei une ahaztezinak ere uzten dizkie… Ezaugarriok, urteotan, Tolosaldeko jende pilo batekin bat egin dute! Hasieratik, konexio oso ona eman da Tolosaldea eta Euskal Tonbolaren artean.

Nola funtzionatzen du?

Boleto bakoitzak euro bat balio du. Jokoa, hazkatze sisteman oinarrituta dago, raspa bat da (saria bai/ez egoera hori argitu bitarte doazen segundo horiek emozioz betetzeko!). Sari zuzenak eta bereziak banatzen ditu. Horrezaz gain, zozketa bereziak, bizi-bizi on line jokoa, deskontuak eta abar daude. Euskal Herri osoan gaude, baina txanda ezberdinetan. Tolosaldean, zehazki, apirilaren 18tik.

Sari ezberdinak daude beraz.

Bai. Sari seguruak saltokian bertan daudenak dira. Sari bereziak, aldiz, 5 saltoki bakoitzeko, saltoki batean daudenak dira. Eta azkenik, azken ostiraletako zozketa berezien bidez eta bizi-bizi on line jokoaren bidez lortu daitezkeen sariak daude. Sari seguruetan, smartwatch-ak, proiektoreak, fitness eskumuturrekoak, sport bideo-kamerak eta abar daude. Berezietan, ordea, besteak beste, Twizy ibilgailu elektrikoak, urtebeterako erosketa saskiak, Scooter motorrak, bidaiak, aurtengo bertso finalerako sarrerak, Argiñanon otorduak, Playstation 4ak…

Jendeak sari nagusiak ez direla egokitzen uste du.

Horiek pertzepzioak dira. Urtero, makina bat sari garrantzitsu banatzen ditugu, izen-abizenak dituztenak. Adibidez, Abaltzisketako Herri Ostatuan, duela 2 urte Jonathan Valdibiesori, Megasaria zozketa egokitu zitzaion eta horri esker, Euskal Tonbola-ko sari guzti-guztiak irabazi zituen! Saltokietan dauden sari guztiak gehi sari berezi guztiak! Horrez gain, Tolosaldean, Argiñanon otorduak, Atxaspi Hotelean egonaldiak, GPS-ak, erosketa saskiak, argazki-kamerak, sport bideokamerak, labe-digitalak, dvd eramangarriak, grill-pizzak, sukalderako robotak, urdaiazpikoak,... egokitu dira.

Euskal Tonbola beti izan da horrelakoa?

Ez. Urtero eskaintza hobetzeko ahaleginak egiten ditugu, eta www.euskaltonbola.eus webgunean ikus daitezke. Azken ostiraletako zozketa berezia: euskaraz+bizi+nahi+dut 4 boletoekin, esaldia osatu eta norberaren datu pertsonalekin batera, guri helarazi behar zaigu. Azken ostiraletan zozketa egingo da. Irabazleak, iPhone 7, Samsung-S8, kruzero bat, 800 euroko erosketa saski bat eta Thermomix TM5 sukaldeko robota baten artean bat hautatu eta irabaziko du. Baita irabazlearen saltokiak ere. Bizi-bizi on line jokoa: denetariko 17 galderei erantzun zuzena ahalik eta eperik laburrenean ematea bilatzen duen joko dibertigarria da. Ikasiz eta jatorki lehiatuz, dibertsioa sustatzen du (www.bizibizi.eus). Deskontuak, berriz, bertako produktu eta zerbitzuetan makina bat deskontuez gozatzeko aukera ematen duten sariak dira.

Azkenik zer ideia azpimarratu nahi duzue?

Euskal Tonbolarekin, emozioen eta dibertsioaren eskutik euskarari ezinbestekoa duen laguntza ematen diogula eta ekarpen horiek guztiak, denetariko sariekin saritzen ditugula. Tolosaldea, historikoki, Euskal Tonbolarentzat plaza ona izan da. Errealitate honek Tolosaldeak euskararen alde duen jarrera argia erakusten du baita Tolosaldeko herritarren aldetik ongi pasatzeko eta sariak irabazteko dagoen grina ere. Guztion energiarekin euskara dagokion lekura eramango dugulako, Tolosaldeko jendea Euskal Tonbolan parte hartzera animatzen dugu eta bidenabar, milesker bihotz-bihotzez egitasmo hau egingarri egiten duzuen Tolosaldeko pertsona guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!