«Ez naiz ari kirol hau bere osotasunean gozatzen»

Asier Imaz 2017ko mai. 17a, 10:55
Naiara Madrid eta Mikel Alvarez bizkaitarrak, Danok Danenako taldeko pultsulariak dira. PEDRO MIGEL ALONSO GARCIA 'PEPO'

Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ondoren, Espainikoetan podium-ean sartzen saiatuko da Danok Danenako pultsularia

Esker oneko hitz ugari ditu Mikel Alvarezek (1986, Barakaldo). Danok Danena Halterofilia taldea eta Kirolgi eskertuen artean daude. Kirola egiten jarraitzeko beharrezko motibozioa dira Alvarezentzat.

Bizkaitar bat Zizurkil-Villabonako taldean. Nolatan etorri zinen Danok Danenara?

Urte hauetan guztietan gertutik jarraitu dut taldea, euren jarrera, entrenatzailea eta taldekideak. Horrek guztiak beraiekin elkartzerako unean asko motibatu nau. Diru laguntzen kontua ere hor dago. Espainian domina batzuk irabazi ditugu, eta Kirolgik laguntzak ematen ditu horregatik. Gipuzkoan, beraz, Bizkaian baino errazagoa da laguntzak jasotzea, eta hori eskertzekoa da.

Batis Kortajarena entrenatzailea, iman moduko bat da.

(Barreak) Bai. Horrela da. Harrapatu egiten zaitu.

Zer dauka?

Halterofilia izugarri maitatzen duela, eta maitasun hori transmititzeko izugarrizko gaitasuna dauka. Bizi erdia kirol hau egiten pasatu dut, eta horrelako jendea ondoan izatea benetan eskertzekoa da. Batisek egiten duena sentimenduz beterik egiten du, eta hori iritsi egiten zaizu; gehiago sentitzen duzu. Behin bere ondoan zaudenean, ez duzu beste inora joan nahi izaten. Jarraitu egiten duzu, gozatu egiten duzulako.

Bizkaitik hona etorri izanaz ez zara damutzen, beraz.

Ez. Badakit jende bat minduta dagoela nirekin, erabaki hori hartu izanagatik, baina azkenean, bizitza honetan bakoitzak bereari begiratu behar dio. Hobeto tratatzen banaute, eta gainera ekonomikoki ere laguntzen baldin banaute, nik ez daukat inongo arazorik.

Barakaldon bizi zara. Entrenamenduak ere bertan egiten dituzu. Nola moldatzen zara?

Villabonara derrigorrez liga jokatzen denean joaten naiz. Horrez gain, urtaro desberdinetako txapelketetara ere azaltzen gara. Entrenamenduak, aldiz, hemen egiten ditugu. Pluralean hitz egiten dut nire neskalaguna [Naiara Madrid] ere nire egoera berean dagoelako. Biok gera Danenakoak, nahiz eta Barakaldon bizi. Hemengo kiroldegian, halterofilian hasi nintzen klubean, Batisek jarritako entrenamenduak jarraitzen ditugu.

77 kilotan lehiatzen zara.

Une honetan bai, eta gustura nago, gainera. Nahi dudana jaten dut.

Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, pisu horretan eta pisu guztiak kontuan hartuta egiten diren sailkapenetan irabazi dituzu.

Zortez edo desgraziaz hemen ez dut arazorik izaten irabazteko. Arazoak orain etorriko dira.

Espainiako txapelketan.

Lehenengo postua ia ezinezkoa da. Podium-ean egoten saiatuko naiz.

Lehen hiruren artean sartzea da, beraz, zure helburua.

Bai, baina belauna pixka bat ukituta daukat. Lanetik atera fisiora joaten naiz, hilabete bakarrik falta da eta ongi zaindu nahi dut. Helburu hori lortzea oso garesti egongo da, eta ahalik eta hobekien joan nahi dut.

Halterofilian, gainera, belauna oso garrantzitsua da.

Belaunekin, eskumuturrekin, ukondoekin eta besaburuekin kontuz ibili behar izaten dugu. 30 urte ditut, eta orain artekoarekin ez naiz kexatzen, ea hemendik aurrera ere ez ditudan arazo gehiegi izaten.

Norbanakoen sailkapenean aurrean ibiltzen zara, baina taldeka ere Danok Danena izugarria egiten ari da.

Harrigarria da, bai. Urte hasieran jendea ez duzu agian oso motibatuta ikusten, baina gero, azaroa iristen da, Espainiako elkarteen arteko txapelketa, eta taldeak erakusten duena izugarria izaten da.

Egunero beraiekin ez egoteak, aukera hori ere emango dizu: beraien jauziak ikustekoa.

Bai. Entrenamenduetan gogor dabilenaren gorakada nabarmena izaten da. Alderantziz, lanarekin arazoak dituenari ere nabaritzen zaio. Guztiak animatu behar dira, entrenamendu luzeak izan arren, azaroa azkar iristen delako. Ea zortea dagoen talde osoarentzat.

Hilabetera Espainiako txapelketa. Ondoren?

Kirol guztietan garrantzitsuena dena: atsedenaldia. Ondoren, lehen esan bezala, Espainiako taldekako txapelketa, azaroan.

Pultsulariei begira jartzean gorputzaren garrantzia segidan nabarmentzen da. Baina kirol guztietan, buruak ere zeresan handia izaten du.

14 urterekin Madrilera joan nintzen, errendimendu handiko Blume zentrora. Lau urte pasa nituen bertan. Gurasoengandik urrun, gaztetxoa, arinkeria ugari buruan… eta zentroan lanketa hori ez zen egiten. Gero ikasi dut, urteekin eta distantziatik begiratuta, buruak duen garrantzia. Nire ustez, burua %50 baino gehiago da halterofilian.

30 urterekin, esan al daiteke, kirol honetaz gozatzen ari zarela bere osotasunean.

Ez. Ez naiz ari gozatzen kirol honetaz bere osotasunean.

Zergatik?

Batetik, nahiz eta bolada kontuak izan, belaunaren osasunak pixka bat animikoki eragin egiten didalako. Bestetik, neska eta biok etxe bat erostekotan gabiltza orain. Burua Espainiako txapelketan eduki nahiko nuke, baina kontu horiekin ez da erraza. Bankura joan behar duzun astea adibidez ez da erraza izaten, eta entrenamenduetan ere eragina izaten du. Eta azkenik, hasieran esan dudan bezala, lehengo halterofilia taldeko batzuk minduta daude nirekin, gauden lekuan gaudelako, eta horrek ere badu bere eragina, kontuan hartu gure entrenamenduak eurek egiten dituzten lekuan egiten ditugula.

 

EUSKADIKO TXAPELKETA

Emakumeak

53 kilotan

1. Naiara Madrid 2. Aynabel Davila

58 kilotan

2. Laura Plaza

63 kilotan

1. Susana Davila

69 kilotan

1. Nalu Herranz

69 kilotan

1. Nalu Herranz

1. Goretti Amonarriz

Banakako sailkapen orokorra

1. Susana Davila

3. Naiara Madrid

Taldekako sailkapena

1. Gipuzkoa

2. Bizkaia

3. Araba

Gizonak

62 kilotan

1. Ekaitz Kortajarena 69 kilotan

1. Igor Sasiain

2. Xabier Amonarriz

77 kilotan

1. Mikel Alvarez

85 kilotan

1. Jon Ander Iriarte

2. Alejandro Tomas

94 kilotan

3. Gorka Endjilo

Banakako sailkapen orokorra

1. Mikel Alvarez

2. Igor Sasiain

3. Ekaitz Kortajarena

Taldekako sailkapena

1. Gipuzkoa

2. Bizkaia

3. Araba

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!